Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Zigorra handitu nahi(keria)? Altsasuko kasuaren harira

2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
1. Sarrera.

Guardia Zibil batzuen eta beraiekin zeuden emakumeen aurkako erasoak jada epaia jaso du. Ez da behin betiko erabakia, oraindik horren aurkako helegitea aurkeztu daitekeelako. Errekurtso horietan ugari izango dira, zalantzarik gabe, eztabaidagaiak. Artikulu honetan bi alderdi besterik ez dira jorratuko.

2. Delitu pilaketa.

Antzematen da kalifikazio juridiko anitz pilatzen direla egitate berberen gainean. Alegia, lesioak erdigunean egon arren, horri gehitu egiten zaizkio atentatu delitua, desordena publikoak edota mehatxuak. Lesioak halako liskarraren testuinguruan gertatzen badira, hainbat pertsona denak batera jardunez, ez du ematen horrez gainera desordena publikoak ere hain erraz leporatu daitezkeenik. Edo lesioak, larriak badira, nekez pentsa liteke mehatxu delitu independente gisa inori egotzi dakiokeenik. Askotan zuzenbide penalean egitate batzuen aurrean zalantzak daude: kalifikazio hau ala bestea ezarriko? Teknikoki horri lege pilaketa deitzen zaio, zeren eta arazo interpretatiboa zein lege aplikatzean baitatza. Aplikagarriak diren legeak azkenik, ahalegin interpretatiboaren ostean, lege bakar, delitu bakar bilakatzen da. Lege pilaketaren filosofiaren arabera delituak (eta horren zigorrak) pilatu beharrean, kontrakoa gertatzen da: zigorra ez da biderkatzen. Eta filosofia interpretatibo hori Altsasuko kasuan aplika zitekeen. Horren ordez bai fiskaltzak bai epaileek bestelako filosofiara jo izan dute arrakastaz: delitu bat ikusi beharrean, delituak nonahi daude. Horri teknikoki delitu pilaketa (ez lege pilaketa) deitzen zaio eta horregatik zigorrek gora egin dute nabarmen.

3. Gorroto delitua.

Ildo beretik, delitu bakoitzean normalean kode penalak gutxieneko zigor bat eta gehieneko zigor bat aurreikusten du: adibidez, lesio delitutan 3 hilabetetatik 3 urte arteko presoaldia (edo isuna besterik gabe) aurreikusten da.

Hain zabala den esparru horretan Altsasuko epaileek berriro ere zigorrik gorenetarikoaren aldeko apustua egin dute kasu gehienetan eta horretarako, besteak beste, ideologiarengatiko gorroto astungarria egotea (ZK 22.4 artikulua) arrazoibide gisa erabili dute. Guardia Zibila gorrotatzea izan al daiteke zigorra handitzeko arrazoi bidezkoa?

Esparru konparatuan bai mendebaldeko Europan bai Estatu Batuetan gorroto delitua (hate crime) XX. mendeko 90. hamarkadatik aurrera egonkortu da: lehenengo aldiz, zenbait talde etnikoren kasutan, zigor handiagoak ezartzen hasi ziren, hain zuzen ere delitua egiteko arrazoia talde oso baten aurkako arrazakeria nabarmena zenean.

Zigorra handitzeko arrazoia ez zen gorrotatzea, baizik eta gorroto hori delitu baten bitartez talde «ahul», zaurgarri, erasotzen erraz denaren aurka modu nabarmenean zuzentzea. Beste hitzetan, pertsona beltzari, adibidez, jipoia ematerakoan, gehiago zigortzen zen bakarrik argi bazegoen helburua ez zela hura edota hura bakarrik erasotzea, beltz guztiak talde baten gisa mehatxatzea baizik.

Gorroto delituon jatorri historikoak diskriminazioaren aurkako politikekin zerikusi zuzenekoa du. Historian zehar badira eskubiderik gabe baztertuak izan diren gizataldeak eta horiek defendatzeko politika publikoak sortzen joan ziren hasiera batean beltzak edota juduak zuzenbide penalaren bitartez ere defendatzeraino.

Gorroto delituak baziren genozidioaren erdigunean egon ahal ziren gizataldeen defentsa osagarria eta horregatik duela gutxira arte ez ziren nazio taldeak, talde etnikoak edota erlijio taldeak besterik babesten. Handik, pixkanaka babesa emakumeengana, edo sexu orientabidearen arabera bildutako kolektiboetara zabaltzen hasi da. Baina betiere kasu horietan filosofia berbera zen: lesio-delitua, kalte delituak edo antzekoak gehiago zigortzen ziren, delituaren gaitzak historikoki diskriminatua izandako talde oso bat harrapatzeko asmoa zegoelako.

Askotan, ordea, gorroto delituaren erabileraz abusu ahaleginak izan dira. Eta hori hain justu ere ideologia politikoaren harira gertatu da. Inork gutxik jarriko du auzitan nazi «ideologian» oinarritutako skinhead batzuen jipoia astundu ezin denik. Neonazi batzuek pertsona beltz edo homosexual bat makilatzen badute, gorroto astungarria aplikagarria da herrialde gehienetan.

Inon ordea egiten ez dena bada, gorroto delitu hori erakundeak babesteko erabiltzea: are gutxiago, polizia. Horrek ez du esan nahi polizia babestu ezin denik. Horretarako Zigor Kodeak baditu bere tresnak. Baina gorroto delituaren filosofia polizia babesteko erabiltzea lekuz kanpo dago. Diskriminazioaren aurkako tresna eta erakunde babesa ezin dira nahastu.

4. Azken hausnarketa.

Artikulu honetan bi alderdi nabarmendu ditugu, Altsasuko akusatuen zigorra handitzearen aldera. Bata, delitu bakarra ikusi beharrean, egitate berberen oinarrian delitu pilaketa ikusi nahi izatea. Bestea, delitu batzuk gorroto astungarriren bitartez presoaldia luzatzekoa.

Bi kasuotan, helburu komuna antzematen da: zigor eskaera loditzea, kasu batzuetan giza hilketa-delituak berak pairatzen dituen zigorretara hurbilduz!

Nahia eta nahikeriaren arteko desberdintasuna, barneko asmo txarretan edo kontrolik gabeko grinatan egon ohi da. Zuzenbidea hainbeste behartzen denean, bi balantzak dituen Justizia irudi klasikoa buruan edukirik, zalantzak baino gehiago sortzen dira emakumeak benetan begietan zapia duenaren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.