Karta-jokoa

Jone Miren Hernandez - EHUko Gizarte Antropologia irakaslea

2018ko maiatzak 13
Hizkuntza baliabide indartsua da kultura sortzeko eta kulturan eragiteko. Ekintza bat da hizkuntza eta, praktikan, pertsonok gauzak esateaz gain, gauzak egiten ditugu hizkuntzarekin. Hizkuntza, hitzak eta kulturaren arteko lotura estu honek eragiten du hitz guztiek izatea nolabaiteko zaporea: lanbide batena, adin, genero, belaunaldi batena, egunaren zati batena edo urtaro batena... Ez dago neutroa den hitzik, esaten digu Mikhail Bakhtinek.

Maiz, hitza eta boterea lotuta agertzen dira. Boterearentzat, ezinbestekoa da hitza eskuratzeko, erabiltzeko eta inposatzeko baliabideak izatea. Botereak du boterea duen hitza. Baina hitz xumeek ere ahalduntze edo boteretze prozesu bat izan dezakete. Ahozkotasunean adituak direnek, hitzek duten bizitza propioa, alegia, ahoskatzen dituzten gorputzek ematen dieten bizitza, nabarmendu ohi dute. Horren adibidea planto hitza litzateke.

Luze hitz egin da joan den Martxoaren 8aren inguruan gertatutakoaz eta bizi izandakoaz. Horren arrakastaz eta oihartzunaz. Nik, ordea, data horretarako aukeratutako leloan jarri nahi dut arreta. Planto. Irakurlea, hitza errepikatzera gonbidatzen dut, hitzak gorputzean duen oihartzunean errepara dezala eskatuz. Nago hitz horrek gorputza hartzeko gaitasuna duela, ekintzarako deia eginez. Karta-jokoan bagina bezala. Partida eten egiten da, erabat.

Planto egiteari egin zion deia feminismoak, eta leloak forma oso ezberdinak hartu zituen: ahotsak bezainbeste, gorputzak bezainbeste. Lasarte-Orian Martxoaren 8rako egindako deia zabaltzeko asmoz Inge Mendiorozek zuzendu zuen bideoa (https://vimeo.com/258230580) har daiteke lagin gisa ikusteko zenbat modu dauden planto hitza ahoskatzeko. Hamaika. Baina denetan badago intentzio sendo bat, asmo gorpuztu bat. Eta intentzio eta gorputz horietako asko eta asko bildu ziren egindako manifestazio eta ekitaldi ezberdinetan. Emakumeen gorputzak zigortzen dituen gizarte honetan feminismoak gorputza jarri du erdigunean. Are gehiago, feminismoak gorputzetik egiten ari dira, akademian zein kalean. Planto ez da hitz huts bat, ez da hitz neutroa, emakumeen ahotan, bizitza eta gorputza duen hitza da.

Karta-jokoa tartean, batzuk jokoa moztu eta beste batzuk nola luzatu nahian dabiltza. Aldi(a) da euskalgintza, zein hizkuntza politikaren eremutik hautatutako atzizkia. Euskaraldia. Zure aldia da, bota ezazu karta gonbidatzen gaitu ekimenak—. Euskal Herriko lurra irudikatzen duen mapa eta horren gainean kolore ugariko puntuak sakabanatuta agertzen dira kanpainako irudian.

Irudi horren azpian elkarte, erakunde zein eragile ezberdinen lana garatzen eta zabaltzen ari denaren berri dugu. Pixkanaka-pixkanaka ekimen ezberdinak ezagutarazten ari dira edonon. Elkarlana eta saretze lana azpimarratzen ari da, pertsona guztion ekarpenaren garrantzia nabarmentzen ari da. Euskal Herriko bazter guztietan eta gizarte eremu denetan jokatu nahi da euskararen partida. Zalantzarik gabe, ahalegin handia eskatzen ari den ekimena da Euskaraldia, urte bukaera bitartean gogo, indar, ilusio, neke, haserre zein poz asko eragingo duena. Gorputz lana izugarria eskatu du jada eta eskatzen ari da Euskaraldi hau, baina euskararen gorputzak, non daude?

XXI. mende hasiera honetan, feminismoak jakin izan du boterearen muinari heltzen, alegia, gorputzei heltzen. Jabetuta bazterketarako eta zapalkuntzarako gakoa dela, deia egin du gorputza geureganatzera eta erreboltarako erabiltzera. Berdintasun politikak lagungarriak izan dira eta dira, baina euren eremua zehatza eta mugatua da; logika eta helburu jakin batzuen arabera antolatuta eta gauzatuta. Esne-gaina sortzeko arriskua dago, berdintasunaren lilura edo ilusio faltsua.

Horregatik, gorputzek esan dute: Planto! Eta etorkizun hurbil batean behintzat jarraituko dute esaten eta oihukatzen, gero eta ageriago geratzen ari delako gorputzak direla bereizkeria eta bazterkeria bultzatzen dutenen jomuga.

Eta euskararen gorputzak non daude?

Ahozkotasunari loturiko kultura batean, komunikazioak pertsonak bildu eta elkartu egiten ditu hitzaren inguruan. Ahoskatzen eta performatzen den hitza da hau. Bizirik dagoen hitza, gaur eta hemen bati lotuta. Gorputz jakin batek sortua, eta berari guztiz lotua, hori baitu bere sostengu eta agertoki bakarra.

XV. mendean, Bizkaiko foru batek debekatu zituen emakume profazadorak (garai bateko bertsolariak). Debeku horrek horrela definitzen zuen bere jomuga:

«... sobre mujeres que son conocidas por desvergonzadas y revolvedoras de vecindades y ponen coplas y cantares a manera de libelo inflamatorio» (...Lotsagabe eta bazter nahasle izateagatik eta libelo sutzaileen tankerako koplak eta kantak asmatzeagatik ezagunak diren emakumeei buruzkoa).

Aurrerago, emakume horien jarduna horrela deskribatzen zen:

«En qué manera se puede hacer llanto y poner luto por los difuntos... Ordenaron, y establecían por ley, que de aquí adelante cuando quiera que alguno muere en Vizcaya [...] no sea osado de hacer llanto alguno mesándose los cabellos, ni rasgándose la cara, ni descubriendo la cabeza, ni haga llantos cantando, ni tomen luto de márraga, so pena de mil maravedíes a cada uno que lo contrario hiciere por cada vez». (Zer modutan negar egin eta lutoz jantz daitekeen defuntuengatik... Agindua zuten, eta legez ezarria, ezen handik aurrera edonoiz ere edonor hiltzen zelarik Bizkaian [...] ezein ezin ausartu zela negar-lantuka, ez adatsari tiraz, ez aurpegia urratuz, ez burua desestaliz, ez kantari lantu joka, ez eta iztupa harizko luto jantzian ere, eta ezarriko zitzaiola aldiko mila marabediren zigorraren pena halakorik egiten zuen orori).

Susmoa dut profazadoreen gainean ezarritako debekua emakume horien hitz edo kantuei bainoago, euren gorputzei zuzendutakoa izan zela. Horregatik, foruaren egileek tarte luzea hartzen dute emakume horien gorputz jarduna deskribatzeko. Gorputz horiei —algara, keinu bortitzak, burua estali gabe erakusteko joera— sentsorialitatea eta sentsualitatea zerien.

Ahotsa, hitza, hizkuntza zigortzen eta debekatzen ari ziren. Gorputz (jakin) batzuk eragindakoa. Geroztik, bertsolaritzak ahaleginak egin ditu ahozkotasunari eusteko, eta, berriki, emakume bertsolarien eraginez, gorputza berreskuratzeko asmoak agertzen ari dira.

Baina non daude urtetan eta hamarkadetan euskaldundutako gorputzak, hiztun berrien gorputzak? Euskara erdizka ikasi zutenen gorputzak? Non euskara galdu zutenenena? Non berreskuratu zutenenak? Non...?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna