Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Iritzia Hizkuntzak ez dira sekula gastua, inbertsioa baizik

Publizitatea

Iritzia

Hizkuntzak ez dira sekula gastua, inbertsioa baizik

 

2017-02-23 / Iñaki Garmendia Urkizu - EGA Masterren, zuzendari kudeatzailea

Mundializazioa tarteko, badira oinarrizko ideia bi inork zalantzan jartzen ez dituena: merkatua globala dela eta erosleak nahiago duela bere hizkuntzaz hitz egitea. Bi ideia hauek ez dira inondik ere berriak, orain hainbat mendetako euskal historiak erakusten digunez gero.

Gutxi zein asko, merkatua betidanik izan da globala. Neolitikoa ez zen Euskal Herrian asmatu, ezta euskal kulturaren zutaberik nagusienak ere. Norberak erabaki dezake kanpoko merkatura ez ateratzea baina, nahitaez, ez du sekula ekidin ahal izango kanpokoak norberaren merkatuan sartzerik. Are gehiago, kanpoko eta barruko jarduera, aldi berean, zaindu beharra, Joxean Artze poetak azpimarratu zuen (1969) Antso VII.a Azkarra zenaren epopeia (Navas de Tolosako gudua) gogoratu zuenean «atzerrian gerla —eta kateak— irabazi eta herrian Nafarroa galdu».

Ildo beretik, esan gabe doa munduan barrengo nazioarteko merkatuan hamaika hizkuntza direla eta, non-nahi, erosleak gurago duela bere etxeko hizkuntzan hitz egin diezaion kanpoko saltzaileak. Gogoratu, bestela, zer egin zuten XVI. mendeko lehen euskal misiolariek, Joan Zumarragakoak zein Frantzisko Xabierrekoak kasu, alegia: Mexikoko eta Japoniako «merkatuetako» hizkuntzak ikasi. Zaharra berri.

Hemen eta edonon, enpresek, luzera iraungo badute, lehiakorrak izan behar dute, eta lehiakortasunaren giltzarrietako bat estrategia linguistikoa da, gero eta garrantzitsuagoa. Hizkuntzak —formazioa, ingurumena edo zerbitzua bezalaxe— ez dira-eta gastua, inbertsioa baino.

EGA Master-en, ekoizpen osoaren %90 esportatzen dugu 150 herrialdetara, eta aniztasun honi erantzuteko hiru arlotan laburbiltzen dugu bezeroarengana errazago iristeko hizkuntza-jardunbidea: katalogoak, afixak, triptikoak eta gainerako inprimakiak, paperezko euskarritan, tokian tokiko hizkuntzen arabera; ahalik eta laguntzailerik poliglotenaz eta eleaniztunenaz baliatu; eta merkatuan beste ezein enpresak ez duen hiztegi teknikoa, zazpi hizkuntzatan, online ezarri.

Paperezko literaturari dagokionez, EGA Masterrek urtero argitara eman ohi du esku-erreminta sektoreko katalogorik oparoena: mila orrialdeko 15.000 ale zabaltzen dira, 8 hizkuntzatan, 150 herrialdetan barrena. Konta ezinezko inprimakiak, berriz, sumatu ere sumatu ezinezko edozenbat hizkuntzatan, serbieraz, vietnameraz, thailandieraz, indonesieraz, arabieraz, persieraz edo koreeraz, adibidez baino ez.

Lan-hizkuntzaren gainean, berriz, hogeitaka ele-mota dira, batez beste, EGA Masterreko ehun lankideon artean hitz egiten ditugunak. Europako zortzi edo bederatzi hizkuntzarik hedatuenez gainera, Afrikako, Ekialde Ertaineko zein Asiako beste hainbeste eta gehiago. Esperientziak erakusten digu, nazioarteko merkataritzan zeharo ohikoa den arren ingelesaren ezagutza, jendeak biziki eskertzen duela harremanak bere hizkuntzan egin ahal izatea, eta Euskal Herriko «muturreraino» telefonoz deitu eta erantzuna bere hizkuntzan jasotzea.

Hirugarrenik, Elhuyarren laguntzaz, online ezarri berri dugu 2.700 kontzeptu ingururen erabilera-hiztegi bat, non biltzen diren, zazpi hizkuntzatan (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, alemana, portugesa eta txinera), gure katalogoan, produktu-zerrendan, checking-listan eta barne-dokumentazioan erabili ohi diren terminoak, Hego Ameriketarako berariazko aldaerak eta guzti.

Hizkuntza-estrategia honen helburua, funtsean, lehiakortasunari eustea baino ez denez gero, hainbatek galdetu izan du zergatik euskaraz ere, baldin, kopuru absolutuetan, EGA Masterren euskal salmentak munduko %1era ere heltzen ez baldin badira. Erantzuna oso bakuna da, ordea. Alegia, EGA Masterren Gasteizko lantegian dagoelako munduan beste inon ez dagoena: euskal jendea. Euskadiko sail guztietan ditu EGA Masterrek pertsona euskaldunak, eta eguneroko edo kaleko euskara honezkero nahiko finkatua egon arren, arlo teknikoak hiztegiaren laguntza eskatzen du sarri, euskaraz ez ezik, baita munduko hizkuntzarik handienetan ere.

Guk beti esan izan dugu, harro esan ere, Gasteizko enpresa multinazional familiar bat garela, hogeitaka hizkuntzatan lan egiten duen euskal enpresa bat, eta hogeitaka hizkuntza horietako bat euskara dela. Ez gehiago, eta ez gutxiago.

Beste kontu bat da, zergatik esku-erreminten lehen euskal hiztegia Gasteizko enpresa batek egin behar izan duen... Baina, aukeran, nik nahiago horri hiztegirik egin ez dutenek erantzutea.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak