Euskal estatuaz

Ane Larrinaga - EHUko soziologia irakaslea

2016ko otsailak 21
Azken urteetan Eskoziako eta Kataluniako burujabetza prozesuek astindua eragin dute Europako esparru politikoan; batez ere, estatu berrien sorrerarako aukera objektiboak ireki dituztelako. Besteak beste, herritarren borondatean oinarrituta egotean, estatu berrien eraikuntza demokratikoa egingarri dela erakutsi diete orain arte halako aldaketarik egitea ezinezkotzat jotzen zuten askori. Horregatik, zer esanik ez, Euskal Herritik ere arretaz eta ikusminez begiratu dira prozesuok, eta eztabaidak eta azterketak sortu dituzte, ugari, gure artean. Halaz ere, une honetara arte ez da egon euskal herritarrek balizko Euskal Estatu batez dituzten iritziei buruzko informazio soziologiko zehatzik.

Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerkuntza taldeak (Ipar Hegoa fundazioaren laguntzarekin) Euskal Estatuari buruzko ikerketa bat burutu du oraintsu, zertarako eta Euskal Estatuaz euskal gizartean dauden iritziak eta jarrerak zehatz ezagutzeko. Egindako azterlanak bi berritasun ditu. Lehenengoa, hautaturiko aztergaia bera da, estatua. Izan ere, orain arte autonomiaz, independentziaz eta erabakitzeko eskubideaz galdetu zaie euskal herritarrei behin baino gehiagotan, baina ez, zuzenean, estatuaz. Bigarrena, ikerketaren eremua da. Hain zuzen ere, orain arteko lanetan ez bezala, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan gauzatu da aipatu azterketa. Eremu horretako herritarren iritziak jaso dira inkestaren bitartez, eta haien arrazoiak interpretatu dira, eztabaida-taldeak eratuta. Bi hautaketa horiek, alegia, ikerketaren gaia eta eremua zehazten dituztenak, ez dira ausazkoak izan. Batetik, estatuaren egitura politikoa aztertu nahi izan da, eta, hartara, egitura horrek herritarren helburuekin eta itxaropenekin dituen loturak (politika sozialetan, ekonomian, kulturan...), edozein dela herritar horien nazio-identitatea edo ideologia. Bestetik, Euskal Herria ulertzeko (eta izendatzeko) modu asko dagoen arren, Ipar eta Hego Euskal Herriak osaturiko eremua hartu da, eragin handiagoz edo txikiagoz, lurralde horietan guztietan jarri izan delako auzitan indarrean dagoen (tokian tokiko) estatuaren zilegitasuna eta hari buruzko atxikimendua.

Ikerketaren emaitzen artean, bi nabarmendu nahi ditut hemen, Euskal Estatuari buruz euskal herritarren artean gaur egun dauden iritzi-joera esanguratsu batzuk adierazten dituztelakoan. Lehen ekarpena ikerketaren galdera nagusiari emandako erantzunari lotuta dago. Euskal Estatu baten aukera mahai gainean jarrita, jendeari haren alde edo kontra bozkatuko lukeen galdetu zaionean, inkestaturiko gehienek alde egingo luketela esan dute (%40,7); beste askok, berriz, kontra egingo luketela adierazi dute (%35,3). Eta kontuan hartzekoa da lautik batek (%24) ez duela erantzunik eman edo abstenitu egingo litzatekeela dioela. Datu horiek, noski, proportzio desberdinak erakusten dituzte administrazio-eremuen arabera xehatuz gero. Hala, EAEn agertzen da aldekotasunaren mailarik altuena, eta jaitsi egiten da Nafarroako Foru Erkidegoan eta, are modu nabarmenagoan, Ipar Euskal Herrian. Bestalde, Euskal Estatuaren aldeko jarrera hori handiagoa da herritarren artean zenbat eta gazteago izan, zenbat eta ikasketa maila handiagoa izan, zenbat eta hurbilago egon aukera politiko abertzaleetatik, zenbat eta euskara gehiago jakin eta, ikuspegi nazionaletik, zenbat eta euskal herritarrago edo nafarrago sentitu. Era berean, aldeko jarrera hori indartu egiten da inkestatua eta guraso biak Euskal Herrian jaioak badira eta, aldiz, ahuldu, guraso biak eta inkestatua Espainian edo Frantzian jaio badira (ez, ordea beste estatu batean jaio badira; etorkin berriak, adibidez).

Bestalde, independentziaren alde edo kontra egotea nahiko iritzi finkoa izan bada ere, Euskal Estatuaren alde edo kontra egotea aldakorra izan daitekeela erakutsi du ikerketa honek. Izan ere, estatua lurralde jakin batean eraikitzen den egitura politikoa izatean, herritarrak asebetetzea erakusten dio haren helburu eta itxaropenei erantzuteko gauza den heinean, eta hala egin dute inkestaturiko herritarrek ere estatu berriaren proiektuari dagokionez. Ildo horretan, honako hau da nabarmendu nahi dudan bigarren emaitza: Euskal Estatuaren kontrako jarrera erakutsi duten inkestatuak prest leudeke aldatzeko, eta, beraz, Euskal Estatuari baietza emateko, gaur egun Espainian edo Frantzian eskaintzen direnak baino gizarte politika hobeak edo demokrazia gehiago ziurtatuko balira. Hala dio ezetza ematen dutenen ia erdiak. Neurri txikiagoan, beste herritar multzo bat (%40 inguru) ere gertu dago aldatzeko oraingoa baino egoera ekonomiko hobea edo Europar Batasunaren barruan jarraituko dela ziurtatuko balitz. Alderantzizko norabidean, Euskal Estatuaren aldeko botoa eman duen jendea prest legoke iritziz kanbiatzeko, eta Euskal Estatuari ezetza emateko, batez ere, euskararen alde nahikoa ez dela egin pentsatuko balitz. Aldeko aukera egin dutenen bi herenek horixe dio. Neurri apalagoan, estatu berriak ez balitu ziurtatuko gizarte politika egonkorragoak, Europar Batasunaren barruan jarraitzea, eta egoera ekonomikoa hobetzea, %30-40 inguruk aldatuko luke botoa ezetzera.

Datu interesgarriak, nonbait, gogoetarako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna