Joseba Azkarraga Etxagibel.

Gaurko eta biharko Gernikak

2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Batek baditu bere data erdi sakratuak, bai ala bai gogoratu beharreko urteurrenak. Halakoxea zait martxoak 31, faxistek Durango bonbardatu zutenekoa. Aurtengo herri-ekitaldian ere, gaurko munduan hainbat Durango daudela aipatu zuen hizlariak. Siria nabarmendu zen. Badator Gernika, apirilaren 26an, eta berriro izango dugu hizpide mundua eta bakea.

Ekitaldiaren ostean, lagunok tabernara jo eta aurre egin behar izan genion mendebaldarron hautatu behar gogorrari, «kriantza bat» esatearekin inora ez baitzoaz gaur, tabernako horma seinalatuko dizute eta arbelean hamar ezberdin dituzu. Berretsi ostean basoerdia ere zenbat konplikatu den, barruan neraman egonezina irauli nion militante komunista izandakoari, ondoan bainuen gizajoa: Siria bezalako aipamenak nola geratzen zaizkigun airean, asmo oneko aldarri moral huts gisa, ezerezetik zintzilik bezala, hutsean lebitatzen, irakurketa (geo)politikorik gabe, gutako inor sakonago interpelatu barik, driblatuz gerretan guk geuk jendarte gisa daukagun inplikazioa. Guztiok barruan daramagun tertuliano jatorra nirudien. Esaldia amaitu eta tertulianoari lepotik soka lotzeko puntuan nintzela, lagunak bat egin zuen: «herritarron iruditerian, Siriak ez du erlaziorik gure ekonomia, gizarte-eredu eta bizierekin».

Bada, nekez seinala daiteke Siria ikono gisa, zerikusirik ez balu bezala urtean hegazkina birritan hartu, auto pribatua noranahi joateko erabili, smartphonak totem bihurtu, belarrietaraino zorpetu, edo haragia astero lautan jateko proiektu moderno industrial historikoarekin. Nornahi burges txiki izateko aski ingurumenik ez duen zazpi mila milioiko planetan, nahi izanez gero existentzia material oparoagoa (dagoeneko historiako jendarterik oparoenetan), besteen lepotik egin behar. Baliabideak behar. Nagusiki Ekialde Hurbilean pilatzen den petrolioa behar, haz dadin geure ekonomia, sostenga dadin geure gizartea, blinda ditzagun geure hautazko biografiak eta hautatu behar gogorrean oinarrituriko bizierak. Arma-tiro-pum logikak sustatuz ere bai, berriki erakutsi duten moduan Frantziak, Britainia Handiak eta AEBek.

XXI. mendeko gatazken muina horixe izango da, asko sinplifikatuz. Beharbada beti izan da, baina nabarmenagoa da baliabideak eskasten ari diren globalizazio gero eta armatuagoan. Ezbaia ez da etorkizunekoa, gaurkoa da: hortzak zorroztuta defendatuko dugu biosferan ustez nahi/behar/merezi dugun tokia, ala geure bizi-maila berrikusteko prestu egongo al gara?

Siria hutsean zintzilik ez uzteko interpelazioa klimak ere badakar. 2006-2011 urte bitartean lehorteak hondamendia eraman zien ipar-ekialdeko siriarrei. Sikateak ez zuen aurrekaririk. Hondamendiaren aurrean, hirietarako exodoa, nabarmen lodituz hirietako pobrezia poltsak eta sufrimendua. Erregio zabalen kolapsoa dagoeneko hemen da klima aldatzearen eraginez. Gaurko eta biharko gatazkak ulertzeko badu paradigmatikotik asko: Mendebaldea da arduradun historiko nagusia klimaren aldaketan, baina ondorioak larriagoak dira karbono aztarna gutxiko herrialdeetan, eta ardurak barneratzetik urrutitxo, Europak harresiak eraiki ditu bere lurretara sar ez daitezen garapenkeriaren naufragoak.

Interpelazioa ekar daiteke gertuago, are borobilagoa baita mendebaldarron operazioa. Munduko baliabideak arpilatu eta klima ezegonkortu ostean, mauka aurkituko dugu armagintzan, kaosetik negozioa eginez, ihes egin ez duten naufragoak tiroka has daitezen, elkarren artean ahal bada. Ehun bat enpresa dira Euskal Herrian armagintzari lotuak, azpiegitura materiala jartzen ari direnak gaurko eta biharko Gernikak elikatzeko. Horietatik elikatzeko. Eta suhiltzaileren batek laguntzarik ematen ez badu Bilboko portutik armak garraia daitezen, atoan epelduko diote aldarri morala gainditzen duen atrebentzia, sei urtez gera baitaiteke enplegu eta soldata barik.

Gero eta datu gehiago ditugu ikusteko zibilizazio industrialak gainezkatu dituela muga ekologikoak eta, ondorioz, kolapsora doala. Eta munduko ekonomia geldituta dagoen bitartean, faxismoa gora doa. Yayo Herrerok zioen (eko)faxismo esplizituarekin batera («errefuxiaturik ez dadila sartu, ez ditugu nahi») baditugula molde inkontzienteagoak: «Etor daitezela, nahi ditugu, baina ez dugu auzitan jarriko han egiten ari garen harrapaketa». Ez da kalte gutxiagokoa bigarrena, inkontzientearen mantupean gordeta eta onberatasunaren zuzentasunarekin apainduta datorrena.

Hazkunde etengabeak ekozidioa dakar. Eta muga ekologikoak gainezkatuta daudela proiektuaren muina hazten jarraitzea bada, ekozidioari natural jarraitzen dio genozidioak, umearen gose amorratuari negarrak nola. Gaurko eta etorkizuneko Gernikak funtsatuz, ugarituz, larriagotuz.

Gehiegizkoa da esatea geu garela, euskal herritarrok, gaurko Gernika askoren iturburu. Baina bai, horixe berori esaten ari naiz, geu ere bagarela, globalizazioaren hariak konplexuak, ikusezinak eta zinez esajeratuak baitira bere ondorioetan. Horregatik behar dugu gertakariak airean zintzilikatzeari utzi eta, inoiz baino gehiago, logika ezin (geo)politikoagoa landu. Bake nahi orok interpelatu behar lituzke ez soilik geure barneko geruza moral intimoak, baita gizarte gisa ditugun helburuak ere.

«Demokrazia bai» esan berri da gurean eta, nik dakidala, ikusi dugu inoiz gutxitan gertatua: filiazio politiko ezberdinekoek zerbait adostu dute etorkizuneko euskal gizarte-ereduaz, Giza Garapen Iraunkorra deritzon formularen bidetik. Ongi etorri, lozorrotik ateratzeko ekimenak behar baititugu. Zehaztu beharko litzateke baina, zer den iraunkor nahi litzatekeena: ekologia (klima eta baliabideak), justizia sozial globala, ala hazkunde ekonomikoa. Ideologiak beharbada esan baitezake posible direla hirurak, baina datuek ez. Ebidentzia zientifikoek diote bateragarri egin daitezkeela hazkundea eta ekologia, baina sakrifikatuz justizia sozialaren helburua, planetak ez baitu ematen guztiok burges txiki izan gaitezen. Bateragarri egin daitezke hazkundea eta justizia, baina planeta hondatuz. Bateragarri egin daitezke ekologia eta justizia, baina horretarako hazkundea gelditu eta daukaguna ondo banatzeko boterea behar.

Egia da, mendebaldar gisa hautatu behar gogorrak bizi gaitu, nagusiki basoerditik haragoko kontuetan. Eginiko hautuaren baitan, gaurko eta biharko Gernikak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.