PISA eta irakasleen formazioa

Pello Urkidi Elorrieta, Gorka Ormazuri Alkiza, eta Beñat Amenabar Perurena
2017ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
PISA 2015eko emaitzak direla-eta Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak egindako agerraldiaren ondoren, hainbat iritzi azaldu dira ezagutza urria —edo interesatua?— erakutsi dutenak hezkuntzaren eta, zehatzago, gure erkidegoko hezkuntza sistemaren inguruan. Egun batzuk geroago, sailburuak bere hitzak zehaztu ditu iritzi artikulu batean (DV 2017-02-20), hezkuntza sistemaren konplexutasuna eta ardura partekatuak onartuz; baina bere lehen agerraldiko baieztapenek eta ondoren argitaratutako iritzi eta erreportajeek gure lanaren inguruan eraikitako argi-ilunek zenbait kontu jorratzera bultzatu gaituzte.

PISA azterketa OCDEk bultzatzen duen froga bat da, derrigorrezko bigarren hezkuntzan (12-16 urte) egiten dena; hain zuzen, DBHko 4. mailan (15-16 urte). Gure erkidegoko ikasleek izandako emaitza eskasen aurrean,soluzio nagusitzat planteatu da sarrera azterketa bat ezartzea Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle graduko ikasleei, eta horrek ez du ez buru, ez hanka. Are gehiago, guztiz desegokia iruditzen zaigu, iritzi publikoan sortzen duen nahasmenarengatik eta bere seriotasun gabeziagatik. Hezkuntza sailak—edo bestelako hezkuntza eragileek— horren inguruko lotura hori frogatzen duen daturik balute, eskertuko genuke irakasle horien lehen formazioaz arduratzen garen unibertsitateko arduradunokin partekatuko balitu, beharrezko hobekuntzak bideratzeko. Bitartean, ez diogu, noski, uko egingo gure titulazioak ebaluatzen jarraitzeari eta aldaketak eta hobekuntza ildoak ezartzeari. Jakitun gara gure gizartea aldakorra dela eta hezkuntza erronka berriak eskatzen dituela, eta horretan gabiltza azken urteotan.

Ez gaude, besterik lirudikeen arren, mota horretako frogen kontra, baina dagokion testuinguruan kokatuz eta bere emaitzak erlatibizatuz. PISAk gaitasun batzuk neurtzen ditu (2015ekoan, zientziak, matematika eta irakurketa), baina ez gure hezkuntza sistemak kontuan dituen guztiak. Hezkuntza —baita gure Erkidegoko dokumentu ofizialetan ere— PISAk neurtzen duenaz harago doa, eta gure Hezkuntza Sistema eta hezkuntza politikak PISA azterketaren arabera diseinatzea akats larria iruditzen zaigu.

Ez dugu uste PISAri buruzko balorazio sakonik egin denik emaitzak erlatibizatzeko edo, gutxienez, ez daitezen itsuki onartu; besteen artean, azterketa egiteko baldintza berrien inguruan beste erkidego batzuetan egin dena eta abar aztertuz. Hausnarketa moduan, hain ezberdinak al dira EAEko eta Nafarroako egoera sozioekonomiko eta kulturala Hezkuntza Sistemak hain emaitza ezberdinak lortzeko? Hain ezberdin irakasten al dute, Errioxako edo Kantabriako irakasleekin konparatuz, horrelako ezberdintasunak izateko? Emaitza horiek azterketa lasaiagoa eta sakonagoa eskatzen dutela, hain arin ibili gabe.

Gogoratu behar lukete hezkuntza arduradunek eta orain Haur eta Lehen Hezkuntzako lehen formazioaz beren iritzia publikoki —hain arin eta inolako ebidentziarik azaldu gabe— adierazi dutenek DBHko 1. mailan hasten direnetik lau urte dituztela ustezko gabezia horiek estaltzeko. Gainera, garai horretan diharduten irakasleei dagokienez, ez dugu uste esan daitekeenik irakasten dituzten gaien inguruko ezagutza diziplinarretan hankamotz dabiltzanik.

Bai matematika edo biologia irakasleak, edo historia, hizkuntza edo DBHn eta Batxillergoan irakasten den beste edozein gaiko irakasleak 4/5 urteko lizentzia edo lau urteko gradua egina du. Hori horrela izanik, ez du nahiko formazio diziplinar irakatsiko duen esparruan? Hutsuneak ez al dira egongo bigarren hezkuntzan irakasle aritzeko beharrezkoa zaion beste esparruren batean? Martxa honetan, Haur Hezkuntzako tutoreei aurpegiratuko zaie ez dituztela behar adina laborategi praktika egiten... Ezagutzen mito horrekin jarraituz, egin dezagun froga txiki bat: hartu testu liburu bat edo eskatu zuen seme-alabei batxillergoko matematika materialak, edozein batxillergo dela ere; uste duzue, benetan, ikasgai horiek gaindituta batxillergoa bukatu duen ikasle batek ez duela nahiko prestakuntza diziplinar Lehen Hezkuntzan matematika irakasteko? Edo bestelako formazio eta ezagutza bat beharko lukete testuinguruan kokatzeko eta zentzuz azaldu ahal izateko?

Hori horrela, gradu berrietan ikasitako irakasle berrien balorazio serio bat egin gabe, osoa eta partekatua—parte diren eragile guztiekin—, sarrera froga bat proposatu nahi da Haur eta Lehen Hezkuntzako graduetarako,PISA azterketaren garaitik hain urrun aritzen direnean? Ados gaude sailburuarekin PISAren balorazioa hobekuntzarako aukera ona izan daitekeela, baita beste hezkuntza etapetarako ere. Baina, lehenik eta behin, arazoa ongi azaldu eta kokatu behar da, Bigarren Hezkuntzako ikaste-irakaste prozesua sakon aztertuz eta Bigarren Hezkuntzako Masterra hobeto zainduz.

Ez dagokigu zuzenean, baina jakitun gara zein esfortzu —eta deslilura— suposatzen duen master honetan ari diren irakasleentzat bertan parte hartzeak, egunerokoan bizi behar dituzten baldintzak direla medio; besteen artean, metodologia aktiboak erabili ahal izateko ratio handiegiak, eta abar. Dituzten baldintzak kontuan izanik, ez dute lan makala egiten. Dena den, zail ikusten dugu master bat egite hutsarekin lor dezakeenik Bigarren Hezkuntzako irakasleak behar duen irakasle prestakuntza nahikoa. Noski, horrek norberak bere buruari umil eta zintzoki begiratzea eskatzen du, denon artean irtenbide egokia aurkitzeko, beste nonbaitera begiratu ordez.

Jakitun gara erkidegoan badirela makina bat eragile, elkarte, ordezkari (sindikatuak, EHIGE, eta abar) denbora daramatenak gai honen inguruan hausnarketa eta eztabaida sakon bat eskatzen, azterketa zehatz baten emaitzetatik harago. Beste erkidego batzuetan urteak daramatzate hezkuntzaren etorkizunaz eztabaidatzen eta hausnartzen eta Erkidegoko irakasle eskolok ere urteak daramatzagu Hezkuntza Sailak eskaturiko zenbait lan taldetan parte hartzen, eta beti egon gara prest esparru hauetan eta bestelakoetan ere sakontzeko. Uste dugu beharrezkoa dela foro bat sortzea askotariko eragileek hezkuntza sistemaren hobekuntzan parte har eta ekarpenak egin ahal ditzaten, bestelako neurririk hartu baino lehen. Gure Hezkuntza Sistemak arduraz aritzea eskatzen duela uste dugu, gure etorkizuna dago jokoan eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.