David Fernandez.

Azaroko zazpi egun

2015eko azaroaren 15a
00:00
Entzun
«Independentistekin ezin da hitz egin, bestela baliteke-eta haiek irabaztea»

Enric Millo (PP),

2015eko azaroaren 11

Contradictio in terminis eta ezin argituzko aporia: asteazkenean, Auzitegi Konstituzionalak erabaki zuen bertan behera utziko zuela Errepublika Katalana Lortzeko Prozesuaren Hasieraren Aldarrikapena. Aldarrikapen horrek, ordea, zilegitasun demokratiko guztia du, gehiengo independentista historiko batek emana, eta, aldarrikapenean bertan, Parlamentuak ukatua dio auzitegi horri inolako aginpiderik izatea gure herriaren subiranotasunaren gainean. Ongi etorri garai interesgarri hauetara, pentsatuko luke Zizekek. Horra gatazka demokratiko katalana, anomalia espainolaren kontra, bere alderdi juridiko eta legal guztian aurkeztua: zilegitasun demokratikoa, 78ko bunkerraren kontra; insubordinazio demokratikoa, fundamentalismo konstituzionalistaren inkisizioaren kontra. Kolpe estatua —estatu kolpearen aldaera bat—, 48 orduren buruan.

Gezurra ari du oraindik. 2015eko udazkenean ere, gizarte katalanaren %80k eskatzen du erabakitzeko eskubidea. Erreferendum bat. %48,2 izanik, independentzia da jadanik lehen aukera politikoa. Eta haustura politiko eta sozial ezagun bakarra pobrezia da, langabezia, prekaritatea. Arrakala eta zulo bakarra, ustelkeriak ekarri duena. Alternatibarik? Demokrazia, subiranotasuna eta gizarte justizia eskatzea.

62-64-72

Aste honetako beste albistea, hauxe: ez dago adostasunik —oraindik— hurrengo gobernuari buruz, eta hortxe dago, atzean atezuan, hauteskundeak martxora aurreratu behar izateko arrisku makurra. Zarata gorabehera eta nahiz eta prozesua izen bakar batera errenditu nahi izan den modu binarioan, badago jokoa eta badago bidea. Konplexutasun eta aniztasun subiranista honetan, oso pujolista da prozesua sinpletzea gizon baten kontua balitz bezala agertzeraino: Pujol zen Katalunia, eta Mas da prozesua. Gaur egun, 62 boto jaso dituen presidentegai bat dago, CDC subiranotasunerantz joateko dudarik gabe funtsezkoa izan den presidentegai bat. Asteazkenean, proposamen bat iritsi zen, Junts Pel Sik presidentetza koral baten alde egina, 64 boto bildu nahian. Baina badago beste analisi bat, uko egin beharrean beste eskema bat iradokitzen duena, 72 diputatu independentista biltzeko modukoa. Hona funtsezko ideia: etorkizuna ezin da izan iragana bezalakoa; oraindik lan handia egin behar da ezkerrera jotzeko, zeren hemezortzi hilabete barru irabazi egin behar baita etorkizuneko errepublikako erreferendum konstituzionala, eta gaixotasuna ekarri zuena ez dago ospitaleak saltzeko moduan. Krisi nazionalari, sozioekonomikoari eta demokratikoari aurre egiteko, CUPek proposamen bat egin du oinarri batzuetan ados jartzeko, eta proposamen horrek hiru alderdi ditu: zer, nola eta noiz. Nork, ez da hain garrantzitsua. Eta proposamena hiru alderditatik da zentzuzkoa: haustura demokratikoa, gizarte larrialdirako ekintza plana eta herri prozesu konstituziogilea. Eta egitasmo sintetiko bat du: independentzia, pobreziarik ez, ustelkeriarik ez. Eta 53 neurri konkretu: 39 neurri, urgentzia sozialerako; 14, pribatizazioei buelta emateko. Eta ekin lanari.

Herrien garaia ala merkatuen garaia: Petronerreko presidenteak «zoro kuadrilla zoroa» deitu berri die CUPekoei. Hark esanda laudorio bat da, jakina. Zoroak, zorotasuna, zentzutasuna. Aspaldi aldatu genuen altermundialismoak, globalizazio neoliberala ikusirik, sortu zuen galdera hura. Orain ez dugu galdetzen bestelako mundu bat posible den. Jadanik, besterik gabe, oraingo mundu hau posible ote den galdetzen dugu, honelako mundu bidegabe, zentzugabe eta desorekatua. Kapitalismoa: erdia fikzio, beste erdia infernu. Erokeria postmodernoa, AEBetako NASAren arabera, elite globalen «zekenkeria eta diru gosezko kultura» da. Izurrite immobilista bat litzateke pentsatzea gu mugitu gabe ezer aldatuko dela. Erokeria neoliberal horren kontra, subiranismo soziala da giltzarrapo guztiak zabaldu ditzakeen giltza bakarra. Ez dago besterik. Independentzia osorako prozesu honek modua eman behar du ospitaleak berriz zabaltzeko, etxegabetzeak gelditzeko, pobreziari eta desberdintasunei gerra egiteko —horixe da merezi duen gerra bakarra—, osasun apartheid-a desagerrarazteko eta iheslarien Europako krisiari erantzuten hasteko. Horretarako ez bada, zer arraiotarako da? Eta norentzat? Ezin zaio kale egin gure herriaren askatasun politikoari; ezin zaio kale egin jendearentzako justizia sozialari.

Saiakera ezin interesgarriago batean (La resistencia íntima), Josep Maria Esquirolek honela zioen berriki: «Apaltasunik eta eskuzabaltasunik gabe, ez dago erresistentziarik. Erresistentzian ari denak ez du menperatu nahi, ez du kolonizatu nahi, ez du botererik nahi. Erresistentzia diskretua izaten da». Modu diskretuan, Estatuaren hormaren eta Merkatuaren ezpataren artean, prozesu katalanak babesleku bat bat sortu nahi du, auzolanean: babesleku demokratiko, sozial, ekonomiko eta kulturala. Europa hegoaldeko krisiarentzako erantzun alternatibo bat: prozesu demokratiko bat, proiektu demokratizatzaile bat, egitasmo demokratizagarri bat.

Azken batean, sintesi nazionala, soziala eta demokratikoa: aurpegiaren nolakoa ez da inoiz ispiluaren errua. Garen hauxe gara, eta oraindik ez garena, eta, batez ere, sekula izango ez garena. Baina badago ikaragarri dialektikoa den zerbait, diktadore bat —ohean— hil zeneko 40. urteurrena betetzear den honetan. Hau ez da Parisko Komuna, bistan denez. Baina prozesu politiko katalanaren kontra altxatuak dira auzitegiak eta militarrak, bankuak eta patronalak, elizak eta leizeak. Auzitegi Konstituzionalarekin eta Auzitegi Nazionalarekin hasi eta Defentsa ministroarekin segi; Espainiako eta Kataluniako bankuekin hasi eta CEOErekin segi; Espainiaren batasunaren aldeko entziklikekin hasi, eta botere sistema oso baten bozeramaileekin segi. Ona izan behar nahitaez, halako etsaiak bildu baditugu.

Askatasun politikoa eta justizia soziala, hain zuzen, borroka amaitu gabeak dira beti, eta maratoilarien pertseberantzia eskatzen dute. Ez huts egin, ez adoregabetu. Baretasuna iraultzailea da. Ez euforia neurrigaberik, beraz, eta ez etsipen hiperbentilaturik. Pertseberantzia irmoa, eta borroka politiko eta soziala. Eta Primo Leviren eskaera etengabea, kale kantoi guztietan oihartzunka: «Orain ez bada, noiz?», «eta gu ez bagara, nor?». Orain, hemen, denon artean. Animo eta aurrera.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.