Bingen Zupiria Gorostidi.

Goyari begira

2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Bilboko Arte Ederren Museoak erakusketa ikusgarri bat zabaldu du, Francisco Goyaren margolanez eta aldi hartako beste zenbait artistaren obraz osatua. Aukera paregabea da Aragoiko margolari handiaren obra ezagutzeko eta bizitzea tokatu zitzaion garaiaz, Ilustrazioaz, gehiago ikasteko. Erakusketaren azken partean, eranskin modura, jatorri euskalduneko hamaika gizon-emakumeren erretratuak daude: militarrak, aristokraziako kideak, erregearen laguntzaileak eta merkatari aberatsak; euskal herrietan jaioak, ondarea handitzeko asmoz, etorkizun hobe baten bila gortera joandakoak.

Goyaren birraitona bera ere antzeko bidea egindakoa zen: Zerainen sortua, ogibidez hargina, Aragoi aldera joan zen lanera, eta ez zen berriro herrira bueltatu. Adar hartako kimua izan zen Francisco Goya. Zaragozan margolari bezala nabarmendu ondoren, Madrilerako bidea hartu zuen eta bere ospea eraikitzen joan zen, koadroz koadro, era guztietako enkargu-lanak onduz, Carlos IV.aren margolari nagusia bihurtu arte. Bilboko erakusketak eboluzio hori mihisetan ikusteko aukera ematen digu. Eta azken bi geletan, euskaldunen erretratuak.

Garai hartako kronikek esaten dutenez, mundu guztiak nahi zuen Goyaren erretratu bat, baina ez zegoen edonoren esku. Gutxienez, erretratu horietan ageri diren euskaldunek besteko ondasuna eta ospea behar zen. Eta koadro hauei begira, galdera sortu zait: prezio-kontuak gorabehera, nolakoa izan ote zen Goya eta erretratatuen arteko harremana? Nola bizi ote zuten goi-funtzionario, militar eta aberats haiek beren euskalduntasuna? Ba ote zuen Goyak bere euskal jatorriaren zantzurik?

Erakusketak ez du honi buruzko erantzunik ematen. Erretratu bikainak dira, teknika ikusgarriz landuak. Irudikatutako pertsonaien garrantziaz eta posizioaz hitz egiten digute, eta margoetan ageri diren argi-ilunen eta jantzien detaile, azpildura eta xehetasunen bitartez Goyak haien oparotasun eta boterearen berri ematen digu. Gizon-emakume haiek ez ziren edonor: Goyadunak ziren! Eta Madrilek egin zituen handi.

Hemen utzi zuten Euskal Herria soilagoa zen, baina bazituen bere aberatsak ere. Azkoitiko Zalduntxoak adibidez. Haiek hemen geratu ziren, eta beren herriarekiko kezkaz, ekonomiaren, kulturaren eta hizkuntzaren arloetan hainbat ekimen «ilustratu» bultza zuten. Ordukoak dira, adibidez, Peñafloridako kondea eta El borracho burlado bere opera komikoa. Baina ez Munibe kondeak eta ez bere bertsozko antzezlanak ez zuten lortu Madrilekoen ospe eta entzuterik.

Gure betiko bi joerak. Etorkizuna ontzeko helburuz estranjerira joandakoena, eta berton gelditutakoena. Munduari bira eman zion Elkanorena edo Parisen modaren goien mailara iritsi zen Balenciagarena; eta hemen geratuta gure herriaren aurrerabideari heldu ziotenena. Gure historia, jakina, ezin uler daiteke hemen geratutakoek emandako jarraipenik gabe, baina ezta ere, seguruenik, joandakoek lortutako osperik gabe.

Bilboko erakusketa Madrilen ospatutako Goya Sarietan Handiak izan duen oihartzun ospetsuaren itzalean etorri da. Garaño eta Arregiren pelikula txikia da, kalitate handikoa izan arren, eta Espainiako zinearen onespena behar izan du gure hizkuntzaren eta lurraldearen mugak apurtzeko eta handiago bilakatzeko.

Herri txikia gara eta zenbait arlotan zail izan da, anbizio handiagoa zuten pertsona eta profesionalek beren jarduna gure lurraldera mugatzea, etorkizun oparoago bati uko eginda. Aurrerantzean ere ez da erraza izango ekonomiaren, gizartearen, zientziaren, kulturaren edo kirolaren arloetako gure Goya gazteak sorterrian geratzea betiko. Eta kanpora joanez gero, Goya zaharrari gertatu zitzaion bezala, beste jatorriren bateko bikotea aukeratzea izango da normalena, eta seme-alabarik balego, jaioko diren herrikoak sentitzea. Kontu zaharra da.

Gogoetarako eta lanerako erronka ezartzen digu guztioi gai honek bizi dugun aldi aldakor honetan, baina, batez ere, herri-kontuen kudeaketarekin zer ikusia daukagunoi.

Ongi prestatutako belaunaldi berriak dauzkagu, munduari irekiak, bi edo hiru hizkuntzatan bizi eta lan egiteko gaitasuna dutenak. Gure kultura, hizkuntza eta lurrarekiko lotura estuak dituzte eta horiei eusteko premia eta gogoa adierazten digute. Laguntza eman beharko diogu talentu berri honi, bertatik lan egitea erraztuz eta joan-etorriko aukerak bermatuz. Euskaraz egiten den zine edo musikaren kasuan, adibidez, gaitasun hori ikusi da eta sortzaileek modu naturalean bizi dute.

Beste kasu batzuetan ezinezkoa izango da. Espainiako edo Frantziako telebista kate nagusi batean aurkezle izan nahi duenari, Oxforden filosofia irakasle izateko gaitasuna duenari, hegazkinak diseinatzeko prestakuntza duen ingienari bati, edo mundu mailan golf jokalaririk hoberenetako bat izateko abilidadea daukanari ezin eskatuko diogu aukera horri uko egin eta aitaren etxean geratzeko; horiek egin dute beren aukera. Baina bide berriak sortu beharko ditugu, sareak eraikiz eta harremana zainduz, Euskal Herriarekiko lotura gal ez dezaten eta gu bezala euskaldun sentitu daitezen, handik eta hemendik gure herriaren historiaren haria iruten jarraitu dezagun denon artean. Seguru gustura hartuko dutela gure ondorengoek, 200 urte barru, hemengo edo hango museoren batean Goyaren maila lortuko duen margolari berriren batez hitz egitean bere jatorri euskalduna ere mintzagai izatea.

Animo, eta ez galdu Goyaren erakusketa bikainaz gozatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.