Zientzia eta teknologia ez zaizkie gustatzen neskei

Ane Larrinaga Renteria

2017ko martxoak 19
Gizarte tradizionaleko kideak iraganari begira hezitzen zituzten bezala, etorkizunari begira bizitzeko hezi gaitu gaur egungo kulturak, denboraren joan-etorriak ekar dezakeen mudantzari erantzuteko prest beti. Bizi dugun konplexutasun soziala abiapuntu harturik, pentsalari askok adierazi dute zaila dela gerokoaren etengabeko aurreikuspen kultural hori errealitate sozial aldakorrari doitzea, eta ziurgabetasunak eta egokitasunik ezak sortzen direla askotan, egindako prestakuntzen eta aurreikuspenen aurretik joan ohi direlako aldaketa sozialak. Halaz ere, mundu konplexu batean gauzatu izanagatik, dinamika sozialak ez ditu ezinbestean ausazko norabideak hartzen eta, hartara, ausazko desorekak sortzen. Aitzitik, neurri batean, gaur egungo interes eta botere-harremanen araberako bideak urratzen ditu biharko munduaren marrazkiak. Marrazte horretan, jakina, pertsona, talde eta kategoria sozial guztiek ez dute etorkizuna diseinatzeko ahalmen bera. Horrela, dominazio eta subordinazio harremanak tarteko, ezagutzaren eta teknologiaren berrikuntzan oinarritutako eredu sozial aldakorrean ere badirudi lehenari lotutako ildo batzuk nahiko sendoak direla eta, haien kontra ezer egin ezean, geroan birsortzeko aukera handiak dituztela.

Zientzia eta teknologia ahalmen handiko jarduerak ditugu garapen eta ongizate sozialerako. Baina nagusi den kultura androzentrikoaren barnean aginte iturriak ere badira, eta emakumeen subordinazio estatusa legitimatu dute luzaroan. Neskak eta emakumeak garapen teknologikotik at daudela erakusteko ez dago distopiarik asmatzeko beharrik. Nahikoa da egungo espazio sozial arrunt baten paisaia ezagunari begiratu bat ematea. Euskal Herriko merkataritza gune handi horietako batean, esaterako. Demagun jostailuen sailean zaudela Gabon aldiko egunetan. Eta arrosa koloreko korridorean barrena zabiltzala. Teknologian oinarria duen gaurko eredu sozialean gauza bitxia dela iruditzen bazaizu ere, nekez aurkituko duzu pasillo arrosan tramankulu mekanikorik, eraikuntza-joko, ibilgailu artikulatu edo autogidaturik; nekez ikusiko duzu ikertze lana eskatzen duen jostailurik, espazioan objektuen arteko harremanak, manipulazioa edo elkartzea jorratzea proposatzen duen jokorik. Omisio hori kultura patriarkalak gaur egungo neska eta mutikoentzat irudikaturiko etorkizunaren adierazpen txiki bat baino ez da, beste askoren artean, baina esanguratsua, bihar-etziko emakumeek eta gizonek izan beharko lituzketen itxaropenak, xedeak eta rolak islatzen dituena, nonbait.

Noranahi jotzen dugula eta edozein eskala hartzen dugula aintzat, emakumeek tekno-zientziaren esparruan duten presentziari buruzko datuek kezkarako motiboak eragiten dituzte. Eustat-en estatistiken arabera, 2014-2015eko ikasturtean emakumeek osatzen zuten EAEko unibertsitateetako ikasleriaren gehiengoa, ehunekoetako 6 punturen aldearekin gizonei buruz. Alabaina, ikasturte horretan emakumeen %14 baino ez zen aritu ingeniaritza eta arkitektura esparruko ikasketetan, arlo horretan kokatutako gizonen %40aren ondoan. Europako Batasunak iaz argitaratutako She Figures izeneko txostenak nabarmentzen duenez, tekno-zientzian diharduten 10 lagunetik 3 baino ez dira emakumeak. Ildo berean, gaur egun 2020rako egiten diren aurreikuspenen arabera, Europan %14 haziko dira STEM profileko jarduerak (ingelesezko akronimoan, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikekin lotutakoak), hain zuzen ere emakumeen aurkako desorekarik handiena agertzen dutenak. Bestalde, Lanaren Nazioarteko Erakundeak dioenez, erabaki politiko eta ekonomikoetatik kanpo egoteaz gain, emakumeak gutxi ordezkaturik daude garapen teknologikoan ere. Hala, erakunde horren arabera, OCDEko herrialdeetan emakumeek komunikazioaren teknologien sektoreko lanpostuen %60 baino gehiago betetzen duten arren, horietatik %20 baino gutxiago dira programatzaile informatikoak, ingeniariak, analistak edo sistema diseinatzaileak...

Baldintzarik gabeko hautu indibidualaren irudia hain zabalduta daukagun garai honetan ahaztu egiten da, sarri, zenbateraino moldatzen gaituen nagusi den kulturak. Emakumeak eta gizonak ez dira egoera berean iristen goi mailako hezkuntzara, batzuen eta besteen sozializazioek ez dituztelako bide berberak egin. Jaiotzen garenetik, ezarrita dauden genero estereotipoek modu bereizgarri eta desorekatuan esleitzen dituzte arrazionaltasuna eta hunkiberatasuna, objektibotasuna eta subjektibotasuna bereganatzeko moduak, nesken eta mutilen artean. Ondorioz, neskak oinarrizko gaitasun batzuez desjabeturik garatzen dira pertsona moduan, eta gabetze hori jarreretan, itxaropenetan eta auto-irudian hezurmamiturik geratzen da. Barneraturiko osagai kultural horietatik datoz norbere burua etorkizunean proiektatzeko modu jakinak, norbere ahalmenak ebaluatzeko erak, baita ikasketa eta lanbide hautuak egiteko arrazoiak ere, besteak beste. Horrenbestez, asko dira egoera hori aldatzeko dauzkagun desafioak: hezkuntzakoak, zalantzarik gabe (ageriko nahiz ezkutuko curriculumak egokitzea; irakasleen prestakuntzak eta hezkidetza proiektuak garatzea; emakumezko erreferenteak berreskuratzea eta tekno-zientzia bera beste modu batera egitea eta irakastea), baina baita gizarte osoa inplikatzen duten bestelakoak ere (lanaren munduan bultzatu beharreko politiketan eragitea, gurasoak kontzientziatzea, eta hedabideetan nahiz herri kulturan zabaldutako estereotipo hertsatzaileak eraistea).

Emakumeen presentzia arlo zientifikoan eta teknologikoan anekdotazko arazo kuantitatibo hutsa baino sakonera handiagoko auzia da. Garapen zientifikoak eta teknologikoak gero eta eragin handiagoa dauka etorkizuneko gizarteen eraikuntzan. Eragin horrek, gainera, jarduera sozialaren arlo guztiak zeharkatzen ditu dagoeneko: politika, lana, hezkuntza, osasuna, gorputzak eta identitateak; are gehiago, harreman sozialak, naturarekiko harremanak, antolakuntza soziala eta kultura bera, beren osotasunean. Kontua da teknologiaren diseinua, hautaketa eta garapena ez dela agindu zientifiko-teknologikoen ondorio hutsa; are gutxiago, ausazko garapenak dakarren atarramentu oneko jarduera. Hautu eta erabaki etiko-politikoak daude tartean inplikaturik. Izan ere, pertsona eta talde jakinek helburu eta balio zehatzen arabera hartutako erabakiak daude bilakaera zientifiko-teknologikoaren oinarrian. Beren askotariko interesek eta balioek kultura teknologikoaren osaketan parte hartzen ez duten artean, geroko munduaren eraikuntzatik kanpo geratzen ari dira emakumeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna