Gemma Sangines Saiz.

Eta txipa aldatzea erabaki zuen...

2015eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Bazen behin gizon lasai bat. Bere herriaz maitemindurik zegoen, haren kulturaren zale amorratua zen, inguruan zuen Natura errespetatzen zuen, eta leial eusten zion bere hizkuntzari —baina intimitatean bakarrik (Aznarrek katalana hitz egiten duenean bezala)—.

Lagun-taldearekin geratzen zenean, euskaraz hitz egiten zuen gure gizonak. Zerbait bitxia gertatzen zitzaion, ordea: ikastolan beti gazteleraz egiten zuten lagun pare bat zuzentzen zitzaizkionean berba egiteko, deseroso sentitzen zen. Euskaraz eginda berdin ulertuko zutela ondo jakin arren, berak ere gazteleraz erantzuten zien. Elkarrekin batzen zirenean, azkenean, beti amaitzen zuten gazteleraz. Ez zuen gogoko, baina ez zekien nola konpondu jokabide hura.

Gauza bera gertatzen zitzaion ezezagunekin, baina beste intentsitate batekin; banketxeko leihatila aurrean, Loiuko aireportuan abioian ontziratzean edo kalean ezer galdetu behar zuenean, gogorra egiten zitzaion bere hizkuntza erabiltzea, besteek ulertuko ez zutelako beldurragatik, eta gazteleraz hitz egin ohi zien solaskideei, ia beti; salbuespen bakarra egiten zuen solaskidea nahiko gaztea zenean, kasu gehienetan eraztun-motako arrakada belarritik zintzilik, eta Ternua markako jantzia edo euskal elastiko aldarrikatzailea zeramanean jantzita. Intuiziozko arau horrek ez zion ia inoiz hutsik egiten.

Ezezagunekin gazteleraz hitz egitea egiten zitzaion, hain zuzen ere, bere bizitzako egoera existentzialik mingarriena. Mania —horrela esaten zion gizonak jokabideari— horren erruz, gazteleraz hitz egiten zuen Iratirekin. Irati euskalduna zen, bere neska-laguna; Bilbon ezagutu zuen, aktibismo ekologikoari buruzko jardunaldi batzuetan. Biek ala biek ikusten zuten zentzugabea zela egoera, baina elkar gazteleraz ezagutu zutenez gero, ezin zuten jokabide hura aldatu. Orain, Irati lau hilabetekoa zegoen, eta pozik ziren biak, baina, aldi berean, kezkatuta, ez zekitelako nola jokatuko zuten umea heltzean.

Iluntze euritsu batean, Twitterren txutxu-mutxuan ari zela, ikasi zuen Eusko Jaurlaritzak kanpaina berria aurkeztu zuela: «Eta txipa aldatuko bagenu?». Webgunean sartu (www.aldatutxipa.eus), eta argitaratutako bideo guztiak irentsi zituen, bata bestearen atzetik, film laburren erakusketa izango balitz bezala. Sentimendu korapilatsua hedatu zitzaion barrenean:nahasmendua, lasaitua, haserrea eta poza, dena batera. Bere hiztun-jokabide berberak zein zehazki azaltzen ziren ikusteak sorrarazten zion nahasmendua; lasaitu egiten zuen, ostera, munduan bakarrik ez zegoela jakiteak; amorrua sentitzen zuen, berriz, begi-bistakoa zelako zein erraza zen libratzea urte askoan sufriarazi zioten egoera haietatik; eta poza zekarkion bizitzaren une hura inflexio-puntua zela sinetsirik egoteak, zeren ordutik aurrera aldatu egingo baitzitzaion bizimodua, arrazoi sinple bategatik: estimatzen zuen hizkuntzarekiko jokabidea aldatuko zuen.

Eta horrela izan zen. Hurrengo egunean euskara eta irribarrea ahoan zuela atera zen kalera. Betiko okindegian «Egun on» esan zuen, eta ogiarekin batera irribarrea jaso zuen erantzun gisa. Sinestezina egin zitzaion zein erraza zen aldatzea. Eta jarraitzeko adorea eman zion horrek. Gero, pare bat gauza erostera joan zen merkataritza-gunera, eta lehen hitza euskaraz egin zuen dendari guztiekin; eta ikusi zuen euskaraz erantzuten ziotela, edo, bestela, ezin zutenean euskaraz erantzun, barkamena eskatzen ziotela, are «gustatuko litzaidake» motako azalpenekin.

Txutea handia izan zen erabateko lotsa linguistikotik benetakoa izateko bidera egin zuen aldaketa hori; hain handia, ezen erabaki baitzuen bere bikotekidearekin hitz egitea. Argi zuen: beraiena ere aldatuko zuten, bai, biekbatera, barruan zeramaten txirriskilagatik egingo zuten.

Gau hartan bertan hitz egin zuen Iratirekin, eta goxoki irudikatzen hasi ziren elkarrekin izango zuten etorkizuna, atsegina eta normala euren haurrarentzat. Orduan, odol arrastoa seinalatu zuen Iratik prakan. Berehala, oso urduri jarri zen gure gizon lasaia, eta larrialdietara deitu zuen sendagile batekin hitz egiteko asmoz. Telefonoari erantzun zion pertsonak esan zion horrela jarraituz gero —euskaraz, alegia— ez zuela ulertuko, eta, benetako larrialdia bazen, hobe zuela gazteleraz egitea. Errabia, frustrazioa eta beldurra sentitu zituen, denak batera, eta amorratzen jarri zen. Telefonoa katigatu zuen, eta berriro saiatu zen, baina oraingoan zerbait hautsi zitzaion barrenean, eta, espainolez erantzun ziotenean, zuzenean egokitu eta haien hizkuntzan erantzun zien.

Sustoa, zorionez, horretan geratu zen, baina gure protagonistak nabaritu zuensentimendu bortitza sortu zitzaiola barrenean, eta ez zen sentimendu ona: urduritasuna, tentsioa, tristura, min berdingabea. Eta birritan pentsatu gabe, kalera irten zen, eta horma zuri-zurian hustea erabaki zuen, hizki gorabeheratsuekin, baina mezu sendo batekin: Pikutara txipa!

Etxera askoz erlaxatuago itzuli zenean, Twitter ikonoan klikatu zuen eta #Aupagariratano mezuez beterik topatu zuen kontua. Haren eredua ikusi, eta ongizateak bete zuen gure gizona. Bere planarekin jarraituko zuen. Guardiolak eta FC Barcelonak Garitano zoriondu zutela ikusita, orain bakarrik falta zitzaion itxarotea ikusteko nola bere aberri txikiko gobernuak ere, euskararen erabilera sustatzeko kanpaina itzelen bozgorailu zenak, zorionak ematen zizkion bere Ben-Hur berriari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.