Iruña-Veleia: zalantzak argitu guran

Gontzal Mendibil - Musikaria

2018ko ekainak 6
Aspaldi esan zidan gure ikertzaile euskaltzale jakintsu batek, gure historia eta aurrehistoria ez dagoela liburuetan idatzia, edota dagoenari ez dagoen asko falta zaiola, eta horixe gertatzen omen delakoan Iruña-Veleiako aferan. Dena ez dagoela esanda eta oraindik argitu gabeko hutsuneak agerian direla. Lur barruan dauzkagun misterioak argitu beharrean gaude eta hor dago arazoaren gakoa, ostraken edukia aztertzerakoan, analitikek demostratu behar dutela agertzen den hori egiazkotzat edo faltsutzat har daitekeen. Iritzi kontrajarriak daudenez, aintzinatasunak gaurkoratzean, zer egon daitekeen egiaztatzea, badirudi ez dela erraza, edota beti ere beronen interpretakeraren zalantzetan mugitzen garela. Oraindik orain, J.C.Barojak 1942. urtean esandakoan gaude: «Se puede concluir que, sin miedo a cometer error, el desconocimiento de la lengua prerromana de Hispania es el problema más trascendental que tiene planteado hoy en día nuestra arqueología, nuestra historia y, por supuesto, nuestra lingüística».

Hipotesiak tesi bihurtu behar direla eta, pentsakera ortodoxoa edota kartesianoarentzat ez du suposizioak eta intuizioak ezertarako balio, dena dute eta argi, argiegi. Barkaidazue, baina, dena argi dutenengan ikaragarrizko mesfidantza dut. Batez ere, zientziaren betebeharra aldizka sekretu guztiak begiztatzen joatea denean. Baina, baina: leka, nola desmontatu urteetan edota mendeetan egiatzat hartu izan dena? Egozentrismoaz jotako gizakiek edota interes konkretu bati lotuak izan daitezkeenek ez digute emango honetaz eztabaidatzeko betarik. Alajaina, hor ez dago eztabaidatzerik, jakintzaren bidea argiegi dutenengan, munduan eta gurean ere, horixe dakusagu, beren teoriak egiatzat hartu eta inongo zalantzarik agertuko ez dutela, eta egia sakratu horretan murgilduz, [...]. Hori guztia kontrolpean edukitzean datza berauen egitekoa. Eta hala, esan behar, gu guztiongan, eta batik bat kulturgileengan eta intelektualitateengan sortzen duten eragina eta beldurra ere ez dela izaten nolanahikoa. Diskrepantzia erakutsi ahal duten sasikumeak, bazterrean edota ezereza baten hutsaren hurrengoan geratuak izango dira. Eta niri, guzti honetan, betiko zalatzak datozkit. Zalantzak, uki ezinezko estamentuak daudelako gurean ere, bide bakarretik eta beretik ibili behar duten erakunde eta pentsamendu autarkikoak eta uniformatuak daudelako hemen ere.

Izenburuko gaira etorriz, ezaguera, zalantzak argitzetik datorrenez, betiko kontura nator, gure hizkuntza hain zaharra izanik, apenas dago aintzinatasun hori agertu eta argi dezakeen dokumentaziorik. Bai, nola ez! Esango didazue! Liburuetan dago argitua nondik gatozen eta noizkoa den hitz egiten ari garen hau. Hala bada, gure historiara begiratuz, liburuak oraintsukoak dira eta gehientsuenak, geroan egia bihurtu izan diren hipotesietan murgilduz idatziak dira, baina froga askorik gabekoak.

Eta zerk eman liguke aintzinatea gaurkotzeko argibidea? Zeri edo nori egin kasu eta zer bide jorratu? Egia bakarreko eskolak, halabeharrez, santa-sanctorum dira zientziaren norabidean, bat eginik, duda gutxi agertu behar dutenak. Teoria frogatuak dira hauek erakusten dizkigutenak, eta halaxe hartzen ditugu, halabeharrez. Baina, ahoz aho heldu zaigun gure hizkuntzak, liburuetan agertu daitezkeen baino jakin beharreko esparru zabalagoak ditu, eta ikerlarien lana hori interpretatzea litzateke. Baina, hemen sortzen dira, sortu beharreko esanak eta kontraesanak.

Aintzinatea neurtzeko natura berak eman diezazkiguke daturik zehatzenak, lurrari eta naturari berari jarritako izenak eta bertatik eta bere gain sortzen den aireak, tonuak, arnasak, hitz egiteko joerak, egun ia berdindu eta uniformatuak daudenak, baina garai bateko nondikoa litekeeneko argibideak lekarzkigukeenak. Beraz, norantz goazen jakiteko, beti da ona non gauden eta nora joan gaitezkeen jakitea.

Eta, zer agertu ahal zitekeen Iruña-Veleian? Eta ezer agertu bada behintzat, hor agertu zitekeena nola aztertua eta ebaluatua izan da, izan bada? Jakin badakigu dogmatismo askotxoren gatibu dela zientzia, beraz, dogma dugula zientziaren eragozpenik latzena. Beraz, neronek, erakunde baten zerbitzuan ari direnekin baino, inongo aurreritzi eta estigma gabe, libreki, bere lanean mugitzen direnekin gehiago sinesten dut, sakonera joan eta libreki datuak aztertu eta ebaluatu beharko luketenengan, dogma eta ideologia bere lanean kanpoan uzteko gai direnengan. Zeren, ondorioak ikusita, badirudi Iruña-Veleiako afera honetan, ortodoxia behin eta berriro heterodoxiaren gain agertzen delarik, giza egitura konbentzional bati segi behar diogula, frogak sakonki eta independenteki aztertzearen interesik ez dagoenaren susmopean gaudelarik. Substraktu arkeologikoak eta hizkuntzarenak, ikuspegi eta begirada administratibopean daude eta azaltzea egoki izango bada edo ez, hauen interesen araberakoa da.

Hala, zientzian ere, ikasketa hierarkikoen menpe izan gara eta gaude halabeharrez, beraz, gehiengoen jokaera zera da: mendeetako egitura jausi ez dadin, utz ditzagun oraingo egiturak eta berauek sostengatzen dituzten zutabeak bere lekuan, zeren, gizaki askotxorentzat, zenbait sekretu ezagutarazteak ondorio latzak ekar ditzake. Beraz, komeni da iritzi dibergenteak kontutan ez hartzea edota guztiz ezabatzea.

Honetan ba, Iruña-Veleiako indusketan, zientzia alorrean, alde bateko iritziak bakarrik hartu direla kontuan ematen du, benetan zer gertatu den eta analitikak egitean iritzi eta pentsakera zabalenez eta desberdinez kontrastatuak izan ote diren zalantzak daudelarik, eta egia bakarraz eta alde batekoaz ikusteko aukera bakarra ontzat hartzen dugunean, Zaragozako Historia Zaharreko katedradun dugun Francisco Marco Simonek esandakoa dakarkit gogora: etnogenesian dakigun bakarra, besteen begiradatik dakigu, «zibilizatuaren» begietatik, ez zuten indigenek idatzi, baizik eta bertaratuz sartu zirenak.

Amaitzeko, esan baita, suposizioetan mugitzea, jakina, ez dela bidezkoa, baina ezta dogmaren egituran ere. Benetakoak ala faltsuak litezkeen horretan analitikek demostratu beharko lukete, baina aditu askoren arabera, apenas egin izan dira kontrasteak. Bidegabekeria gehiegitxo dagoelakoan, egia kanporatu dadin besterik ezin dugu eskatu, onerako edo txarrerako, batzuen eta besteen alderako edo kontrarako, izan dena, izan bada, ezer estali gabe argituz. Beraz, naturan eta denboran dago oraindik ikertu eta kontrastatu beharreko askotxo. Ikerlanetan dabiltzanei hori bera arakatzea dagokie, zeren eta testuinguru honetan, badirudi zientzia ere aintzinako esaeraren gatibu dagoela, «noren zerbitzuan egon, halako erantzunak emon».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna