Larraitz Lucas.
IRITZIA

Bete dezagun Anoeta

2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Ekainaren bukaeran sortutako proiektu bat zen hura. 2004. urtean abiatu zen gure Reala. Ametsak egia bihurtzen zirela entzun nuen behin, txikia nintzela, eta, Iñigo Dominguezen eta Garbiñe Etxeberriaren ahotik «Realak aukeratu zaitu» entzutean, egun hori etorri zitzaidan burura. Realaren elastikoa jantziko nuen! Gerokoa ez nuen amestu inoiz. Politegia izan zen.

Ibilbide luzea, gogorra eta oparoa izan zen. Hasi bezain pronto, lotailu gurutzatua hautsi eta sei hilabete itxarotea tokatu zitzaidan, ofizialki debuta egiteko. Erregionaletik Lehenengo Mailara iristeko, bi urte pasatu ziren. Igoera fase gogorra tokatu zitzaigun: Sporting Huelva etxean, eta Kanarietan ondoren. Hemeretzi jokalari eta teknikariak bat eginda, familia moduan arituz, Reala Lehenengo Mailan ikusteko aukera izango zuten zaleek. Eta gu, lehenengo aldiz, «profesionalak» izango ginen. Alajainkoa!

Egunero entrenamendu gogorrak, bi orduko saioetan banatuta, Zubietako instalazioak erabilita, eta gure Tximist maitea bidelagun genuela jokatu genituen partidak. Denboraldiek aurrera egin zuten, eta, haiekin batera, lehenengo agurrak. Bizipenak bihotzean genituen betiko.

Hamalau urte pasatu dira nesken taldea sortu zenetik. 2018a ere markatua geratuko da realzaleen bihotzean, 2004a markatuta dagoen bezala. Zubietatik Anoetara, pausoz pauso, hainbat jokalariren ekarpenari esker, beste amets bat beteko da. Ez dadila azkena izan.

Izan ginelako dira, eta direlako izango dira. 19ak bat lelo hura Anoetako palkoan egongo da, Realeko neskak animatzen. Beste urrats bat egingo du emakumezkoen futbolak; gizarteari tokatzen zaio erantzutea. Bete dezagun Anoeta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.