Joseba Azkarraga Etxagibel.

Emozioak antropozenoan

2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Azken hamar urteotan trantsizio ekosozialaren urgentziaz hizlari jardun dugunok badakigu zer den, datuak eman ahala, entzuleen begiak larritzen ikustea. Beldurra ez da emankorra dosi altuetan. Ateraldi erreakzionarioak ere piz ditzake. Beraz, hitzak modulatu behar, saihestuz alarmismo antzua, aipatuz aterabideak, ez da beti asmatzen. Aldi berean, garbi utziz seguruenera ez dela paradisurik izango lurrean, giza kondizioa nekez ezkon daiteke perfekziozko proiektu handiekin. Autolimitazioa da kontua. Garapen alternatiboak eta garapenari alternatibak.

Hamar urteotan datuak nabarmen larriagotu dira, dela klima, energia, finantzak, ekosistemak, ezberdintasunak, prekarietatea, Europaren deskonposizioa, antidepresiboak, armak, errefuxiatuak, edo eskuin muturra. Eta shock handienak etortzeke, hautatu baita krisitzarra areagotuko duen aurreranzko ihesa. Zibilizazio industrialak kolapsatzeko presa balu bezala.

Halere, trantsizio zaleok sarri jasotzen dugu epai kontrafaktiko bera: irakurketa ezkorra duzu, katastrofista, apokaliptikoa. Hots, hizlariari hiperbolea egoztea da erantzun arketipikoetako bat. Mezularia hiltzea, nolabait. Nago ukazio molde bat dela. Nahasmenduaren erdian, cow boyak tiro egin dio pianistari, ez zaio doinua gustatu. Freudek defentsa mekanismoa ikusi zuen mezularia hiltzeko joera ezagunean, «aurre egiteko jasanezina denari» zioen.

Ukatzaileak saihestu ohi ditu datuak, ezbaia ez da kokatzen dialektika arrazionalaren eremuan. Erreklamoa beste bat da, haserretik maiz: ez nazazu blaitu kezkaz, antsietatez, beldurrez, tristuraz, sentipen kaotikoz. Emadazu positive thinking, proposatu ezazu happy amaiera. Ondoeza espultsatu beharra dago.

Beti egon dira bekozkoa zimurtuz azken judizioa iragarri duten profetak. Baina azken urteotan bi kontuk aureola fantasiosoa kentzen diote ohartarazpenari. Bat, hondaketari buruzko datuen fintasuna eta zehaztasuna. Bi, etorkizuneko mehatxuez gain, jada bizi ditugun ondorioez ari gara. Halere, bietan sakonduz gero hainbatengan erraz aktibatuko da errealitatea salbatzeko disposizioa. Zaila da lekua egitea osotasun gordinari eta gordintasun osoari.

Ulergarria da ukazioa. Defentsa mekanismotik harago, azal daiteke eboluzioaren ikuspegitik ere: espezie gisa eboluzionatu genuen «hemen eta orain» erantzuteko (epe motza eta gertuko espazioa), baina teknologiari esker giza ekintza inoizko eraginkorrena da «han bihar». Alegia, handi geratzen zaigu emergentzia ekosozial globala, labur geratu baitzaigu aparatu moral-kognitiboa. Pertzepzioak eraiki ohi ditugu eguneroko esperientzia berehalakotik, eta dendetako apalak gainezka daude, arazorik ez autoaren depositua betetzeko, bonbilla askoz efizienteagoak ekoizten ditugu orain. Ezgaitasun kognitibo funtsezkoan atrapatuta bageunde legez.

Gainera, eboluzioaren hasieran ezaugarri bat selekzionatu omen zen biziraupena ziurtatzeko, gaur kaltegarri zaiguna: arazo sozialen gaineko ezagutza inhibitzeko aurre-disposizioa. Baita geure buruak engainatzekoa ere, daukagun botere handiari buruzko esperantza faltsuekin. Hau da, egia baino nahiago dugu esperantza.

Hainbaten kasuan, ordea, nago badela motibo sinple bezain aitorrezinik. Gure alderdi batek nahiago du kolapsoa esportatzen jarraitu, Irakera, Libiara, Siriara. Nahiago du desjabetzean oinarrituriko garapenarekin segitu. Hobe genuke logika ekofaxistak ikustea norbere barruko inplizitu gisa, soilik hor kanpoan objektibatu beharrean eskuin mutur eran. Ez eman berri deserosorik barruko horri, bertan goxo egon nahi baitu biekin: ez dagokion energia eta material kontsumoarekin, eta ez dagokion kontzientzia onarekin. Espero du enpresak handituko dituela salmentak, uxatuz EREa. Konfiantza sortarazi dio informatiboak, entzun baitu Loiuko aireportuak areagotu dituela hegaldiak, tutik ez karbono isuriez. Eta, e, burtsak ez du ba gora egin: diruak dirua eman dio deus egin gabe, ez du ezer galdetuko.

Hortxe dugu euskal jendartearen arteria (sozialdemokrata) zentrala. Sistemak behar gaitu baikor eta kontsumozale, sinergikoak dira biak: baikorrak kontsumitzen du eta kontsumoak baikortzen gaitu. Framing jakin bat da, mimoz fabrikatua noski, Black Friday ez da gertakari metereologikoa. Sistemari atxikitzeko moldean emozio positiboak eta axolagabetasuna hauspotuko dira. Ez iraindu alaitasun kontsumista, kontsumoaren suspertzea baita geratzen zaigun salbazio bakarra. Ezker-eskuin ditugu fededun tolesgabeak.

Gauzak horrela, gogaikarria da ekologismo ez estetikoa. Talde-orgia demasakora heldu den tipoa da, partehartzaileak beroaldiaren gorenean daude eta eskatu die jarduna eteteko, preserbatibo ezaz eskandalizaturik. Nork arraio gonbidatu du triste hori?

Bitxia da, gizarteek babesik gabe ari diren falokrata produktibistei esleitu diete oreka, heldutasuna, gidaritza. Aldiz, zaintza ekologikoari egotzi zaio irrealismoa, edo puer aeternus konplexua, umearen espiritu erradikal eta xaloa ei dario bere proposamenari. Bost axola zer dioen fisika oinarrizkoenak edo azken txosten zientifikoak.

Zaila da aterabidea, asko dira prest ez daudenak. Dolu mingarria eskatzen baitigu: agur esatea hazkunde material hazkorraren promesari. Kolapsoa saihesteko, kolapsora eraman behar zentzu-estruktura zaharrak. Ezaguna da Kübler-Rossek galeren aurrean formulatu zuen erreakzio zikloa: ukazioa, angustia, egokitzapena, depresioa eta, azkenik, onarpena. Premiazkoa da ahalik eta gehienek ukazioa gainditu eta ziklo osoa burutzea. Azkar samar.

Eskegi egiozu hiperbolea katastrofe ekozidaz eta, beraz, potentzialki genozidaz ari denari, baina orainaldia eztitzeak etorkizunik gabe utziko gaitu. Peter Panen traza handiagoa du euskal kaleetatik dendaz denda poltsa bete esku dabilenak, kontsumoak lagunduko diolakoan bizitza edertzen eta identitatea eraikitzen. Edo hazkunde mugagabearen fikzioan tematu den establishmentak, eta horrek gure baitan duen aliatuak.

Arduragabekeriaren eta fatalismoaren artean, bada besterik: amiltzea saihesteko, berau agertoki posibleena dela sinesten duen jarrera arduratsua. Jean-Pierre Dupuy-k catastrophisme éclairé deitu zion behar dugun atmosfera emozionalari: irudimena eraman behar genuke hondamendiaren osteko garaira eta garbi bistaratu zer datorren gaurko bidetik. Jakinik ez dela nahitaezko patua.Etsigarria? Eutsigarria izateko bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.