David Fernandez.

Sarrionandia oinez Rambletan

2016ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
«Ilunpean ikusten ikastenez dugun bitartean,ez dugu jakingo argi idazten»

Orain dela 17 negu hasita, 1990az geroztik, urtarril guztietan egiteko bera agendan: urteroko manifestaziora Bilbora. Beti manifestazio berera. Kiribil errepikatu batean eta errepidean gora, beti bera da urtea hasi eta hurrengo larunbata: kalean, giza eskubideen alde eta sakabanaketaren kalte planifikatuen kontra, espetxe politika arbitrario, krudel eta anker baten kontra, zeina aldrebes jaio baitzen, mendeku politiko-penal gisa, 1987. urte urrun hartan.

Geroztik, murruak, bakartzeak, hesiak; ezer ez da mugitu. Tira, bai: okerrera. Errepertorio libertizida eta errepresio grina bake garaian: gogortu egin da murru barneko zigorraren logika panoptikoa; legez kanpo utzi dute Herrira; atxilo hartu dituzte abokatu defentsariak; mozorrotu egin dute bizi guztirako kartzela zigor ezkutuko horren basakeria; besteren mina hutsaldu dute, eta espetxe erregimenaren kontrako disidentzia guztia kriminalizatu. Erregimen hori, izatez, makrokartzela bat da. Gobernuak badoaz, eta ziegek bertan diraute.

Pentsamenduak oraindik ez daki biolentziaren auzia inguratzen baino; eta, hala, sinplifikazioa inposatzen da diskurtsoetan, biolentziaren tiro tipiko hori. Hala dio Sarrionandiak. 2001az geroztik, suhiltzaile piromanoen gisan, logika antiterroristaren urradura eroa lur kanibal errea da: jakina da nola hasten den, baina ez nola bukatuko den, eta makinak bere asmatzailea bera ere salatzen du, Garzon izeneko bat. 29 urte giltzapean: 10.585 egun dira, eta beste hainbeste gau, sakabanaketaren ezlekuan eta ezdenboran, presondegiaren barneko presondegi, modu perbertsoan pentsatua senideentzako zigor erantsia izan dadin; urtero hogei bider munduari itzulia, espetxerako bidean: 809.000 kilometro. Baziren behin, 2004ko neguan, Kataluniako 75 erakunde, politika hura bukatzeko eskatu zutenak, alferrik.

Isiltasunezko hormak; salbuespen politikoa, juridikoa eta espetxekoa; arima mccarthista eta inkizisioko sustraiak: sakabanaketa da gehien isildu eta ukatu diren gauzetako bat euskal gatazka deitzen den horretan, zeina anomalia espainolaren ifrentzua eta ispilua baita aldi berean. 30.000 atxilotu, 16.000 kartzelatu, 6.000 tortura salaketa eta 472 hildako azken hamarkadetan: horiek ez dira sekula ateratzen Euskal Herriko indarkeria guztien anatomiari buruzko kronika ofizialetan. Biktimak, minak eta sufrimenduak —estatu terrorismoarenak, indarkeria parapolizialarenak, torturarenak, sakabanaketarenak—, etengabe ukatuak, zigorrik gabeak; aldamenean, memoria eta errespetua, ETAren 850 biktima ukaezinenganako.

«Preso egon denaren gogoa/ gartzelara itzultzen da beti. Bere bihotz barruan/ betirako kondenatu bat dago». Joseba Sarrionandiarenak dira bertsoak: euskal poetarik onena, ihesean 1985etik. Paradoxak: Sarri klandestino bat litzateke gaur egun —eta hemen eta oraindik eta oraintxe bertan— Rambletan. Euria ari du oraindik, 31 urte geroago: erakusgarri argia, zer gutxi aldatzen diren gauzak, McWorld eta Celtiberia Show-ri axala aldatu arren.

«Presoa zelda bazterrean,/ bakarrik mintzatzen bezala./ Baina ez, armiarma bati/ galdetzen dio «Noiz arte?»./ Armiarma, berehala,/ zintzilikatu eta haria/ luzatzen jeisten da./Eta badirudi hari luze hori dela/ armiarmaren erantzuna». Erantzunik gabeko galderak, berdearen eta grisaren eta beltz ilunaren kolore guztietakoak. Euskal Herria sufrimendu poliedrikoen mapa amaigabe bat da oraindik. Zubiak gurutzatu, eta hormak gainditu: nork bere Euskal Herri intimoa du, bizi izan duguna, sufritu duguna, konpartitu duguna. Min adieraezinak, betirako absentziak; nireak, hauek: Martxelo Otamendi, Guardia Zibilak torturaturik; Egin, itxirik; Pepe Rei, kolpeka atxiloturik; Pernando Barrena, Auzitegi Nazionalean eserita negu honetan; Rosa Lluch eta Roberto Manrique —Hipercorreko biktima—, eta Antoni Batistaren konplexutasunaren begiak. Eta sei urtez imajinatu beharra, egunero, adiskide presoa, eta sekula ez bezala sumatu Maixabel Gaztañaga falta dela, erresistentziako ama adoretsua: mutil-laguna, kartzelan, desobedientzia baketsurako deia egiteagatik; semea, berriz, gazteen aktibismoan politika egiteagatik. Nahasmenduak eta hondamenak.

«Defenda ezazue zuen bake beltza./ Defenda ezazue uso zuriz, banko biletez/ eta harma astunez». Analogia posiblerik gabe, Kataluniako errealitatea eta Euskal Herrikoa hain desberdinak izanik, honexek lotzen ditu: biek buru egin behar diete bunker berari eta betiko burdin barrei. Sarraila eta giltzarrapoa, immobilismoa eta mozala, eta makilakadak, baita azenarioarentzat ere. Euskal Herrian ezarri da —komunikabideen itxiera, legez kanporatze kafkarrak, sumario politiko zentzugabeak— Europako Batasunean izaniko azken salbuespen egoera. Errematea, Logroñoko presoaren —Arnaldo Otegiren— aporia: gerra estatu batek bahitua dauka, bakea egiten saiatzeagatik.

Eta egin dezakegun gehiena egiteko daukagu oraindik. Sarrionandiaren esanak: ilunbeei desobeditzen ikasi arte ez dugu argi bizitzen jakingo. Hamazazpi urte geroago, jendearen emanak Bilboko kaleak bete ditu ostera, Sarek deiturik. Sare aldarrika ari da saihestu daitekeen sufrimendu bat geldiarazteko, haiek beren legea bete dezaten —hurbildu—, gaixo dauden presoak kartzelatik atera —humanismo penalagatik, gutxienez—, eta konponbiderako jokalekuak irits daitezen. Bistan utzirik sakabanaketak—nahita sortzen duen sufrimendu planifikatu hori gorabehera— porrot egin duela azken buruan, ezin baitu garaitu ezein elkartasun. Hantxe izan gara beste behin, hainbat eta hainbat, egurats gorrian, bogan haizean eta haizea putz, harkaitza zulatuz —tantaz tanta— eta esperoan oraindik. Hainbeste gauzaren esperoan; baita Godoten esperoan ere, agian; esperoan, itzultzean Sarrionandia aurkituko ote dugun agian, Rambletan, gatibu ez eta libre, memoriaren kantoian eta geroaren bidegurutzean, lasai-lasai paseoan, eta David Caño poetarekin topatuko da, eta galdegin zer aurpegi —«kondenaren abolizioa»— eta zer kolore duen askatasunak. Rambletan topatu, eta ez ibili lau kantoietara begia luzatuz, ihesa prestatuz, alde egin beharrean oraindik. Zuen askatasuna behar dugu. Eta egiaztatu ezen behar dugula—gaur, orain, hemen— haren askatasuna; batez ere, jakiteko askatasuna posible dela oraindik.

( Erredakzioan itzulia )

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.