Tortura eta konponbidea

Xabier Makazaga - Torturan aditua eta iheslari ohia

2015eko otsailak 13
Euskal Herrian tortura beti egon izan da oso estu lotua kartzela eta erbestearekin. Torturaren eraginez, milaka izan baitira erbestea zein kartzela sufritu duten herritarrak. Eta ehunka batzuek oraindik ere sufritzen dituzte, torturaz kutsaturiko auzi judizialetan kondenatuak izan direlako, edo izateko arriskuak hor darraielako.

Horregatik, konponbide garaian gauden honetan, behar-beharrezkoa da injustizia hori lehenbailehen konpontzen hastea. Eta horretarako oso neurri egokia litzateke, hasteko, guztiz baliogabetzea torturaz nola edo hala kutsaturiko prozedura judizial oro.

Ene kasuan ere, 1981ean erbesteratu behar izan nuenean, torturaren ikaragatik izan zen. Banekielako zer gerta zitekeen torturatzen baninduten. Seguruenik, kantatzera behartuko nindutela, eta horren ondorioz, jende gehiago atxilotu, torturatu eta espetxeratuko zutela.

Erbesteko bidea hartzea zaila izan da beti, baina are zailagoa torturaren ikaran bizitzea. Bereziki, maite ditugun pertsonak kantatzeko arriskua ikusten dugunean. Milaka izan dira dilema gaizto horri aurre egin behar izan dioten euskal herritarrak. Batetik, torturaren ikara. Bestetik, erbestearen aukera gogorra zeina, urteak aurrera egin ahala, are gogorrago bihurtu zen.

Gainera, erbestea ez da beti guztiz eraginkorra izan torturari ihes egiteko orduan. Horren erakusle dira espainiar torturatzaileen atzaparretan jarritako ehunka euskal iheslari. Eta baita frantziar agintariek hainbat herrialdetara deportaturikoak ere. Urte luzez bizi behar izan baitute beldurraren beldurrez, une oro torturatzaileek haiek galdekatzera hel zitezkeelakoan. Bazuten, bai, horretarako arrazoirik, Ekuadorren deportaturiko pare bat iheslari infernurik gordinenera eraman baitzituzten 1986an Espainiatik heldutako dozena bat torturatzailek.

Hori bai, euskal iheslarioi hamarkadetan izu handiena eman diguna Joxean Lasa eta Joxi Zabalari gertatu zitzaiena gertatzea izan da. Bi tolosarrak Baionan bahitu zituzten 1983ko urriaren 16an, eta La Cumbre izeneko Donostiako eraikin ofizialera eraman luzaz torturatzera. Ondoren, Intxaurrondoko guardia zibilek, Galindo buru, erail egin zituzten eta kare bizian lurperatu betirako desagerrarazteko asmoz.

Zalantzarik ez oso antzeko zerbait gertatu zitzaiela beste bi iheslariri 1976 eta 1980an. Lehen desagertua Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur izan zen, eta bigarrena José Miguel Etxeberria Naparra. Lasa eta Zabalaren senideek berreskuratu ahal izan zituzten behintzat haien gorpuak desagertu eta hamaika urtera. Pertur eta Naparrarenak ez dute oraingoz izan, zoritxarrez, ezta kontsolamendu hori ere.

Lau bahiketa haiez gain, garai hartan beste hainbat saiakera ere izan zen eta patu ikaragarri hura izateko psikosiak oso sakon astindu gintuen iheslariok. Orduan jasaten genituen gerra zikineko atentatu batean bizia galtzeko arriskua ez zen ezertxo ere horrekin alderatuta.

Pertur, Naparra, Lasa eta Zabala bezala bukatzeko arriskuak izugarri markatu gintuen, eta horixe izan zen gure amesgaiztoen iturri nagusia. Lau lagun haiek harrapatu zituztenen atzaparretan bizirik eroriz gero, infernuraino eramango baikintuzten, eta bertan nahi adina denbora atxiki erail aurretik.

Horixe bera gertatu zitzaion seguruenik Jon Anzari ere. Torturaren ikaraz Iparraldera ihes egina zen hura ere, eta bere neskalagunak 2009ko apirilaren 18an ikusi zuen azken aldiz Baionako tren geltokian. Hamar hilabetez desagertua egon ondoren, gorputegi batean azaldu zen haren hilotza.

Bahitu, torturatu eta desagerraraziko gintuzten izua nahikoa ez, gainera, eta beste beldur bati ere egin behar izan genion aurre urte luzez. Ez ahal gintuzten espainiar torturatzaileen atzaparretan utziko! Izan ere, hainbat eta hainbat iheslariri horixe gertatu baitzitzaion.

Kasu gehienetan, frantziar agintariak izan ziren haiek jasandako torturen arduradunak, eta iheslariok horren ondorioz bizi izan genuen uneoroko beldurrarena ere bai. Eta hori gutxi balitz, argi dago hainbeste iheslariren heriotza eragin zuen gerra zikinean ere ederki busti zirela. Desagerrarazi zituztenen kasuetan ere bai seguruenik.

Ozen esan beharra dago: espainiar Estatuak hamaika iheslari erail eta torturatu ditu frantziar Estatuaren konplizitatearekin, eta horregatik egiten diote bi estatuek uko hori guztia ikertuko duen Egiaren Batzorde bati. Guk torturari diogun adina ikara diotelako haiek egiari.

Batzorde horrek laguntza paregabea eman ahal die espainiar zein frantziar Estatu terrorismoaren biktima guztiei haien egia osoa azal dezaten. Eta bi estatuek zor dieten justizia eta erreparazioa jaso dezaten ere bai. Haiek jasandakoa errepikatuko ez denaren bermea behar du erreparazio horrek eta horretarako lehenetsi beharreko neurria artikulu hasieran aipaturikoa da, torturaz kutsaturiko prozedura judizial oro guztiz baliogabetzea.

Iheslarien kasuan, atxilotze aginduak zein euroagindu eta estradizioak bertan behera utzi beharko lirateke baldin eta, nola edo hala, torturaz kutsatuak badaude. Iheslari horiek torturak jasan zituztelako izan daiteke, edo beste pertsona batzuek torturapean haien izenak eman zituztelako. Edo beste edozein kutsadura mota.

Zalantzarik ez neurri hori oso lagungarri izango dela Euskal Herriak pairatzen duen gatazkaren ondorioak konpontzeko, eta horixe izan zen, hain zuzen, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak eskatu zuen lehen neurria Miarritzen, 2013ko ekainaren 15ean.

Egun horretan, kolektiboak konpromiso sendoa agertu zuen gatazkaren konponbidean ahaleginak eta bi egiteko, eta argi utzi zuen ezinbestekoa zela neurri hori. Soil-soilik oinarri egoki baten gainean eraiki baitaiteke modu konpartituan eraiki nahi dugun jendarte demokratiko berria. Torturari inongo zirrikiturik utziko ez dion jendartea baitugu amets non inor ez den inoiz arrazoi politikoengatik ez kartzelaratua ez erbesteratzera behartua izango.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna