Kartzelako matxismoak itota eta bakartuta

Maritxu Arostegi Escribano
2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Maiatzaren 18tik kartzelako komunak garbitzeari uko egiteagatik, matxismoari eta sexismoari aurre egiteagatik, Granadako kartzelako zuzendari jaunak isolamendu mugagabean zigortuta dituen Ainhoa Mujika eta Agurtzane Delgado euskal presoen egoera salatzeko, ezagutarazteko eta laguntzeko sortutako talde bat gara. Helburu horrekin idatzi dugu eskutitz hau, jendarteak jakin dezan, kasu honetan Alboloteko kartzelan (Granada, Espainia), matxismoaren garroak noraino iristen diren:

Bertako zuzendari, zerbitzu-buru... eta bestelako lanpostuak gizon «ahalguztidunen» esku daude, eta haien borondatea nahikoa da neurri bat edo beste ezartzeko, injustizia bat estaltzeko, dena nahi eran antolatzeko eta justifikatzeko.

Emakume kartzeleroen jarrera ere ez da desberdina. Horietako batzuentzat, emakumea eta presoa izatea gauzarik mespretxagarriena da eta «¡Parece mentira que seáis mujeres!» estiloko esaldiak eguneroko leloa dira, askotan garbiketa egoerekin lotuta. Beste batzuek berriz,haiek jasandako diskriminazio ugari jasan behar izan dituzten bezalaxe, presoa izanda, arrazoi handiagoz «jan» beharko dituztela aldarrikatzen dute.

Kartzelan dauden soldatapeko lanposturik gehienak gizonek betetzen dituzte proportzio kuantitatiboan (azken urte hauetan emakumeen lanpostu kopuruak behera egin du) baita kualitatiboan ere. Gizonezkoentzat izaten dira konponketak, margotzeak, kanpoaldeko garbiketa, kartzela barruko kaleen garbiketa, hornigaien jasotzea eta banaketa, zabor-bilketa, paketeen jasotzea, birziklatzea, kiroldegian, liburutegian, isolamenduan, harrera moduluan... Denetan gizonak beti nagusi. Kartzelatik mugitzeko nolabaiteko askatasuna baimentzen duten lanpostu guztiak gizonezkoek betetzen dituzte, emakumeak ezin baitira modu askean ibili. Berriz ere, desmundu itxian, espazioen ukoa emakumeentzat.

Kartzelako lanetan aritzen diren emakumeak anekdotikoak dira, izaki exotikoak ia, labanderian eta bis geletako garbiketan izan ezik. Berriz ere, garbiketa emakumeari lotuta.

Emakumeen moduluko aisialdiko tailerrean ez dago erremintarik, ez lan tresnarik, josteko makina, jostorratzak, zerra txiki batzuk eta pinturak izan ezik. Zergatik gizonezko moduluetan mailuak dauzkaten bitartean, emakumeek erabili behar dute kontserba lata bat mailu funtzioa egiteko? Lana eta sorkuntza ez omen da emakumeen espazioa, sorkuntza mugatzen zaie, trabak jarri. Josi eta garbitu, horretan laburbiltzen dute emakumearen jarduera.

Espazioak mugatuta edukitzearen beste adibide bat eskolarena da. Azken bi urteotan, emakumeek haurtzaindegia zenekoan atondutako gela batean hartzen dituzte alfabetatze klaseak, moduluko esparruaren barnean beti, toki faltagatik hogeiko kopurura mugatuz. Gizonek berriz, eskolako aretoetan, «area socio-cultural» izenekoan hartzen dituzte klaseak, edozein kartzelatako gune garrantzitsuenean alegia, bertan eskola, aktibitateak, antzerkia, bizitza soziala egiten den gunean, kartzelako «agoran» alegia. Zuzendariak hala erabaki zuen bikote pare bat sexu harremanetan aurkitu zituztela aitzakia hartuta, eskandalua pizteko, emakumeak putak direla lau haizetara zabaltzeko eta sinetsarazteko, zigortzeko eta moduluan konfinatzeko. Gizonek, aldiz, edozer gertatuta ere, ez dute inoiz beren espazioa galtzen.

Komunen garbiketaren afera izan da erabateko isolamendura eraman dituena. Lehen, gainontzeko moduluetan bezala, aitortutako lana izanik emakume batek egiten zuen lan hori. Baina duela lau urte, lan-aitorpena kendu, zigor-aitorpena eman eta hortik aurrera emakume denek txandaka komunak garbitu behar zituztela agindu zuen zuzendariak. Gizonen moduluetan, aitortu eta ordaindutako lana izanik, emakumeek uko egin zioten lan hori musu truk egiteari.«A las mujeres no les voy a pagar!» izan zen zuzendariaren erantzuna. Azken lau urteotan, komunen lan-aitorpena aldarrikatu dute, baina zigorrak besterik ez dituzte jaso, zigor bat bestearen atzetik, azkena isolamendu moduluan sartzea izan delarik.

Gizonen kasuan, ondorio negatiboak, zigorrak, norbanakoari dagozkio; emakumeen kasuan, aldiz, emakumeen kolektibo osoari zabaltzen zaizkio.

Emakumearekin, sexuarekin eta moralarekin nolabaiteko obsesioaren isla ere bada zuzendariak hartutako beste erabakia, bis familiarretan bikotekidea bakarrik ez joatearen ezarpena, hain zuzen ere. Bis horretan intimitate espaziorik egon ez dadin hirugarren pertsona baten presentzia inposatu izan du zuzendariak presoaren bizitza «familiarrak» nolako izan behar duen kudeatu nahian.

Emakumearen hipersexualizazioa ere bistakoa da. Kirola egitean (eskailerak gora eta behera, korrikan aritu), funtzionario batek esan zuen: «claro, subiendo y bajando escaleras se os pone el culo duro y luego la vais liando por ahí». Kirola egitean emakumeak arriskutsuak dira, eta horregatik konfinatu behar dira moduluan.

Benetako afera ez dira komunak, arazoa sakonagoa da, eta horixe da salatu eta islatu nahi duguna: emakumeak ez ditzatela konfinatu, objektu bihurtu, estereotipatu... Formakuntzarako zein aisialdirakoberdintasuna, gizonezkoen eskubide berdinaketa errespetua besterik ez dugu eskatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.