Noraezean hezi

Resu Abasolo Gallastegi eta Juana Lopez de Munain
2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Komunikazio eta gizarte alorrean Asturiasko Printzesa Saria jaso zuen Zigmunt Baumanek 2010. urtean (Poznán, Polonia 1925-2017) «modernitate likidoa» kontzeptua garatu zuen noraezaren gune dela esanaz. Egia esateko, bete-betean jo zuen gaurko gizartearen muinean: noraeza, mugikortasuna, balioen erlatibotasuna, gertakariz osatutako anabasa, segurtasun falta, ezjakintasuna etahauskortasuna baitira beste ezaugarri batzuen artean gaurko gizartea definitzen duten berezitasunak; beraz, orain arte gidatu gaituzten betikotasuna, segurtasuna, kontentzioa eta balioen sendotasuna atzean geratu dira. Betirako izango ote da?

Noraez horretan bizimodua eta hezkuntza bera ere ezin dira planifikatu epe luzera begira, eta epe mugatu baterako proiektuz eta orientabidez gainezka gaude, etengabe proiektatzen eta proiektatzen dihardugu eta bat gauzatu orduko eta inongo ondoriorik gabe berriak aurkitzen ditugu esku artean. Are gehiago, helburuak lortzen ez direnean ez da ezer gertatzen; aldiz, berehala agertzen dira proiektu berriak garatzeko.

Baumanek dioen bezala, noraez likido horretan kokatzen bada gaurko heziketa solidoa, nahiko tresna eskainiko dizkie etorkizuneko herritarrei bizitzari aurre egiteko? Ikasturte honetan hiru urterekin eskolaratzen diren haurrak Derrigorrezko Heziketa 2030ean bukatuko dute, ondorengo heziketa 2034an eta unibertsitatea 2040an. Zein kontzientzia, bagaje kultural, sentimental eta emozional beharko dira 2040ko gizartean bizi izateko? Gizarte likidoa izango ote da? Edo egungoa baino iheskorragoa eta, agian, gaseosoa?

Gaur egungo Hezkuntza Sistema solidoak indarrean dauden legeen bidez eskaintzen du egitura antolatua, espazio ziurrak eta itxiak, balio trinkoak, proiektu egituratuak, urte luzetako esperientzia duen irakasle ugari, curriculum sendoa eta trinkoa, metodologia aktiboak aktiboegiak ez esatearren; izan ere, teknologia berrien erabileraren ondorioz irakaslearen rolak gardentasuna galtzen du, ikasleen ebaluazioa eta, azkenik, sistemaren beraren ebaluazioa.

Gaur eskaintzen denaren eta lortzen denaren artean ez baldin badago parekotasunik (kanpo eta barne ebaluazioek hala erakusten dute), nola demontre parekatuko dira gaurko eskaintzak eta 2040ko beharrak? Ordurako heziketak, harremanak garatzeko elkarrizketan aritzen jakitea eta kontzeptu eta ideiekin lan egitea ez ezik, konpartitzen, transmititzen eta bestearena entzuten jakitea ere eskatuko du, non noraeza, prekaritatea, desberdintasunak, hizkuntza ugariak... hezitzeko balioak izango diren. Baina ez al gara deshumanizazio galantaren aurrean aurkituko bitartekoak berehala jartzen ez baditugu?

Noraezean oinarritutako gizarte likidoan ikusten ditugun ahultasunak eta arriskuak, begirada aldaturik, bihurtu ditzagun erronka eta aukera heziketa kokatzen den leku guztietan.

Hori da erronkarik borobilena!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.