EGUNKARIAK 25 URTE (ETA VI)

Ezin da atzera egin

Beatriz Zabalondo - Berria Taldeko lehendakaria

2015eko abenduak 6
Gaur 25 urte kaleratu genuen Euskaldunon Egunkaria. Durangorako. Gure kulturan bazuen orduan ere esangurarik Durangoko Azokak, besteak beste, urteko nobedadeen erakusleiho eta kultur erromesen helburu zen-eta, gaur bezalatsu. Egun bereziagorik ezin aukera zitekeen euskarazko egunkaria lehenengoz kaleratzeko. Bezperan, ahaleginak eta bi egin genituen kazeta duin, profesional, argi, moderno eta irakurgarria moldatzen…

Gazte hankagorriak ginen gehienok, eta ofizioaren jabetzaz baino gogoz eta determinazioz aritu ginen gehiago. Bakoitzak apustu pertsonal handia egina zuen proiektu haren alde: hasi kontseilariekin eta segi langile xumeenekin... Proiektuaren buruan zeudenek nolako zama zeramaten ez zen erraza antzematen. Baina inor baino gehiago baziren haiek proiektu ongi egin eta definituaren aldeko. Kontua aurrera egitea zen, eta denok eman genuen geneukan guztia.

Abenduaren 5 hura ez zen bromatakoa izan: udazkeneko saio, simulakro, praktika eta ikasketak amaituak ziren. Inprentan bertan, lehen aleak bistaratu zirenean, norbaiten begi zoliak atzeman zuen akatsen bat edo beste. Kaka! Ezin orbanik gabe jaio.

Biharamuna igandea zen, eta, Durangoko kaleetako tenperaturari bero nabarituta, nerbioak tenplatzeko balio izan zuen, behintzat. Eskerrak. Zeren, behin lehen zenbakia kaleratuta, jarraitu egin behar genuen. Egunero jarraitu behar zitzaion martxa hari, eta hori ere ez zen badaezpadako kontua. Jarraituko ote genuen? Utziko ote ziguten lanean? Ez ote ziren nabarmenegiak jaio orduko itota nahi gintuztenen irribarre maltzurrak? Gutako askok «Baina nora zoaz, ume?» entzun genien larrituta gurasoei, eta, hala ere, aurrera egiteko deliberoa hartua genuen. Batzuk guraso egin berriak ziren ordurako, seme-alabei etorkizun euskalduna eskaintzeko baizik bizi ez zirenak; hileroko soldata izango zuten ziurtasunik gabe, baina egitekoaz zalantza barik.

Hamahiru urte igarota, itxialdiak eragindako sufrimendua ez da ahaztu; holako min bat ezin da gorputzetik ezabatu, ezta arimatik ere. Haragi bizian jasan zutenenaz landa, haien guraso eta seme-alaben izu-ikarak, saminak eta ezinak dira lekuko, baita kide batzuen gaixoaldi larriak eta heriotzak ere. Artean ileak laztuta geneuzkala eman genion segida Egunero-ren bitartez, sei hilabetez, eta BERRIA sortzea etorri zen hurrena.

Zaharragoak ginen orduan, eta aurreko urteetako esperientzia metatua ere igarri zen proiektu zahar-berriari heldu genionean. Gizarteak Egunkaria-ren aurrean izan zuen erantzunak berretsi zigun beharrezkoak ginela, aurreko urteetan egindako lana ez zela ilusio hutsal bat izan.

Urte bitarte horietan, ikasketa izugarria eskaini zidaten Egunkaria-k, Egunero-k eta BERRIAk. Lehen urte haietan ezjakin hutsak izanda konfiantza eskaini eta lanerako deitu zigutenei bizi guztian ere ezin diegu nahikoa eskertu unibertsitate horretako partaide izateko aukera emateagatik.

Kazetaritzaz-eta ikasteko izan dugun aukeraz gain, Egunkaria-BERRIAk eman digu bizitzari begiratzeko ikuspegi bat, lanari gogoz ekiteko eta etorkizunera begira aritzeko pazientzia, etengabe ikasteko eta trebatzeko akuilua, kideekin proiektu gogoangarri baten parte sentitzeko bizipoza eta maitasuna, lankidetzan aritzeko eskola paregabea, bide bateratuan aurrera egiteko tresnak, munduan euskaldun sentitzeko harrotasuna, amets egiteko eskailera bat…

Proiektu honen bihotzean iraun duten balioak dira hura aurrerantz gidatu dutenak beti. Aipagarriena, nire aburuz, herriaren indarra da. Herriak bultzatu zuen Egunkaria, baita BERRIA ere; herritik sortutako proiektua da. Herriari eskaintzen zaio egunero-egunero, hartzaileek Euskal Herritik irakur dezaten mundua, eta munduak Euskal Herria ikus dezan.

Herritarren, irakurleen, langileen, akziodunen —orain BERRIAlagunen— parte hartzea sustatu du beti, eta aurrerantzean gehiago indartu behar du alderdi hori. Gizarte funtzioari garrantzia ematen dion egunkari bat da; gizarte kritika sustatuz ez ezik, baita komunitatearen bateratzaile eta kultur kohesionatzaile gisa ere; euskal kultur sistemaren dinamizatzaile rola hartu baitzuen lehen egunetik.

Ez nuke aipatu gabe utzi nahi egunkari honetan emakumeari ematen zaion tratamendua: eskaintzen dion espazioagatik eta begiruneagatik. Hori ez da gauetik goizera lortutakoa; barruko giroaren isla ere bada, neurri batean. Beharbada, urteetan gutxiago nabaritu diren arren, oihartzunetatik urrun, langile emakumeek berebiziko ekarpenez eta talentuz jantzi dute eguneroko jarduna: produkzioan, erredakzioan, administrazioan, zuzentzaile taldean, zerbitzu mota guztietan…

Behin honetara iritsita, ezin da atzera egin. Zorionez, orain arteko ibilbidean, belaunaldi berriak iritsi dira, eta heldu diote egitekoari. Integratu dira, eta, guk sinetsi genuen bezala, zaharragoengan konfiantza jarrita ikusten ditut lanean fin. Ezin dugu eten orain arte metatutako jakituria guztia; gure Egunkaria-k aurrera egin behar du. Herri batek ezin du etsi egunerokorik gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna