Nori komeni zaio hitzarmen hau?

Nerea Martiarena Vallejo
2017ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Nafarroako Prestazio Handiko Trenaren Korridorearen (AHT) bultzadaren antzerkiaren aurrean gaude, zaharkituta eta iraungita dagoen Abiadura Handiko Trenarena alegia, oraingo Nafarroako Gobernuak modu tematian berrizendatu nahi duenarena. Hizkuntzaren jokoaren gauzak dira, gauzak bere izenarekin ez deitzearena: Castor proiektua, Sanferminetako museoa, Los Arcoseko zirkuitua, Navarra Arena, eta orain Prestazio Handiko Trena (AHT).

UPN/PSNren proiektu zaharretik ez da koma bat ere aldatu, ideia bat egiteko Ingurugiro Eragin Txostena 2004. urtekoa da. Zer aldatu da hamahiru urte hauetan?

Badirudi PP eta Geroa Bai orain ados daudela Nafarroan garatu nahi duten trenbide ereduarekin. Hura bultzatzeko lanak ere banatu dituztela dirudi: Geroa Bai Iruñerria egiteaz arduratuko da, eta UPN/PP Castejonetik Campanaseko zatiaz, Tafallatik pasatuz.

Nola daiteke, tamaina honetako proiektu bat bultzatu baino lehen, errentagarritasun soziala edo ekonomiko aztertzen duen ikerketa bakar bat ere ez egitea? Agian uste dute, azken finean dirua publikoa denez, ez dela beharrezkoa.

Nafarroan AHTaren edo Prestazio Handiko Trenaren lanak ez abiarazteko hainbat arrazoi azaldu dira, eta baita azterketa sakona egitea ere.

Hala ere, Nafarroako Erdialdean gertatuko dena ikaragarria da, Tafallan, Erriberrin, Martzillan, Villafrancan... gaur egun dituzten trenbide loturak galduko dituzte. Madrilera bidaiatzeko gaur egun baino denbora gehiago beharko dute, Iruñeraino autoan joan beharko dute, aparkalekua ordaindu, AHT berria hartu, eta Erdialdetik berriz pasatu, tiketa gehiago ordaintzeaz gain. Norbait ausartzen da erabaki honen logika azaltzera?

Iruñeko trenbidearen saihesbideari dagokionez, beste tokietan, hosgabetzen, hesitzen edo herrigunetatik pasatzen diren trenbideak isolatzen inbertitzen da dirua, arriskuak eta eragozpenak gutxituz. Hemen, dagoena alde batera utzi eta azpiegitura berri batean dirua xahutu nahi da. Beste aldetik, ez dago mugikortasun eta diru aldetik plangintza on bat duen hiririk bere geltokia erdigunetik urruntzeko euro bat gastatuko duenik, kontrakoa, Europan geltokiak hiriaren erdialdean kokatzen dira. Ez da interes ekonomiko berezirik egongo geltoki berria Etxabakoitzen kokatzeko?

Hau dena jakinda, oraingo Nafarroako Gobernua tematzen ari da, eta AHT/PAT eraikitzeko lanekin jarraitzeko hitzarmen bat sinatzeko negoziazioa abiaraztea erabaki du.

Orain dela gutxi, Espainiako Gobernuko Ministroa den Iñigo de la Serna (PP) eta Nafarroako Gobernuko lehendakariordea den Manu Aierdiren (Geroa Bai) artean izandako bilera argigarria izan da, itxurakeriak alde batera utzita: ados daude.

Teknikoki, gaur egungo azpiegitura hobetzeko aukerak aztertu gabe jarraitzen dute, eta ekonomikoki Ministroak argi utzi zuen: aurreikusitako 675 milioi euroak orain «800 bat milioietara» handitu nahi da, «eta behar bada 1.000 milioietara handituko dugu». Horrela hartzen dira erabaki politikoak, eta horrela xahutzen da diru publikoa, ez da hobeki azaltzen ahal batzuen eskuetan egosten ari dena AHT/PATari buruz ari garenean.

Madrileko saltsa hau Nafarroara ekarrita, bertsio eta irakurketa desberdinak agertzen dira, aste honetan bertan gobernuaren bozeramaileak, Maria Solanak emandakoa, eta lehendakariordea den Manu Aierdik emandakoa, badirudi kontraesanak daudela.

Kasu honetan barraskiloaren lasterketa izango litzateke, emeki-emeki, euria egiten duenean eta eguraldiak laguntzen duenean, burua atera eta AHTa eskatu Madrilen, Madrilek Nafarroan onartu ezin daitekeen hitzarmen bat jartzen du mahai gainean, Nafarroako Gobernua babesten duten alderdiak horrelako diru xahutzea eta aurrekontuan utziko duen itzala ez dutenez onartuko, orduan, oraingo Nafarroako Gobernuak itxura eginez, amore emango du harreman onak mantentzeko, eta barraskiloari adarrak ukitzen zaizkionean bezala eginen du, adarrak bilduko ditu baina ez du bere posizioan atzera eginen.

Zer gertatuko da? Estrategia eta antzerkia aurrera doazela, Nafarroako Gobernuak ez du Madrilek mahai gainean jarri dion hitzarmena onartuko, Nafarroako Erdialdeko gatazka soziala Madriletik kudeatuko dute, ez da hitzarmena onartuko eta Madrilek «utzitako eskumena» berreskuratuko du, erakargarriago den interes bat baitago, Etxabakoitzeko garapen urbanistikoa eta geltoki berria eraikitzea.

Kasu honetan, estrategia ez da Nafarroarentzat eskumen gehiago eskatzea, baizik eta «utzitako eskumena» lagatzea gatazka txiki bat gainetik kentzeko eta aldi berean Etxabakoitzeko goxokiarekin gelditu, proiektu osoa bultzatuz.

Nola bultzatu UPN/PSNk bultzatutako proiektu zaharra oraingo Nafarroako Gobernua babesten duten alderdiekin, Nafarroako Erdialdearen kontura eta eskuak zikindu gabe? Ba modu honetan, emeki-emeki, barraskiloa bezala eta behar denean adarrak gordez.

Zein da Castejonetik Campanasera egin nahi den zatiaren aurrekontua 675. 800 edo 1.000 milioi euro? Trenbide eredu merkeago bat behar dugu, Suitzakoaren antzekoa, egituratua eta lurraldearen arabera antolatua? Edo trenbide eredu garestia, elitista, zentralizatua, errentagarritasun azterlanik gabekoa, irizpide politikoekin diseinatua?

Sustrai Fundaziotik, Nafarroako jendartearekin dugun konpromisoa berresten dugu, gure hitza ematen dugu: oraindik justifikaziorik ez duen proiektu honetan gastatzen den euro bakoitza ikuskatuko dugu. Nafarroan, Nafarroatik eta Nafarroarentzat nahi dugun garraio ereduari buruzko prozesu parte-hartzaile gardena eta erreala eskatzen jarraituko dugu.

AHTak errentagarritasun sozial eta ekonomikoa duten zerbitzu publikoetan murrizketak ekarriko ditu, nahi eta nahi ez: murrizketak osasungintzan, hezkuntzan, beketan, ikerketan, desgaitasunean, genero politiketan, doako justizian, kulturan, enplegu publikoan, pentsioetan, unibertsitate publikoan, lehenengo sektorearen diru laguntzetan, laborategi publikoetan, enplegu berezietako zentroetan, suhiltzaileetan, ospitaleko larrialdietan, ingurugiroan, eta beste hainbat esparrutan, non inbertsioak aski justifikatuta dauden.

Ez dugu Navarra Arena berri eta dotorerik nahi. Madrilek ordaindu edo Nafarroak ordaindu, diru publikoa da eta azkenean guztiok ordainduko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.