Albistea entzun

LGTB kolektiboa gaur, gurean

Teresa Castro - Gehituko lehendakaria

2016ko urriak 30

Gehitu elkarteak 20 urte daramatza Euskal Herrian LGTBI kolektiboaren legezko eskubideen eta gizarte-normalizazioaren alde lan egiten. Urte hauetan lorpen handiak izan dira gure artean. Lortu dugu LGTBI kolektiboarentzat espazio eta erreferentea izatea, osasun arloan aurrerapenak, gazteentzat eta emakume lesbianentzat eta gurasoentzat espazioa sortu dugu, eta ezkontza eskubidea bermatzen duen legea ere onartua izan da.

Azken hamabi urteetan, Eusko Jaurlaritzaren eskutik hezkuntza arloan haur eta gazteentzat tailerrak egiten eta horietan jasotako inkestak biltzen eta hausnartzen aritu gara. Tailer horien helburua sexuafektibate askotarikoaren arloan ezagutza areagotzea eta edozein aukerarentzat gizartearen begirunea lortzea da.

Gehituk, Guztiok eta Fundacion EDE elkarteek elkarlanean eginiko jarduera horien ondorioz eginiko ikerketen arabera:

Irauten dute oraindik gure artean LGTBI kolektiboari buruzko aurreiritzi eta estereotipoek: lau gaztetako batek aitortzen du izaera homofobikoa duen jarreraren bat bultzatu izana, euren artean mutilezkoak nabarmentzen dira nagusiki.

Ikusten zailagoak diren afektibitatearen inguruko fobiek irauten dute, hala nola LGTBI kolektiboaren aurrean sortzen diren deserosotasun, beldur edo errefus bortitza, batzuetan barneratzen den eta normaltzat jotzen den jarrera ezkor batean bihurtzen dena. Gazteen %82k onartzen dute kolektiboaren aurkako jarrera homofobikoak antzeman izana, eta %14k eraso fisikoak ikusi izana.

Agertzen dira oraindik ere ikusgarritasun handia duten eta «normaltzat» barneratu eta erreakzioa sortzen ez duten portaera LGTBIfobikoak (irainak, zurrumurruak, eraso fisikoak).

Espainiako Barne Ministerioak argitaratu duen 2015eko Gorroto Erasoei buruzko Txostenak Euskal Herrian 27 polizia-atestatu gertatu zirela dio sexuafektibitate orientazioa dela eta. Kontuan hartu beharra dago kasu kopuru hori ez datorrela guztiz errealitatearekin bat; izan ere, salatzen diren homofobia kasuak gutxienekoak dira. Dena dela, aniztasun sexualaren aurkako jarreraren existentzia nabarmena erakusten duten zenbakiak dira. Gure lurraldean azken urteetan gorantz doan datua da. Eta hau azalean ikus daitekeena besterik ez da, horren azpian eguneroko sexuafektibitate aniztasunaren aurkako jarrera ezkorrak ezkutatzen direlarik, agian hain ikusgarriak egiten ez zaizkigunak, baina ahaztu behar ez ditugunak.

2016an hau agerian uzten duten mota ezberdinetako albisteak ikusi ahal izan ditugu gugandik hurbil: Gasteizen gay izateagatik etxetik bota zuten gaztea, Iruñeko autobus batean bi neskari arreta deitu izana maitasun jarrera izateagatik eta Irun eta Gasteizeko tabernetan gertatutako erasoak, adibidez. Bizikidetza arloan lan handia egin beharra dugu; izan ere, kasu asko aisian edo bizitza pertsonalean gertatzen dira. Azken urteetako legeek hainbat onura ekarri dituzte, baina bizikidetzaren garapen erreala bidera dadin gizarteko arlo ezberdinetan hainbat erronka gelditzen zaizkigu oraindik:

Pertsona transexualen patologizazioak irauten du. Egoera hau eta transexualitate egoeran dauden haurren eskubideak bermatuko dituen Legeak ezinbestekoak dira.

Hezkuntza-arloan adostasunaren bidez testuinguru orokor batean genero eta sexuafektibitate aniztasuna lantzeko tresnen garapena ere beharrezkoa da jarrera homofoboak ekidingo badira.

Emakume lesbianen legitimitate sozial eta beren eskubideen erabilera askea oztopatzen duen ikusezintasunaren iraunkortasuna ezabatuko duen neurriak beharrezkoak dira.

Kirol arloan jarrera homofoboen iraunkortasuna saihesteko eredu berrien beharra dago, kirol taldeen eta agente sozialen arteko hartu-emanaren bitartez genero eta sexuafektibitate aniztasuna txertatuko duena.

Familia homoparentalek egun pairatzen duten diskriminazio baldintzen ezabapena ere beharrezkoa da, bai laguntza bidezko ugalketan, adopzioan edo filiazioari dagokionez.

Bisexualitatearen ikusgarritasuna eta normalizazioa ezinbestekoa da.

Adin nagusiko LGTBI kolektiboaren eskubideak ere bermatu beharko lirateke sortzen ari diren eta urte gutxitan larriak izango diren egoerak saihesteko.

Nazioarteko estatu askotan LGTBI kolektiboaren egoera jasanezina hobetzeko lan ikaragarria dago egiteko.

Eta, jakina, hasieran aipatutako portaera LGTBIfobiko nabarmenak ekidin ahal izateko, beharrezkoa da Katalunian eta Extremaduran onartuak izan direnak bezalako lege baten ezarpena, gorroto-delituen kontrako osoko babesa bermatuko diona LGTBI kolektiboari, erasotzaileari zigorrak ezarriz, eta esku-hartze eta sentsibilizazio neurriak ezarriko dituena.

Erronkak asko dira. Gehitun kontziente gara arlo sozialean lantzeko dauden fronte ezberdinez, baita haietako bakoitzari eman behar zaizkion bakarkako erantzunez ere. Horren aurrean, Euskal Herriko beste agente eta elkarte anitzen laguntzarekin batera, hainbat ekintza jorratzen saiatu gara azken urteetan kirolean, hezkuntzan, kulturan, osasun-arloan, eta abar.

Baina hori guztia bide onetik eraman ahal izateko, ezinbestekoa dugu, aldi berean, gizarteko eragile ororen kontzientziazioa eta parte-hartzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.