Pako Aristi

Euskalgintzan datorrena

2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Euskalgintza estrategia berritu beharrean zegoela esaten zen, eta badirudi lema-kolpe nagusia Donostia 16ren abaroan etorri zela, Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroan, bukaeran hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloaren aurkezpenarekin. Geroztik, argazki sinbolikoak: bata, Korrikan herri erakundeetako eta erakunde diru publikodunen artean. Aberatsa pobrearekin eskutik.

Halako mugimenduen aurrean atoan datorkit galdera: Zer baliabide ditugu hizkuntza gutxituok gure asmoak gauzatzeko? Zer onura dakarkio hizkuntzari, haren egoera erreala kamuflatzen dutenekin batzeak? Eta guztia iruditzen zait prozesu zabalago baten azpi-atal bat, dardara tektoniko handiagoen albo-kalte moduko bat, peaje bat ezerezera bidean. Politikan ezker abertzaleak egin duen biraketa euskalgintzara aplikatua.

Urte askotan, gure herriaren etorkizunarentzat ezker abertzalearen ekimenak ezinbestekotzat izan nituen. Lanerako esparru bat zen niretzat, lurralde bat, bi helburu edo zeregin ikusten nizkionak. Bat: trantsizioa deitzen garaiko hitzarmen lotsagarri haien aurka, gure herria sistema espainolean txertatu, hesitu eta modu subalternoan menderatu zutenen aurka indarrak metatzea, irauli eta gainditu ahal izateko. Bi: independentziaren pedagogia egitea, diskurtso hegemonikoari kontra-diskurtso boteretsua eta erakargarria jarriz.

Banekien lurralde hori kudeatzen zutenek kontrolatu nahi zituztela bertaratzen zirenen indarrak, dirigismo politikoaren gaitzak hor zirela espontaneitate soziala kamustuz, alderdia eta bere iraupena hobetsiz herriaren proiektu askatzailearen aurretik, baina erreferentzialtasuna, behintzat, onartzen nien.

Niretzat lanerako funtsezkoak ziren bi esparru hauek desaktibatu egin ditu Bilduk, edo zehatzago esanda, ezker abertzale ortodoxoaren herentzia jaso zuen Sortuk. Koalizioan duen ustezko nagusitasuna bere printzipio batzuei uko eginda lortu du, Aralar, EA eta Alternatiba lehen zeuden lekuan baitaude, erakunde espainolak onartuz, ETA euskaldunon gaitz nagusitzat apuntatuz eta sistemaren barrutik gure nolabaiteko askatasuna, haiek autogobernua sendotzera mugatzen duten hori predikatuz.

Independentziari buruzko estrategia eginkor eta sinesgarririk gabe soilik izan du posible Sortuk Bildu osatzea. Gaur, independentziaren gaia Bildu eta bere eraginetik kanpo dauden beste esparru batzuetan lantzen da soilik. Tamalez, ezker abertzalearen eragin esparrua oso zabala da: herrigintzara iristen da, espetxeetara, eta euskalgintzara.

Euskalgintzan halako zerbait gertatzen dela iruditzen zait, euskarari buruzko eztabaida integrala euskalgintzatik kanpo aurkitzen dela soilik, azken batean hizkuntza erabaki politikoen eta koertzio ahalmenaren lotura estu-estuan bizi baita. Eta zer ari da gertatzen? Indar eta prestigio galtze bat, kanpaina koloretsu baina eraginkortasun gabeek disimulatu ezin duten amore emate bat, desjabetze sinboliko eta estruktural bat. Kolaborazio inter-instituzionalak euskararen deskafeinatze bat ekarri du. Euskalgintzak prezio bat ordaindu du hizkuntza erakundetzearen truke, eta euskal identitatearen eztabaidarik gabeko habea behar lukeena edergarri huts bilakatu da, meritu txalogarria: lore bat gehiago kultur ekosistema asimilatuan.

Hizkuntza baten indarra atzean daukan bulkada politikoaren eta kolektiboaren neurrikoa izaten da. Ezker abertzaleari onartu behar zaio PNVren desinteres estrategikoaren aroan euskarari eman dion arnas luzea. Baina bere asimilazio politikoak asimilazio linguistikoaren sakontzea ekarriko du oso abiada bizian.

Nago Euskal Herria ez ote den bihurtu aita errepresoreaz maitemindutako Edipo-herri bat, Espainiak ulertu gaitzan erreguka, onartu, baloratu, berriki agertu den albisteak iradokitzen duen bezala, Espainiako Sari nazionaletan onartuko dela, Euskaltzaindiaren eskariz, espainoletik Espainiako beste hizkuntzetara itzulitako obra, Luis Baraiazarrarena gertatu ostean. Euskaltzaindiak bere web orrian agertu duenez, «oso garrantzitsua delako herrialde berean dauden hizkuntzen eta kulturen arteko elkarbizitza eta errespetua praktikatzea». Esaldi honekin, baina, Euskaltzaindia historiatik kanpo kokatzen da, Espainia eta Euskal Herria ez direlako herrialde bera, batak bestea konkistatua baizik, herri subiranoa probintzia bihurtua, eta euskarak ez duelako inoiz errespeturik jaso Espainiarengandik, egoskor horien zakur-zaunka suntsitu ezin izanaren erresumina baizik.

Baina ageri digu Euskaltzaindiak ere fetitxe bihurturiko hitza: «elkarbizitza», edo, bere bertsio politikoan, «bizikidetza». Gure herri identitatearen ehunari kalte larria egin dion hitza, beste birekin batean: «bakegintza», eta «aniztasuna». Historian gure lekua zein den propio ahazturik, dominazioaren testuingurua ezabaturik, herri-biktima bat borrero bihurtu duena, eta zapaltzailea, berriz, askatzaile.

Egun bertsuetan zetorren, ez kasualitatez, Martin Garitanoren agintaldiko euskara planaren baliogabetzearen albistea, Espainiako tribunal baten orpotik. Eta aurreko hiru hitzen baliogabetze automatikoa ere.

Eta egun bertsuetan, telebistan, Madril goiburu eta jomuga duten albiste. Turismo azoka irekiko dela bertan eta euskal komunitate autonomoak itxaropen handiak dauzkala; Bilbon ilusio handiz aurkeztu dela Espainiako itzuliaren etapa, bikaina omen... Eta diputatu nagusiak mahaira hurrengo erronka: Frantziako Tourraren etapa bat ekartzea. Madril, nagusiki, Paris gutxiago, gure ilusioen sorburu!

Poetak zioen maldan-behera honetan abiaturik, jada ez gara espainol hiztunak amiñi bat molestatzen ere ausartzen, Aho bizi belarri prest kanpainak iradokitzen duen bezala: jada ez dute euskaraz ikasi behar, bere espainolarekin segi baizik, gu euskaraz toleratzen gaituzten bitartean. Jada ez daukagu gure herri nortasun kulturalaren alde borrokatzeko ausardiarik ere. Emaitzen faltan, erakundeen hizkuntza politikan fiskalizaziorik ez dagoen bitartean, zama guztia herritar euskaltzaleen bizkarrera botea dago. Urtetik urtera tresna gutxiago dauzkagu.

Horren azpian dagoen susmoa: desaktibazio ideologiko bat eman dela, oso sakona gainera. Presoei borroka nazionalaren ezaugarria ezabatu zaien bezala, euskara ere hizkuntza nazionalaren ezaugarriaz biluztua izan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.