Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Tortura manifestazioetan? Bai horixe!

2017ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Gure herrian, polarizazio politikoaren ondorioz, batzuetan errealitatea puztea eta beste batzuetan errealitatea ukatzea, gutxiestea, izan da nagusi. Egitateei, giza eskubideen urraketa larriei kasurako, so egin beharrean, askotan, ez baleude bezala egiten genuen (zenbat biktima ikusezin!), eta batzuetan, ordea, dagoenetik askoz harago joan nahi izaten zen (izaten da: horra hor guztiz eskandalagarria den Altsasuko kasua!), «nireak», «nire zauriak», «nire kausa politikoa» ageriagoan uztearren, horrela arrazoia irabaziko bagenu bezala.

Dinamika horretan harrapaturik suertatu den kasu bat askoren gainetik torturarena izan da. Hainbaten aldetik ukatzen da errotik egon izana, indarkeria politikoaren testuinguruan batez ere, harik eta horri erabateko buelta eman arte, tortura salatzen duena salatua izateraino. Baina ukazio erabatekoaren ondoan sarritan estrategia ez da ukatzea, garrantzia kentzea baizik: hainbesterako ez bailitzan. Eta hor hizkuntzak, terminologiak bere lana egiten du, hitzok estalki ideologiko gisa erabiliz: laburbildurik, ez dezagun deabrua aipatu; alegia, «tortura» ez da. Eta horren harira, hots, tortura ukatzen eta gutxiesten duten dinamikaren aurrean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak berriki eman duen epai bat aztertzea merezi du.

Bartesaghi Galo eta beste batzuk vs Italia. 2017 (ekainaren 22ko) epaiaz ari gara, Estrasburgoko Auzitegiaren 1. aretoak emandakoaz hain zuzen ere. Egitateak Italian gertatu ziren, 2001eko uztailaren 21ean, G8 mandatarien gailurra ospatzen ari zen protesta batzuen testuinguruan. Aipatu egunean, gauez, polizia-unitate berezia indar osoz sartu zen Genovako eskola batera (Diaz-Pertini izenekora), barruan zeudenen kontra ikaragarrikeriak egiten. Gertakizunaren tamainaz jabetu gaitezen, azpimarra dezagun ia ehun pertsona atxilotu zituztela, eta horietatik 78 ospitalera eraman behar izan zirela. Oihuka eta mehatxuka sartu ziren (VII Nucleo antisommassa unitateko) istiluen kontrako poliziak, aurpegia estalita, kasko eta ezkutuz horniturik, bertakoen aurka ostikoka eta ukabilkadaka, borraz kolpeka aritu ziren behin eta berriz, baita lurrean baketsu eskuak altxatuta zeudenen aurka ere. Polizia batzuek altzariak ere bota zizkieten. Polizia operazioaren ondorioz, hainbat lesio izan ziren.

Norbaitek esango du: bueno bai, poliziak aurrera eramaten duen gehiegikeria, indarraren erabilera neurrigabekoa eta hortaz ez-zilegia, arbuiatzekoa. Eta hori dena egia da, egindakoa halako hitzetan sartzen baita. Gure artean, Euskal Herrian, «polizien abusuak» leloaren baitan sartuko lirateke hainbaten aburuz. Baina hori egia izanik ere, ez da egia osoa. Ez bederen Bartesaghi kasuan.

Izan ere, esku artean dugun kasu zehatzean bestelakoa izan baitzen erabilitako molde terminologikoa. Italiako Auzitegiak berak barneko prozesu penalean tortura izan zela aitortu zuen. Hori bai, torturaren definizio legezkoak kasua hartzen ez zuenez, lesio delitu bezala tipifikatu behar izan zuen. Hori dela eta, azkenean ez zen inora iritsi. Horregatik, salatzaileek Estrasburgora jo dute.

Giza Eskubideen Auzitegiaren esanetan, zalantzarik gabe indarkeriaren erabilera sistematiko, neurrigabeko eta diskriminaziorik gabea izateaz aparte, ez zegoen halakorik egiteko inongo oinarririk: alegia, ez zegoen halako operazioa aurrera eramateko inolako premiazko egoerarik edota mehatxu hurre-hurrekorik polizien esku-hartzea ahalik eta lasterren eskatzen zuenik. Hortaz, poliziek eskolara sartzeko plana prestatzeko behar besteko denbora izan zuten, polizia-operazioa taxuzkoa eta neurrikoa izan zedin. Polizien artean —jarraitzen du Estrasburgoko epaiak— baziren eskarmentu handiko poliziaburuak, indarraren erabileraz zeresana zutenak baina ez zutenak, aitzitik, inolako argibiderik eman, haien betebeharra bazen ere. Laburbilduz: ez zen ondo planifikatu, ez ziren argibide egokiak eman, eta, indarra modu sistematiko eta neurrigabean erabili zutenez gero, egindakoa «tortura» gisa jotzen da. Ez tratu krudelak edo ez-gizatiarrak; tortura, baizik.

Teknikoki, torturaren debekua aurreikusten duen 3. artikulua, arlo substantiboan, urratutzat jotzen da. Estrasburgoko Auzitegiak gutxitan aldarrikatu du halakorik. Gutxitan, torturaren izenak eta izanak duen estigmatizatzeko ahalarengatik. Estatu bat «torturatzailea» izatea, karga handiko etiketa denez gero, ez da askotan gertatzen 3. artikulua bortxatu denetan hain urrun joatea.

Inor gutxik esango liguke kalean galdetuz gero manifestazioetan gertatzen diren gehiegikeriak «tortura» bezala kalifikatu daitezkeenik. Askotan, esparru horietan beste aldera begiratu ohi da, «okerrak» edota «abusuak» direlakoan. Indarkeria erabiltzeko moduari eta neurriari dagokionez, ordea, tortura ere izan liteke, Estrasburgoko auzitegiaren esanetan.

Espainiako diktaduraz geroztik, tortura beti izan da ukatua gure artean. Polizia demokratiko batek ez luke beldurrik izan behar tortura aitortzeko. Horrek ez du zertan behar bezala jarduten duten milaka polizien lana belztu. Areago, horren aitorpenak, horren prebentzioak eta horren aurkako zigorrak txerto efektua edukiko luke, poliziaren lan fidagarriago eta profesionalagoa sustatuz. Ez dezagun tortura erabili modu orokorrean borroka politikorako. Baina ez dezagun ahaztu tortura egon badela, eta ez bakarrik polizia etxeetan. Begiratu diezaiogun aurrez aurre errealitate gordin horri. Ez dezagun ukatu, ezta gutxietsi ere. Sar dezagun haren aurkako borroka eta tratamendua gure eztabaida publiko eta demokratikoan. Horretarako, ziur lagungarriak izango zaizkigula Estrasburgotik datozen adibidea eta autoritatea, baita ausardia ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.