Apurtu klixeak

Jabier Larrañaga
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Pasa den astean kalean topatu nintzen aspaldiko lagun batekin. «Hombre, Jabi, zer moduz?». Pozten ginen elkar ikusteaz, eta ohiko komentarioak eta ohiko galderak egin genizkion elkarri. «Orain errenta kanpainarekin eta, a tope ibiliko zarete, ezta?». Hau ere ohikoa, urtearen sasoi honetan. Gaia atera zenez, galdetu nion ea zein hizkuntzatan aurkezten zuen aitorpena. Euskaldun zaharra, etxean eta lanean euskara erabiltzen duena da nire laguna. «Errenta? Erdaraz motel. Badakik, gauza hauekin, segurura... Badaezpada ere!».

Elkarrizketak zer pentsatua eman zidan. Jakina da Ogasun arloari dagokionez, beste hainbat alorretan bezala, euskara normaltasunetik urrun dagoela oraindik ere. Baina, aipatutako kasuan bezala, egoeraren erantzukizunaren zati bat gugan dago, gure aurreiritzi eta beldurretan, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala ikusi eta gauza «serioetan» aritzeko mugak dituen erreminta bezala ikusten dugulako.

Egia da fiskalitateaz aritzeak baduela bere zailtasuna, euskaraz edo beste edozein hizkuntzatan jardun. Hiztegi propioa du, teknizismoz betea, eta horren bueltan lan egiten ez duen herritarrari arrotzak egiten zaizkion kontzeptu abstraktuz betea. Gainera tartean diru kontuak egonda, askok eta askok «segurura» jotzen dute: gaztelaniara.

Eustaten datuen arabera, gaur egungo Gipuzkoako biztanleriaren erdia euskalduna da, eta horietatik %70ek erraztasuna dute euskaraz edo euskaraz zein gaztelaniaz egiteko. 215.000 pertsonaz ari gara. Errenta kanpainan, ordea, 58.000 pertsonek bakarrik aurkeztu zuten aitorpena euskaraz 2016an, hau da, aitortzaile guztien %15ak. Badira pozteko arrazoiak ere: hamar urte atzerago egiten badugu, euskaraz aurkezten ziren aitorpenak osoaren %6,4 besterik ez ziren, eta, beraz, horrek esan nahi du hazten ari dela gure hizkuntzaren erabilera alor honetan. Bilakaera positiboa da, behintzat.

Gipuzkoako foru Ogasunean era aktiboan ari gara joera horri eutsi eta hedatzeko ahaleginetan. Errenta kanpainan herritarrei arreta ematen dieten zerbitzu eta lanean ari diren pertsona guztiak daude prestatuta gipuzkoarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, kapital higikorren gaineko atxikipenez edota langileen partaidetzako pizgarrien aplikazioaz aritzeko. Beharrak direnak direla ere, euskaraz erantzuteko.

Horregatik, aurtengoan ere, Errentan kanpainaren aurkezpenean errepikatu dugun mezua izan da euskararena, herritarrei euren aitorpena hizkuntza honetan aurkeztera dei eginez. Lurraldeko hainbat udalek ere egiten dituzte antzeko deialdiak, eta baita zenbait elkarte eta eragile ezberdinek ere. Denon artean, lortzen ari gara gai honen bueltan zarata pixka bat ateratzea.

Gipuzkoako foru Ogasunetik zabaltzen ari garen mezua zuzena eta argia da: utzi konplexuak eta aurreiritziak alde batera, eta animatu Errenta aitorpena euskaraz aurkeztera. Horretarako, ordea, herritarron kontzientziak aktibatu behar dira, eta bozgorailu guztiak dira beharrezkoak: bai da garrantzitsua Ogasunarekin euskaraz aritzea, askok eta askok barnean daramagun lehen eta bigarren mailako hizkuntzen klixea apurtzen laguntzen duelako.

Eta lagunari... Lagunari esan nion ea zein aitorpen klase aurkezten zuen, hain konplexua izan eta euskaraz egiteak beldurra emateko. «Konplexua? Ez motel… soldata, etxebizitzaren hipoteka eta seme-alabengatik ematen dizutena. Ez dabilkit nik atarramentu handiegirik». Esan nion ahoz gai bazen bere kontuak azaltzeko, gai izango zela baita ere administrazioarekin aritzeko. Animatzeko, aitorpena euskaraz aurkezteko. «Tira, ba, arrazoi daukak. Guk egiten ez badugu, ez dik eta inork egingo». Eta egingo zuela esan zidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.