Euskal jendartea ez da arrazista

Itziar Pildain - Gipuzkoako Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasun zuzendaria

2014ko urriak 18
Euskal jendartea ez da arrazista. Hori da Aztiker ikerketa taldeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta, Euskal Herri osoan egindako azterlanaren ondorio nagusietako bat.

Aipatutako ikerketatik nabarmendu nahi nuke euskal herritarrok, oro har, identitatearen ikuspegi irekia dugula, non norberaren borondatea gailentzen den identitate kolektibo hori osatzeko faktoreen artean. Inork herritartasuna izateko baldintzei dagokienez, honako hauek nagusitzen dira: Euskal Herrian bizitzea denbora zehatz batean (%79), bertan lan egitea (%75) eta hemengo herritar sentitzea (%71); askoz urrunago geratzen dira hizkuntza jakin batean hitz egitea edo Euskal Herrian jaioa izatea. Horrez gain, euskal herritarren % 87ren ustez, Euskal Herrian bizi diren pertsona guztiek eskubide eta betebehar berberak izan behar dituzte.

Azterlanaren argazkiak baditu alderdi itsusiagoak, noski. Euskal jendartea arrazista ez dela esateak ez du esan nahi gure artean jarrera xenofoborik ez dagoenik; ukaezina da azken urteetan Europa osoan eta, gurean ere, jarrera arrazistak zabaltzen ari direla, baina joera honen muinera joan beharko genuke. Geure buruari galdetu beharko genioke jendarteak oro har aniztasunaren inguruko ikuspegi positiboa badu eta, ikerketan ikusi den moduan, identitatea ulertzeko modua askotarikoa eta irekia badu, nolatan heltzen zaigun kontrako mezua.

Xenofobiaren zama herritarren bizkar jartzeko joera izaten da. Argazki kameraren fokua zenbait portaera edo jarrera xenofoborengana bideratzen da —hainbat komunikabideren laguntzaz batzuetan—, bestelako jarrerak, irekiagoak, barnehartzaileagoak, alde batera utzita. Era horretan, jendarte osoa arrazakeriaren gaitzak jota dagoela dirudi. Noski, instituzioak eta arduradun publikoak salbatzaile moduan ageri dira, joera arriskutsu horren zuzentzaile, sarri askotan gaitzaren eragile direnean.

Zentzu horretan, bitxia da ikustea nola jendarte honetako sektore zabal bati —independentismoari— xenofobia eta arrazakeria salaketa gogorrak egin izan zaizkion luzaroan eta nola, azterlanean nabaria denez, sektore horrexek duen Euskal Herrira bizitzera etorritako pertsonekiko jarrera egokiena. Beraz, independentismoaren berezko xenofobia klixe hutsa da, hainbat komunikabidek gogoz elikatutakoa.

Beraz, lehen esan bezala, ikusarazten den irudia okerra da. Are gehiago, esango genuke propio lausotutako irudia dela, benetako argazkia ikus ez dezagun. Izan ere, jendarte ez-xenofobo baten aurrean —ikerketan ikusi dugun bezala—, hainbat instituziok eta alderdi politikok kolektibo jakin batzuen eskubideak urratzeko edo murrizteko neurriak hartu edo bultzatzen dituzte: atzerritartasun legea sustatu; mugak militarizatu; herritarrak jatorriaren arabera sailkatu eta horren arabera eskubideak banatu; osasun edo erroldatze eskubidea ukatu… Edo, baita ere, estereotipoak sortu eta jatorri jakin bateko herritarrak jopuntuan jarri, iruzurgileak edo krisiaren ondorioen errudunak balira bezala, benetako errudunak ezkutuan utzita.

Funtsean, zenbait instituziok eta ordezkari publikok jokaera arrazista dute eta ikusmolde hori zabaltzen dute jendartean. Zoritxarrez, ez dugu oso urrun joan behar horrelakoak ikusteko: Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala izugarrizko arduragabekeriaz jokatzen ari dira aspaldian estigmatizazioren bidetik eta kolektibo oso batzuk susmagarri bihurtuz. Sestaoko alkatearen adierazpen xenofoboak ere gertu ditugu. Mota honetako jokaerak onartezinak dira.

Eragile sozialek, komunikabideek, norbanakoek eta jendarte osoak erne ibili behar dugu jarrera xenofoboen aurrean. Baita instituzio eta arduradun publikoek ere. Eta hain zuzen ere, gaur egun, azken multzo horretan egiten ari gara kale, nabarmen egin ere.

Esan bezala, euskal jendartea ez da xenofoboa. Pedagogia egin behar da, hala ere, sentsibilizatu egin behar da, eta instituziook ardura handia dugu horretan. Baina nekez beteko dugu geure egin beharra, aldi berean xenofobia mezuak zabaltzen badira. Sekulako kontraesana da. Horregatik, arduraz jokatu eta koherenteak izan behar dugu. Helburu garbi batekin: herritar guztien eskubide guztiak bermatzea, edozein dela ere haien jatorria, eta denon artean Euskal Herria eraikitzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna