Txumai Iturria.
EGUNKARIAK 25 URTE (I)

Herri batzordeen lana 'Egunkaria'-ren sorreran

2015eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Euskaldunon Egunkaria-ren sorreraren 25. urtemuga gertu dugun honetan, orduko bizipenak kontatzera animatu nau kazeta honek. Garai hartan Argia-ko langile eta EHE eta EKBko partaide izanik, gertutik jarraitu ahal izan nuen euskarazko egunkariaren sorreraren inguruko prozesua.

Komunikabideen alorrean bagenuen euskarazko telebista (ETB), euskarazko irratiak (Euskadi Irratia hegoaldean eta Gure Irratia, Irulegi Irratia eta Xiberoko Botza iparraldean), euskarazko prentsa (Argia astekaria), baina euskaraz egunero jardungo zuen egunkaria falta genuen.

Urte haietan, euskarazko egunkariaren premiaren inguruan makina mahai inguru eta hitzaldi antolatu zen euskalgintzak sustaturik. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea iritsia zen. Joxemi Zumalaberen gidaritzapean, 1989. urte amaieran Egunkaria Sortzen ekimena abian jarri zen euskal kulturgintzako 75 pertsona ezagunen sostenguarekin. Urte bereko Durangoko Azokan balizko egunkariak bete behar zituen hamar ezaugarriak onartu ziren: euskaltzalea, nazionala, zabala, baterakoia, alderdi politikoekiko independentea, erdal komunikabideekiko independentea, ez-instituzionala baina bai diruz lagundua, profesionala, militantea eta berria.

Ordura arte intentzio deklarazio bat baino ez zena mamitu eta gorpuzteko garaia heldu zen, proiektu gauzagarri batean bilduz. Horrela, hiru ardatz nagusi bereizi ziren: harremanak landuko zituen taldea (instituzioak, euskalgintza, kulturgintza, elkarteak, norbanakoak...), kazeta proiektua landuko zuen lantaldea (kazetari euskaldunak behar ziren, formazioa eman...), eta proiektua bideragarri egingo zuen dirua lortzeko lantaldea azkenik.

300.000 euro (orduko 50 milioi pezeta/2 milioi libera) lortzea jarri zen helburu, eta horretarako, bi bide markatu ziren bakoitzak kopuruaren erdia eskuratzeko xedez: 3.000 euroko (500.000 pezeta/20.000 libera) akzioak erosiko zituen balizko bezeroak (enpresak, elkarteak, ikastolak...) lortzea batetik, eta herrietan antolatutako ekimenetatik gainontzekoa.

Ni azken horretan sartu nintzen buru-belarri. Herriak aktibatu behar ziren, Egunkariaren aldeko Herri Batzordeak martxan jarri behar ziren. 1990eko martxoa ingurua zen, eta urte bereko udaberrian herriz herri antolatu behar zen kanpaina diseinatu behar zen. Zein izango zen kanpainaren ardatza? Berehala agertu zen Joxemiren inspirazioa «herri bakoitzak bere Egunkaria egingo du». Momentuan ideia hark zuen potentzialitateaz jabetzea kosta bazitzaidan ere, laster konturatu nintzen zer adierazi nahi zuen «herritarrek lortutako publizitatearekin egingo dugu bideragarri Egunkaria». Kuadrillan nuen arotz bati esker, Euskal Herrian zehar ibili ziren ohol erraldoiak eta beren euskarriak egitea lortu genuen (aupa Mosto!). Bestalde, herrietan lortu nahi genuen diru kopurua lortze aldera, AEK-koen esperientziaz baliatu ginen herri bakoitzari helburu ekonomiko bat ezartzerako orduan. Herri bakoitzak lortu beharreko helburu horri begira bonuak eta 30 euroko (5.000 pezeta/200 libera) akzio partaidetzak jarri ziren.

Herri Batzordeak martxan jartzeko bidean funtsezkoa izan zen euskalgintzako eragileen ekarpena (AEK, IKA, EHE, euskara taldeak...). Kanpaina hasi bitarteko dinamika oso intentsoa izan zen: bilerak, hitzaldiak, aurkezpenak...

Guztira 3.000 pertsona inguru aritu zen lanean, 185 batzordetan antolatuak, 143 herritan banatuak.

Egunkaria Egunak

Herri Batzordeek Egunkaria Egunak antolatu ahala, kanpaina egutegia osatu genuen. Kanpaina formalki 1990eko maiatzaren 12an hasi zen, Herri Urrats bezperan Saran antolatutako Egunkaria Egunarekin. Amaiera, berriz, uztailaren 15ean Donostiako Belodromoan antolatu genuen jaialdi erraldoiak eman zion. Bi hilabete horietan zehar makina Egunkaria Egun antolatu zen Euskal Herrian. Ohol erraldoiak eta gainontzeko materiala garraiatze aldera, hiru furgoneta jarri genituen azpiegitura modura bakoitzak bere ibilbide propioa eginez (Gipuzkoako Egunkaria Egunak, Bizkaikoak eta gainontzekoak).

Egunkaria Egunaren muina herri bakoitzak egin behar zuen Egunkaria izanik, eguna osatzeko askotariko ekintzak burutu ziren: bazkari herrikoiak, trikipoteoak, txistulariak, gaiteroak, bertsolariak, tirolinak, estropadak, kontzertuak...

Hasieran jarritako helburuetatik oso hurbil geratu ginen.

25 urte igaro da, Euskaldunon Egunkaria itxi ziguten, baina eguneroko euskarazko prentsak bere bidea jarraitzen du. Ikastolen sorrerak, Kooperatiben mugimenduarenak edota Euskaldunon Egunkaria-renak bezalako fenomenoek frogatzen dute herri honek, zerbaitetan sinistu eta ilusioa dagoenean, baduela nahikoa indar eta kemena helburuak erdiesteko.

Amaitzeko, mila esker bihotz-bihotzez Herri Batzordeetan murgildu zineten ehunka lagunei. Biba zuek!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.