Zer gertatzen zaigu?

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia,, Joxe Mari Muñoa
2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
1. Zenbait galdera, errealitatetik. Izenburu horren bidez gure artean ikusten ditugun hainbat kontraesan ekarri nahi ditugu gogora. Esaterako, zer ari da gertatzen, azken urteetako atzeraldi ekonomikoa atzean utzita, aldi baterako enpleguak eta iraupen luzeko langabeziak hazten jarrai dezaten eta laneko prekaritatea murriztu ez dadin? Zer gertatzen da masa-kiroletan futbolean, bereziki diru-kopuru hain itxuragabeak mugi daitezen? Zer ari zaigu gertatzen, ETAren borroka armatutik askatzea lortu ondoren, politikaren arloan konfrontaziotik eta hitzezko indarkeriatik irten ezinik jarraitzeko? Zer gertatzen zaigu ordezkari politikoak etengabe sesioan ibiltzeko, gehiago saiatzen direlarik arerioa zigortzen edo hauteskundeak irabazten, guztion ona bilatzen baino? Zehazkiago, eta pertsonen eguneroko bizimodura jaitsita, zer ari zaigu gertatzen, ongizateak eta norberaren kontsumoak gora egin arren, horrenbeste beldur izateko bikotekide egonkor batekin lotzeari eta familia edo seme-alabak izateari? Zer ari da gertatzen gurasoen eta hezitzaileen autoritatea gero eta murritzagoa izateko? Zer gertatzen zaigu orain arte sagratuak ziren esparruetan familian, eskolan edo osasun-etxeetan horrenbeste mehatxu eta eraso egoteko? Zer ari zaigu gertatzen honenbeste indarkeria matxista eta sexu-abusu egoteko? Zer ari da gertatzen emakumea amutzat har dezaten hainbat profesional eta publizitate-agentek? Zer ari da gertatzen hainbeste pertsona bakarrik eta gogogabetuta egoteko? Zer ari zaigu pasatzen beren buruaz beste egiten duten gero eta pertsona gehiago egoteko? Zer gertatzen zaigu hainbeste pertsona frakasatzeko beldurrez eta motibazio gabe egoteko?...

2. Beharrizana, nahia eta balioa. Iruditzen zaigu galdera sorta luze horren erantzunak gizakiaren nahi eta interesen, beharrizanen eta balioen mapa konplexura garamatzala. Azken binomio horri jarriko diogu orain arreta. Beharrizanak definitzeko esango dugu pertsonarentzat garrantzitsua edo ezinbestekoa irizten diogun horretara mugiarazten gaituzten jaiotzetiko joerak direla. Balioak, aldiz, objektuei berez duten garrantziaren arabera erantzuteko jaiotzetiko joerak dira eta, horregatik, izaera unibertsala dute.

Gizakien beharrizanei dagokienez, hauek bereiz ditzakegu: beharrizan materialak (dirua, ondasunak, jabetzak...); fisikoak (osasuna, mugikortasuna...); psiko-afektiboak (nahitasun-harremanak, elkarrekiko sexu-atsegina...);psiko-sozialak (onartua izatea, autonomia, ezagutza, lanbide-arrakasta, errespetua...) Balioek, beharrizanek ez bezala, ez dute pertsona bultzatzen, baizik eta jardutera erakartzen dute. Ideal funtsezko eta iraunkor gisa defini ditzakegu, eta gizakiaren egungo jokabidearekin edota existentziaren behin betiko helburuarekin dute lotura.

Ildo horretan, aitortu beharra dago pertsona guztiak ez dituztela balio berdinek mugitzen. Izatez, badira balio ekonomikoak lehenesten dituztenak, oparotasunaren eta, azken batean, zorion-iturritzat dauzkatelako. Zenbaitek balio estetiko eta artistikoei (edertasuna, harmonia...) ematen die lehentasuna. Beste batzuen iritzian balio politikoak (kohesioa, ordena, aldaketa, boterea...) dira guztiaren aurretik kokatu beharrekoak. Uste dugu, esandako horien guztien gainetik eta aurretik, balio etikoak ezarri behar direla, horiexek baitira gizakiak hain berea duen hori konprometitzen dutenak: bere askatasuna eta erantzukizuna egikaritzea. Balio etikoak, batez ere, praktikaren alorrekoak dira, ez hainbeste espekulazioaren sailekoak, eta pertsonaren giza kalitatea neurtzen dute.

Balio etikoetan errotuta dagoen pertsona nekez erortzen da moda edo giro iragankorren mende. Pertsona horien jokabideak barneratuta duten balio helduari jarraitzen dio. Den bezalakoa izan daiteke, nahiz eta horretarako, batzuetan, prezio garestia ordaindu behar. Badaki nor den eta zergatik bizi den horrela.

3. Erakundeak pertsonaren zerbitzura. Zer gertatzen zaigu? Hona hemen galdera bat gogaitzen gaituelako saihestu ohi duguna. Are gehiago, egiaztatzen dugunean gizarte likido eta sendotasun gutxiko batean bizi garela, non aurrerapen tekniko eta sozial handiekin batera, beste hauek ere etorri zaizkigun: orojakintza sentsazioa (zientziarekin eta teknikarekin guztia jakin eta menderatu dezakegun ustea); indibidualismo ankerrena, non norberaren eta norbere taldearen niak «besteari» lekua kentzen dion; elkarrenganako mesfidantza eta, azkenik, erlijioarekiko fobia, zeinaren indarrez arrazoi jakin batek fede erlijioso oro kanpo utzi nahi duen.

Testuinguru honetan, non geratzen da gizakia eta hari dagokion duintasuna? Eta ez gara pertsona abstraktuaz, idealaz eta generikoaz ari, baizik eta pertsona zehatzaz, hezur eta haragizkoaz, hauskortasun eta prekaritate existentzialak baldintzatzen duten pertsona horretaz.

Pertsona horren zerbitzuan jarri behar dira erakunde sozialak (ekonomikoak, politikoak, kulturalak...) eta gu guztion konpromisoa. Zoritxarrez, pertsonaren erdikotasuna ahazten ari gara, eta, horrekin batera, egiari zor zaion leialtasuna, manipulazio eta gezurrik gabe; gutxien dutenekiko justizia; erantzukizuna eskatzen duen askatasunaren egikaritzea. Errotik aldatu beharra daukagu gizon eta emakumeago ez ezik, elkarkideago egiten gaituzten balioak geure gain hartzeko, hitzen magia eta itxurakeria gainditu eta egitateen testigantzara igarotzeko. Horregatik, ez da alferrikako galdera, zer gertatzen zaigu?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.