Unibertsitate borroka

2017ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Itxura batean anti-instituzionalismo berri bat zabaltzen ari da. Berria zabaltzen edo zahar, oso zahar, baten kimu berriak agertzen. Kanpotik ikusita oso ideia zahar batean hartu du oinarri: zernahi erakunde sistemaren egitura eragilea delarik, hartan parte hartuz gero, edo harekin traturik izanez gero, kutsatu eta usteldu egingo zara. Oinarria arrakalatu ez dadin, erakundeak entitate homogeneotzat eta denak berdintzat hartzea komeni da. Bestela esan, ez da aintzat hartu behar zein den erakundeen barne konplexutasuna, ezta inguruko erakunde ekosistema ere. Trazu larrietan margotzen dute: sistema bakarra eta aski abstraktua eta mendeko erakunde eta aparatu eragileak guztiz mendekoak.

Nire bizi eskarmentuan hiru jarrera ikusi ditut erakundeen aurrean; aski teorizatu diren jarrera eta hautu estrategikoak, bestalde.

Aurrena, aipatu dudana: erakundeak sistema zapaltzailearen aparatuak dira, esku eta atzaparrak, ihes egin behar da haien kutsaduratik eta zuzen-zuzenean egin behar zaie eraso. Etsaiak dira. Haietan diharduen edonor ere etsaia da, edo konplizea, edo gaixo manipulatua. Zer esanik ez, kargurik izanez gero. Estrategia, beraz, eraso edo aurre zeini eta nola egingo zaion hautatzera mugatzen da. Non egingo zaio min handiena sistemari? Zein aparatutan?

Hurrenak ez du ukatzen sistemaren ahalmen zapaltzailea, baina erakundeak iraultzarako edo eraldaketarako aukera-eremuak direla uste du. Erakundeak ez dira denak berdin-berdinak, barne-egitura eta eginkizunak oso diferenteak izaten direlako, eta erakunde-ekosistema desberdinetan edo bakar batean denean ere posizio desberdinetan jokatu behar dutelako. Ekosistemak ez dira estatikoak, aldatuz doaz erakundeen baitatik aldaketak sortzen direlako. Erakundeak, hitz gutxitan, borroka-eremuak dira, haietan ere aldaketak eta helburu politikoak lantzeko eta lortzeko aukerak sortu behar dira, ezinbestez. Hemen hautu estrategikoak konplexuagoak dira, unean-unean hartu beharrekoak: zein erakundetan eta nola eragin, zertan eta norekin ahalegindu, erakundeetan zer sortu eta zer zaindu. Eta nola bihurtu eraldaketarako tresna, bide eta eragile.

Hirugarrenez, erakundeak banakoen akordio libreen emaitzak direla uste duten iritzia dugu. Berariaz eta eginkizun jakinetarako gizarteak gauzatu dituen tresnak, nonbait. Entitate zintzo, argi, garden eta asmo onekoak. Bestela esan, gizartearen kristalizazio eraginkorrak, gizarteak bere burua adituki gobernatzeko eta kudeatzeko eratuak. Bistan da, zentroko populismoaren jarrera da. Moderazioa eta kudeaketa zuhurra dira bere banderak.

Ezker populismoak, berriz, lehenengoari eutsi dio luzaroan. Gatazka polarizatuetan arrunt samarra da ikuspegi hura, ulergarria pentsa liteke: etsaia bereizi eta ondo identifikatu beharra dute halako gatazka batean ari direnek. Horregatik, jarrera horretan etsai zintzoa topatuko dugu beti. Zintzoa, argi dugulako hura dela etsaia, osoki eta betiko delako etsai. Guztian gu ez bezalakoa den etsai zintzoa.

Zer galtzen dugu bistatik ikuspegi bi horietan? Batetik, erakundeen barne konplexutasuna: haien bizitza ez-formala, ezaugarri eta egitura sortu berriak, haietan jarduteko aukerak, haiek ematen dizkiguten ahalmen eraldatzaileak, mugatuak baina eraginkorrak, eta jakina, haien baitako botere-dinamikak, tirabirak, lehiak eta borrokak. Bestetik, erakundeen ekosistemaren tentsioak eta logika aniztasuna, alegia, ez dugu ikusten sistema ahalguztidun eta guztiz determinatzailearen ordez logika sistemiko asko eta kontraesankorrak daudela eta haiek jendartea eraldatzeko ezinbesteko ahalmen iturriak direla. Hitz batean, garaipen eta ahalmen partzialen mundua galtzen dugu, posibletik ezinezkoa lortzeko aukerak, esnaturik egiten ditugun ametsak betetzeko lan zail posiblea.

Aste honetan EHU izan dugu albisteetan. Kasu gutxi egin zaio ikerlari aurre-doktoreen ekimenari, zalaparta handiz agertu dira hainbat istilu. Biak ikusita sortu da gogoeta hau. Zein-nolako jarrerak sumatzen dira gertaera horietan?

Esku-orri batean irakurri dut EHU «kapitalismoaren sostengu eta erreprodukziorako instituzioa» dela. Segur aski halako efektuak ditu, inguruko beste edozein erakunde publikok zein pribatuk dituen bezala. Baina, aldi berean, EHUn jendarte eraldaketarako lan eta ahalegin, borroka eta zaintza egiten da. Etsai zintzoa nahi duenak ezin du hori errez onartu. Ezin du onartu EHUn euskararen alde, edo genero berdintasunaren alde, edo ekonomia askatzailearen alde, edo langile eskubideen alde egiten den borroka eta lana. Askok esango du hori ez duela EHUk berak egiten, hango langile zenbaiten ardura baino ez dela. Bai, zuzen daude: EHUko askoren ardura eta ahalegina, borroka eta ekimena da. Ez guztiona, ez halabeharrez erakundearena, ez hala izan dadin ezer egiten ez badugu. Eta badugu zentzu horretan zereginik: ikertu eta asmatu, ikasi eta irakatsi, eztabaidatu eta ulertu, hobetu eta eraldatu. Eta zergatik ez, gure burua eta gure jendartea ezarian irauli.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.