Gerra 'made in' Euskal Herria

Izaro Gorostidi Bidaurrazaga - EHUko irakaslea

2018ko ekainak 10
Albert Camusek azaldu zuen pertsona errebelde bat ezetz esaten duena dela. Bere ustez ezetz badio, ez dio uko egiten: bere lehen mugimendutik baietz esaten duen pertsona bat da. Nobel saridunarentzat ezetz horrek muga bat seinalatzen du, ukazio bat, baina aldi berean baieztapen bat ageri da, «honetarako eskubidea dut» adierazten duen ezetza delako. Modu batean, errebeldiak, norbera zuzen egotearekin zerikusia dauka. Eta batzuetan halako ekintzak bidegabekeriak azalarazteko pizgarriak suertatzen dira.

Ignacio Roblesek, Bilboko suhiltzaile batek, 2017ko martxoan ezetz esan zuen. Ez zuen onartu Bilboko portutik Saudi Arabiara zihoan lehergailuz betetako itsasontzi batean segurtasun laguntzaile moduan lan egiteko agindua.

Itsaso Gorrirantz armak garraiatzen zituen ontzi baten laguntza-taldea zuzentzeari uko egin zion eta horren ondorioz Bizkaiko Foru Aldundiak espediente bat ireki zion. «Bere funtzioak ez betetzeagatik», bi eta lau urte arteko kargugabetzea eskatu zioten, falta oso larria zela argudiatuz. Albiste honek sare sozialen erabiltzaileen elkartasuna piztu zuen eta Interneten zabaldutako babes kanpainak 70.000 sinadura lortu zituen hiru egunetan. Alderdi eta sindikatuek sostengua erakutsi zioten eta azkenean zigorra falta txikia bilakatu zen.

Baina suhiltzaile baten ezetzari esker, ezaguna ez den errealitate bat agerian geratu da eta horrela jakin dugu azken 17 hilabeteotan Bilboko portutik Saudi Arabiara 12.000 tona arma esportatu direla. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma eta Kontzientzia Eragozpen Mugimenduak osatu duten Gerra hemen hasten da batzordearen arabera, «egunero Bilboko Portutik Gernika bat esportatu dugu Yemen bonbardatzeko», Gernikaren bonbardaketan 31 bonba- tona erabili baitziren. Urte eta erdi igaro dira Ignacio Robles suhiltzailearen ukotik, eta ordutik gaur egun arte Ongi Etorri Errefuxiatuak, Mugimendu Feminista eta Greenpeace-ren moduko eragileak Euskal Herritik Saudi Arabiara 455 arma biltegi eraman direla salatzen ari dira.

Baina aste honetan jakin dugu azken hiru hilabeteetan ez dela bidalketarik egin, ez da lehergai eta gerrarako materialez beteriko kontenedorerik irten. Ongi Etorri Errefuxiatuak mugimenduaren ustez, «presio sozialaren eraginez» arma trafikoa eten egin da eta beste portu batera mugiarazi dute. Oharkabean gertatzen zen fenomenoa ikusarazterakoan gizartean eztabaida areagotu du, eta, ondorioz, Bilboko Portutik armak garraiatzeari utzi diote.

Erantzun hau ikusita, Kolektibotik adierazi dutenez, armen salmentaren aurka egiteko Europa mailako mugimendu bat artikulatu nahi dute «negozio eredu hau kanporatuko duen masa sozial kritikoa eraikitzeko» helburuarekin.

Armen negozioan Espainiako Estatua nazioarteko zazpigarren esportatzailea da. Ignacio Robles berak berriki Europako Parlamentuan egindako jardunaldi batzuetan EAJ, PP, PSOE eta Ciudadanos alderdien jarrera salatu du, Europako armagintza industriaren lehiakortasuna sustatzeko «500 milioiko inbertsioari baietza» eman diotelako.

Euskal Herriko lurraldeetan armagintzaren negozioak duen presentzia ez da sinbolikoa. Gerraren salerosketaren industria militarrean, Euskal Herriko ehun enpresa inguruk parte hartzen dute.

Hainbat kolektibok irmoki salatu dute gerra Euskal Herriko hamaika tokitan hasten dela, bertoko enpresek armagintzarako egiten duten jardunagatik. Uribe Kostan kokatuta dagoen Sener Ingeniaritza enpresa, esaterako, elektronika militarrean aditua da. Zaintza, tiroketetarako sistemak eta misilen kontrolerako sistemak diseinatzen dituzte.

Andoaingo Sapa enpresak AEBetako Armadarekin lau urtetarako kontratua sinatu zuen 2015ean, 30 milioi eurotako balioagatik. Expal, Explosivos Alaveses enpresak, Turkiako gobernuarekin esportazio-kontratuak sinatu izan ditu, adibidez, MK serieko hegazkinetarako 13.000-18.000 bonbako eskaera.

Gaur egun badirudi Yemengo gerran erabiltzen direla beraiek ekoiztutako lehergailuak. Baina euskal armagintzaren negozioa ez da gerra egoeran dauden herrialdeetara soilik heltzen. Nicaraguan egon diren protesten ondorioz poliziak Eibarren ekoitzitako jaurtigaiak erabiltzen zituela jakin dugu. Eibar hitza irakur zenezakeen bala horietan.

Euskal Herriko armen ekoizpena eta, bereziki, Bilboko Portutik egiten den armen trafikoa salatzeko Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia kolektiboa, Bilboko KEM-MOC talde antimilitarista eta Gasteizkoak kolektiboak elkarlanean ari dira. Crowdfunding kanpaina bat martxan jarri dute Gerra hemen hasten da izenburua duen dokumental bat egiteko. Proiektuaren arduraduna den Joseba Sanzen hitzetan, helburu lorgarri bat armagintza industriaren ordez Eusko Jaurlaritzak bioteknologia edo biomedikuntza sustatzea litzateke, bizitza, alegia, eta ez heriotza. Gerra Euskal Herritik mundura zabaldu ez dadin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna