Ivan Gimenez.

Txori bakoitza bere habiara

2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Orain dela zenbait egun EAJko burukide batek zera zioen: «Bozkatzeak ez dio inori kalte egiten; alderantziz, barrena husteko modu osasungarria da». Gogoan zuena zera zen: Gure Esku Dago-k antolaturiko kontsultak. Eta burukide horrek kontsulta horietan parte hartu izana aldarrikatzen zuen jendaurrean, baina botoa norberaren barrena husteko bide moduan ulerturik. Ezin da hortik ondorio politikorik atera, ezin da statu quo-a zalantzan jarri. Azken finean, ezarritako sistemaren aurka jo gabe. Hori bai bitxia, demokrazia eta erabakitzeko eskubidea ulertzeko modua!

Aipaturiko burukideak eta hedaduraz EAJk txalotzen du Gure Esku Dago-ren lana, «asmo oneko ekimen bat» sustatu duelako, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko «lan pedagogiko eta gizarte-helburukoa» egiten duelako. Baina, horraino iritsi gara. Erakunde horrek Kataluniako errepresioa salatzeko mobilizazioetan parte hartzen badu — «aktibismo berria» deitzen dio—, orduan bide okerretik doa, eta «lehian sartzen da alderdi eta sindikatuekin».

Bestela esateko, gizarte-mugimendu bat «asmo oneko eta lan pedagogikoko» lagunkide izatetik eragile aktibo izatera aldatzen bada, eta jabeldura eta salaketa politikoak jartzen baditu, erabakitzeko eskubidearen errepresio antidemokratikoaren aurka —oraingo honetan Katalunian, baina bihar-etzi Euskal Herrian—... orduan «bide okerretik sartzen da», EAJren arabera. Alderdi horrek ez badu onartzen jabeldura politikoa, ezta boterearen aurrean gizarte antolatu batek egin behar duen kontrapisua ere, nolako demokrazia aldarrikatzen du? Erantzuna: «denok geldirik» tankerako demokrazia, eta hor mugimendu sozialei eta sindikalei egokitzen zaien rola agintean daudenen ekimenak goraipatzea da. Baina inola ere ez «lehian sartzea».

Gizartearen gaineko pentsamolde horretan, hain zuzen, bilatu behar dira EAJk Bilboko azaroaren 4ko manifestazioan parte ez hartzeko arrazoiak. Errepresioa eta 155. artikuluaren aplikazioaren salaketa eskakizun politikoetan gauzatzen direnean (gutxienezko maila batean baino ez bada ere), orduan mugimendu sozial eta sindikal horiek EAJren marra gorria gainditzen dute. Gauza bat da hirugarrenak kritikatzea esparru eroso batetik (eskakizun politiko zorrotzik egin gabe), eta beste bat errepresioa geldiarazteko helburua duten ekintzak antolatzen hastea. Badago alderik agerraldi mediatiko hutsalak egitetik milaka manifestariren aitzinean benetako ekintzak egitera.

Egia esateko, ez zen heldu behar ezta puntu horretaraino ere, EAJk hartuta zeukan, ordurako, A-4ko manifestaziora ez joateko erabakia. Urriaren 25ean, Senatuan 155.ari buruzko osoko bilkura hasteko bezperan, Abando Hotelean, Rajoyren gobernuaren jokabide antidemokratikoari erantzuna antolatzeko, egin zen hasierako bileratik EAJ ez zen azaldu. Egun horretan Abando Hotelean onetsi zen testua laburra bezain ukaezina zen edonorentzat, bere burua demokratatzat duen edonorentzat behintzat: «Uko egiten diegu 155. artikulua aplikatzeari, espetxeratzeei eta Kataluniako errepresio-gertaerei». Eta manifestazioaren izenburua: 155 ez. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea.

Zergatik EAJk ez zuen parte hartu? Eta gerora ere zergatik ez zuen bat egin manifestazioaren helburuarekin? Ba ote du zerikusirik Urkullu lehendakariaren, Rajoyren eta Kataluniako enpresari handien arteko harremanekin, alegia, Puigdemontek biharamunean independentzia ez aldarrikatzeko harremanekin? Edo, agian, eragin handiagokoak izan ziren EAJren eta PSEren arteko gobernu-ituna, PPrekiko aurrekontu-ituna, eta murrizketetan, fiskalitatean, gastu-arauan eta abarretan alderdi bi horiekin partekatzen duen pentsamolde berdina?

Jakina denez, Urkulluri ez zitzaion ondo atera bitartekaritza-saiakera, eta erru osoa Puigdemonti egoztea erabaki zuen, Rajoyk aurretiaz 155.a ez zuela geldituko esan bazion ere. Parlament-ak independentzia aldarrikatu zuen, eta 155. artikulua PPren, PSOEren, Ciudadanosen eta UPNren botoen bidez onetsi zen. Handik zenbait egunetara (urriak 30) azaroaren 4ko manifestaziorako deialdia egin zen, aurreko astean Abando Hotelean adostu zen testuaren antzeko beste batekin. Ez zegoen inolako baldintzarik edo ezarpenik 155.aren alderdi bultzatzaileekin haustera behartzeko. Eta, hala ere, EAJ ez zen azaldu.

Espero izatekoa zenez, errepresioa gogortu zen, eta azaroaren 2an Estatuak Govern erdia espetxeratu zuen. Egun hartan bertan Ortuzarrek azpimarratu zuen EAJ ez zela joango manifestaziora «ez bada bitartean gertaera sonaturen bat gertatzen, bestelako erantzuna ematera behartzeko modukoa». Erabaki horren berri jakin, eta manifestaziorako bi egun baino falta ez zirela, erakunde dei-egileek testu bat adostu zuten, Kataluniaren gaineko errepresioaren mailaren neurrikoa, tartean 155. artikulua zegoela. EAJk martxarekin bat eginez gero, manifestua idazten ere parte hartuko zukeen. Besteen parean, normala denez.

Manifestu horren atzetik dozenaka mila manifestari atera ziren Bilboko kaleetara azaroaren 4an, haientzat «onartezina da inolako erakunde-normaltasunik izatea, ezta lehen mailako akordio politikorik egitea ere, Euskal Herrian ere ez, hiru alderdi politiko horiekin (PP, PSOE eta Ciudadanos)», demokraziaren aurka azken 40 urteotako erasorik handiena bultzatu dutenekin. Egibarrek berak ere adierazi zuen «puntu hura aurre-politikako puntua» zela, zuen larritasun-mailagatik. Baina aurre-politikako printzipio bat urratzeak bere ondorioak ekarri beharko zituen, bestela erretorika hutsa da.

Jendetza hori guztia kalera atera zen, demokraziaren eta erabakitze-eskubidearen alde. EAJk erabakita zeukan lehenagotik ez joatea, bere egiturazko bazkide politikoak (PP eta PSOE) lehenetsiz. Partaide gehiagoren falta ez zen sumatu. EAJren erabakia zilegia bezain argigarria izan da: pisu handiagoa du PPrekin eta PSOErekin duen konpromisoak, erabakitze-eskubidearen eta printzipio demokratiko ukaezinen aldeko erretorikak baino, Kataluniako gobernua espetxeratzen dutenak bakarrik uzteak baino. Txori bakoitza bere habiara joan da.

Eta gainerako guztia propaganda da, Kataluniako herritarrekiko elkartasunez egindako egundoko mobilizazioa lausotzea eta ezabatzea helburu duena.

Mobilizazioa baketsua izan da. ELAk betidanik eduki du hori ondo ikasita, hori eta erabateko independentzia edukitzearena, demokraziaren eta langileriaren alde noiznahi eta nonahi agertu ahal izateko. Abiapuntu horretatik aurrera aliantza guztiak ongi etorriak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.