Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Iritzia Nafarroako estatu batuak

Publizitatea

Iritzia

Nafarroako estatu batuak

 

2017-06-04 / Pako Aristi - Idazlea

Maiz galdetzen didate zergatik idazten dudan politikaz hainbeste, beste batzuek zergatik ez dudan gehiago idazten galdetzen didaten bezala; biek dute arrazoi. Asko kostatzen zait politikaz idaztea, hemengo diskurtso politikoak ez baitauka marko propiorik, marko subordinatuetan teorizatzen da, subordinazioa bera onartuz eta existituko ez balitz bezala biziz; baina gehiago kostatzen zait politikaz ez idaztea, hemen benetako politikaren langintzak dauzkan gabeziak ikusita, prestakuntza politikorik gabe politikara dedikatzeko dagoen umekeriazko joera kamutsa, zein erdipurdiko maila duten hartara dedikatzen diren gehienek, auto-konplazentziaren eta inoperantziaren mugetan sarturik, ezagutu gabe politikaren oinarriak: gure historiaren jakintza sakona, estrategiaren eta taktiken arteko harremanak, indarren korrelazioak, komunikazio egokiaren eragina, eta, gure kasu berezian, batetik askatasun nazionalaren diseinu historikoak munduan, eta gure ahalmenari dagozkionak, bestetik.

Ni ere ikasten ari naiz politikoki nola pentsatu, diskurtsoa zorrozteko, ez erratzeko, arazoak egoki planteatzeko, zer ez dugun egin behar zehaztetik hasi eta egin behar dugunera iristeko, jakintza propioa beste irabazirik gabe. Horregatik uste dut nik baino ardura gehiago dutela soldata arruntetik askoz goragoko dirutzak kobratuz politikan daudenek, exijentzia gehiago izan behar luketela, eta euren borondatez eskuratzen ez badute guri dagokigula akatsak nabarmentzea, eta hau politikaren oinarrizko arautzat ez duenak arazo bat daukala bere buruarekin, herria baino bere alderdia (bere ipurdia) gehiago maitatzera iritsi delako, eta ez duela gure aurka gutxiespen hitz eta jarrerekin etortzeko eskubiderik. Gure idiosinkrasian erroturik dagoen jarrera hau desaktibatu arte ez baita herri hau askatasun bidean abiatuko.

Gogoeta hauek piztu dizkit hil honetan EH Bilduk egingo duen lehen kongresurako prestatu duten proposamen bitxi batek. Ez zen titularretan etorri, hizki txikitan baizik: «Proposatzen dugu EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria estatu bilakatzea erritmo eta bide propioen arabera, hirurek batera euskal errepublika konfederatua osatzeko».

Larritzen nau gure atomizazio honek, txikira pentsatzeko joerak. Hiru milioi gara euskaldunak, bi pasatxo EAEn, 600.000 inguru Nafarroan, 300.000ren bueltan Iparraldean. Munduaren azalera erdia bost estatuk okupatzen dutenean (Errusia, Txina, India, Brasil, Ameriketako Estatu Batuak), guk hiru sortu behar ditugu mapako puntu berde purtzil honetan, zeinak etorkizun hipotetiko/sikodeliko batean konfederatuko diren, NEB akronimoarekin?

Lurra garrantzitsua da herri batentzat. Ikusi bestela zenbat milioika pertsonen heriotza eragin duten lurrari atxikitako gerlek munduan. Eta gure herriaren lurraldetasuna, gaur ezagutzen diogun espazioa marra gorriz margotu beharrekoa, politikoei deuseztatzen utzi behar ez dieguna.

Lurrak biltzen du subjektu politikoaren eguneroko bizitza, bere kideekiko identifikazioa, bat egiten gaituen hitzarmen historikoa, soziala eta politikoa. Subjektu politikoa ez da zatitzen, erdibitzen, hain zuzen ere zatiketa delako asimilazioaren lehen pausoa, eta asimilazioa geratu nahi badugu, subjektuaren batasuna ezinbesteko baldintza estrategikoa izanen da.

Zatiketa etsaiaren helburuei dagokio, hark eragingo du. Guri batasuna bermatzea dagokigu, artikulatzea, babestea, defendatzea. Bat izan den herria ez da konfederatzen ahal; aska dezakezu edo ez, duzun indarraren eta hauen harremanen arabera. Konfederatzea eskain diezaiekegu Burgosi, Kantabriari, Errioxari, Aragoiri, erabakitzeko eskubidea, nahi badute guregana bildu, baina gure herriaren etorkizun bateratua zalantzan jartzeko eskubiderik ez daukate politikoek.

Trantsizioa deitzen den post-frankismoan militar faxista batzuen presioak eragin zuen Nafarroa eta EAE bereiztea. Ontzat emango dugu orain, besterik gabe, eta harengan kokatuko dugu estrategia politiko askatzaile bat?

Ustelkeria dela eta, zer gehiago behar dugu, ez al da argumentu ezin hobea Espainiatik alde egiteko beharra mahai gainean jartzeko, tinko, estrategia moduan? Frantzia eta Espainiaren sistema politikoarekin harremanak eten eta geure bidea egiteko? Gainera, Kataluniako etsenplua ikusita, hausketa horrek bat-batekoa izan behar du, kirurgikoa, lehenbailehen, gainera. Gogoratu Joxean Lizarribarren esana: «Independentzia behar dugu, eta lehenbailehen bada, hobe». Edo Juan Zelaiarena: «Espainiatik urrundu behar dugu, eta tartean itsasoa balego, hobe».

Eta negoziaketa ahaleginik gabe, arren; zalantza bazegoen, «euskal» epitetoaz izendaturiko erakunde post-kolonialista guztiengan itxaropena zutenen eta hedatu dutenen desarrazoiak argi utzi du bere ondorioa Kataluniakoan: erakundeok herri batek modu baketsuan pilatu dezakeen askatasun indarraren «ralentizadoreak» direla ikusi dugu, azkar eta garbi lortzekoa zirudiena nola urrundu eta atzendu duten. A zer antzezpena ari diren eskaintzen! Eta gainera zera esateko: «Bai, zeren independentziarekiko entusiasmoa apaldu egin da». Ez da apaldu, apaldu egin duzue, zuek.

Gaurkotasun handiko hitzak idatzi ditu berriki Eneko Bidegainek: «Frantziako hauteskundeetan ez bozkatzea erabakitzea zama bat gainetik kentzea bezala da. Askeago bihurtzen gara, Frantziatik deskonektatuago (...) Kontua ez da zuri bozkatzea. Hauteskunde horiek arrotzak direla ohartzeak dakar bozka bulegora ez joatea». Eta gaurkotasuna diot, hango Elkargo sortu berriko presidenteak esan duelako bera frantsesa dela, hala sentitzen dela, eta harro gainera.

Biekin da berdin, Espainiarekin eta Frantziarekin: ez dugu izanen haserrea, zapalkuntza, borroka eta disgustuak besterik haiekin. Alferrik gabiltza zibilizatuarenak egiten mendeetan tratu txarrak eman dizkigutenekin. Ohitu egin dira; eta, tamalez, gure politikoak ere bai subordinaziora, ekimen antzuetara, ezin irudikatu dute beste politikarik. Haien nekea guri ez kutsatzea, lor dezakegun balentriarik handiena da. Desobedientzia gure klase politikoari, gauza ez direlakoz zapaltzaileei desobeditzeko.

Panorama nola dagoen ikusita, uste dut beharrezkoa ez ezik ezinbestekoa izango zaigula luzaroan politikaz hausnartzen jardutea. Nola isildu noraezean dagoen eta herri honek hain xaloki bere konfiantza doan eskaintzen dion klase politikoaren aurrean!

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak