Jon-Mirena Landa Gorostiza.

ETA desagertu ondoren: presoen egoera

2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
ETA desagertu izana berri ona da. Baina desagerpenaren inguruan batzuk eta besteek egiten duten irakurketa politikoa gorabehera, aldaketa objektibo bat gertatu da: jada ez dago antolakundea. Egia da 2011n jada su-etena aldarrikatua izan zela eta harez geroztik ez dutela atentaturik egin; egia da armak ere eman dituztela eta hainbat aldiz, tenore ezberdinekin, egindako kalteaz aitortzen eta barkamena eskatzen ahalegindu direla. Baina maiatzaren 3an, beste urratsa eginez, erakundea sortu zutenen izenean, erakunde hori desagertutzat jo dute, preso eta taldekideekin, antza, erabakitze prosezu baten ondorioz.

Su-etenetik desagertzeko unera arte ia zazpi urte pasatu dira, eta horrek argi asko erakusten du, halako erakunde konplexuak desegitea ez dela kontu erraza. ETA desagertzea ez baita soil-soilik «hitzen kontua»: alegia, hori adierazte hutsa. Horretaz gain, indarkeria aurrera eramateko modu antolatua indargabetu beharra dago. Beraz, politikak batzuetan aditzera ematen duenaren aurka, ETAren errealitatea ezin da besterik gabe «aldarrikapen» hutsekin neurtu. Kontua serioagoa da.

Horregatik, bereziki garrantzitsua da baieztatzea zazpi urteotan hitzak ezezik aztarna objektiboak ere pilatu direla; hain zuzen ere, ETA ez dela «arriskutsua» frogatze aldera. Pertsonak hiltzeko, lesionatzeko, bahitzeko, mehatxatzeko arriskuaz ari naiz. Hortaz, ETA arriskutsua ez bada, errealitate hori ere presoen egoera juridiko-penitentziariora eraman beharra dago. Zeren eta desagertzeko unera heldu baita, presoek beraiek horretarako erabakia, alde bakarrekoa, bultzatu dutelako, ikuspegi horretatik, preso guztien eta bakoitzaren erabakia, ekarpena, ere badelarik.

Presondegietan, estandar demokratikoen arabera, errealitate berriak hainbat aldaketa ekarri beharko lituzke. ETArekin harremanetan jotakoak orain arte oso arriskutsuak balira bezala tratatuak izan dira, inolaz ere kontuan hartu gabe erakundearen eraldatze prozesua. Presondegietako-administrazioa eta Justizia-administrazioa hitzei begira zeuden, lelo bati helduta: ETAk darrai. Ez omen da ezer aldatu, zioten; oraindik ETArekin lotura mantentzen ei dute presoek eta lotura hori mozten ez duten bitartean ez dago berrikuntzarik. Lotura, jada, eten da: ez dago zerekin lotzerik.

ETAko edozein presoren birgizarteratze pronostikoa aldatu da, eta horrek, lehenik eta behin, lehen graduko tratamenduan sailkatuta dauden guztien berrikustea ekarri beharko luke. Lehen gradua isolamendu antzeko eraentza gogorra dakarrena bukatu behar da, ETA bukatu den bezala. Izan ere, lotura horretan oinarritzen baitzuen Presondegietako Administrazioak salbuespenezko aipatu eraentza-itxia. Lehen gradua ezezik, urruntzea eta dipertsioa ere, biak, bertan behera laga beharko lirateke, ez baitago segurtasun arrazoibiderik halako egoera mantentzeko.

Presoak, demagun, bigarren graduan baleude, gainera, ETA desagertzeko egindako ahalegin indibiduala, preso bakoitzarena, «Justizia-administrazioarekin elkarlana» balitz bezala uler liteke, argi eta garbi, ikuspegi juridikotik. ETA desagertzen lagundu bada, Presondegietako Lege Organiko Orokorraren 72.5 eta 6 artikuluetan azaltzen diren ukanbeharrak betetzeko bidean jarri dira. Aipatu legean hirugarren gradua edota askatasun baldintzatua lortzeko ukanbeharrak bi dira: batetik indarkeria bertan behera uztea eta, bestetik, Justizia-administrazioarekin elkarlanean jardutea. Biak daude beteta. Izan ere, hor ezin baita «elkarlana» modu hedakorrean ulertu, erruztatuaren aurka. Objektiboki erakundea desagerrarazten lagundu bada, horrek aldaketa ekarri behar du. Inkluso ikuspegi honetatik begiratuta aitzakiak bukatu dira.

Esandakoaz haratago, borondatea balego (eta badirudi ez dagoela), indarkeria bertan behera utzita, justizia administrazioarekin elkarlana gauzaturik, Presondegietako Araudiaren 100.2 artikuluari helduta, esaterako, presondegi onura normalak (baimenak, hirugarren graduan xedagarri diren bizitza baldintzetako batzuk erdi askeko erregimenean bizitzekoak...), edozeini aplikatzekoak direnak, lor litezke legea inolaz ere behartu gabe. Izan ere, 100.2 artikuluak «malgutasuna» ematen baitu, egoera berezietan, tratamendu programa bereziak martxan jartzeko. ETAren desagertzea ez bada egoera berezia, erakunde armatua indargabetu den neurrian, zer da ba berezia izango?

Azkeneko hausnarketa. Artikulu honetan esandako guztia ez da pribilegio baten aldeko ariketa dialektikoa. ETAko presoei estandar salbuespenezkoa ezarri zaie, demokrazian berez ez zilegi dena, baina, inkluso hura defendatzen ari direnen logika ankerraren ikuspegitik, aspaldi baina orain areago ezartzeko aurresuposamendurik gabe gelditu dena. Orain eskatzen ari dena ez da, hortaz, estandar demokratiko bati helduta justiziaz gertatu beharko litzatekeena besterik. Beldur naiz, ordea, orain bestelako aitzakiak bilatuko direla presoentzako estandar salbuespenezkoari heltzeko. Eta horrek legea behartzen du urratzeraino. Horrek demokraziari berari egiten dio kalte. Horrek elkarbizitzari eta berradiskidetzeari egiten die kalte. Eta horrek presondegietako sistemaren zilegitasuna belaunaldietarako kolokan jarriko luke. Hori nahi al dugu?

Horren aurrean, legelaria naizen aldetik, giza eskubideen zuzenbidearen aldarrikapena eta ariketa besterik ez zait geratzen. Estrasburgoko Giza Eskubideen Epai batek, Clift v. Britainia Handia 2010 , jada esan zuen, diskriminatzailea zela delitu jakin batzuen kasuan presondegi onurak ukatzea, gainerako delituetan posible direnean. Horren ildotik, Europako Kontseiluaren 53.6 presondegi arauak dio, segurtasun goreneko neurriak «gizabanakori ez barneratuen talde osoei» ezarri behar zaizkiela. Onurak banan-banan aztertu behar, errealitate indibidualarekin alderatuz. Gobernuak ETAko presoak kolektibo gisa, baldintza bereziak etengabe ezartzen, eta errealitatearen aurka eginez badihardu, Europako Giza Eskubideen Ituna urratzen ari da, diskriminazio onartezina eraginez. Noiz arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.