Euskarari ttinka goxoa

Gustuko tokian aldaparik ez esaten bada ere, aldapak izan dira, eta ez nolanahikoak gainera. Sei urtez ate asko jo eta gero, Nafarroa Behereko lehen haurtzaindegi euskalduna izango denaren lanak hasi dira. 2019an irekiko ditu ateak Ttinka haurtzaindegiak.

Ttinka haurtzaindegia izango denaren lanak, Lakarran. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Lakarra
2018ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Zaintzaren aldetik hizkuntzarena ez da lehentasuntzar hartzen. Zaintza molde baten atzematea da lehentasuna jendearendako, eurak lanera joan ahal izateko. Beraz, euskaraz ez bada ere, berdin du», azaldu du Leire Bidart Lakarrako (Nafarroa Beherea) euskarazko haurtzaindegiaren proiektua aurrera ateratzeko sortu zuten Ttinka elkarteko kideak.

Hasieratik heziketa euskaldun bat izatea garrantzitsua iruditzen zaio Bidarti, «hizkuntzaren atxikitzeko modu bat da baita ere». Maitena Zubeldia, Gamarten bizi den Ttinka elkarteko beste kidea ere, iritzi berekoa da. Haur txikiena Izurako haurtzaindegian du. Haurtzaindegia elebiduna bada ere, etxera frantsesa sartzen hasi dela kontatu du, «eta horrek etxe bateko giroa aldatzen du». Esanguratsua da Nafarroa Behereko lehen haurtzaindegi euskalduna izango dela Ttinka. Dena euskaraz izango den horri ere bidean oztopoak jarri dizkiote zenbait hautetsik, baina aurrera egin dute, eta, oraindik ere lana egiteko badago ere, heldu den urte hastapenean Lakarrako herriak aspalditik ez duen bizitasuna izango du.

Erabat euskalduna izango dela bermatzen duen labela eskuratu nahi du Ttinkak: B motakoa. Behin langileak hautatuta, berehala galdegiteko asmoa dute.B motako labelak esan nahi du langile guztiak euskaldunak direla eta haurtzaindegiko hizkuntza euskara dela, «euskararentzat beste toki bat segurtatzen dizu», esan du Bidartek. Ipar Euskal Herrian Luma haurtzaindegiak zuen label hori, eta Miarritzeko Ohakoak badu (Lapurdi). Ez da besterik. Beste bi label mota badira: A eta C.

A modeloan gurasoek hautatzen dute zein hizkuntzatan mintzatzen zaien haurrei; langile guztiak elebidunak direla esan nahi du; beraz, haur batzuei euskaraz egiten diete, eta besteei, frantsesez. C modeloan, aldiz, langileen erdiak euskaldunak dira, eta haur guztiekin euskaraz egiten dute, eta beste erdiak frantsesdunak dira; beraz, haur guztiekin frantsesez egiten dute.

Nafarroa Behereko haurtzaindegien artean, Izurakoak A labela du, eta Bankakoa bidean da. Uharte-Garaziko eta Ortzaizeko haurtzaindegiak, baina, ez daude sistema horretan sartuak. «Erraten dute elebidunak direla, baina ez dakigu zer elebitasun mota eskaintzen duten. Erran nahi du ez direla behartuak beti langile euskaldun bat ukaitera», zehaztu du Bidartek.

Bidea luzea izan da. Lehenik Garazi eta Baigorriko hautetsiak konbentzitu behar izan dituzte, «eta hori ez da gauza erraza izan», esan du Bidartek, «Gamarte eta Lakarrako auzapezek borrokatu behar izan dute». Zubeldiak ere sentipen hori du: «Badira jadanik haurtzaindegi handiak Garazi aldean, eta begi txarrez ikusten zuten hau irekitzea. Euskaraz izatea ere oztopo izan da batzuendako. Auzapez batzuek, ez badute erran ere, ez dute alde bozkatu proiektua euskaraz baitzen, segur aski».

Horrez gain, Apezetxean ere apartamentuak eraikiko dituzte, eta obrak kudeatzen dituen erakundeak ere bere bidea egin behar izan du. Gune babestua da haurtzaindegiaren tokia, eliza eta gazteluarengatik, hori dela eta, lanak egin ahal izateko baimenak lortzeko prozesua luzea izan da. «Dena aski luzea izan da, baina aitzinerat goaz, eta kontent gara horrekin», aipatu du baikor Bidartek.

«Haurtzaindegi batean haurrak ez ditu urte anitz pasatzen. Horrelako gauza bat eraikitzen duzunean, ez duzu zure haurrendako egiten bereziki, ondokoendako egiten duzu», gehitu du Zubeldiak.

Bide beretik

Bi proiekturen uztartzetik sortu da Ttinka. Batetik, Baigorri eta Garazi aldean euskarazko harrera molde bat behar zela pentsatzen hasi ziren Baigorriko Mendikoakoa elkartekoak. Halaxe kontatu du Bidartek: «Gune euskalduna da, ikastolak gero eta handiagoak dira, bada eskari bat. Kostaldean badira haurtzaindegi euskaldunak, baina barnealdean lehen haurtzaroarentzat ez da halakorik».

Asmoa bai, baina tokirik ez zuten atzematen. Aldi berean, aldiz, Gamarte eta Lakarrako herriek haurtzaindegi bat egiteko xedea zuten Apezetxean, herriko toki esanguratsuan. Izan ere, ez da beste edozein etxe bezalakoa. Etxe horretatik herritar anitz pasatu dira, katixima ematen zen garai batean, gero dantza ikastaroak, zinema emanaldiak... Herritarrak kontent dira etxe horretan berriz bizia piztuko delako hamabost urte eta gero.

Eskari hori egindako inkestetan ikusi dute eta Familien Laguntza Kutxak (CAF) berretsi du. Erakunde horrek haurtzaindegiak parte handi batean diruz laguntzen ditu, eta behar bat baden edo ez ziurtatu behar du, bestela ez du lagunduko. Lakarran bertan bada behar hori bertatik bertara ezagutzen duenik, eta hori Valerie Urruti da, herriko haurtzain bakarra. Hastapenetik begi onez ikusi du proiektua, ez du konkurrentziarik ikusi, eta haurtzaindegiaren proiektua aurrera ateratzeko sortu zuten Ttinka elkartean hastapenetik dabil: «Nik zazpi haur ditut hilabetean, egunean orotara lau. Azken bizpahiru urtetan haurrak errefusatu behar izan ditut, ezin baititut gehiago hartu. Domaia da errefusatzea, baina era berean argiki ikusten da eskaera badela».

Euskara badakielako ezagutua da Urrutia familien artean, zaintzen dituen zazpi haurretatik bosti euskaraz egiten die. Haurtzaindegia sortuta, proiektu batzuk elkarrekin egiteko asmoa du, inauterietan eta bestelakoetan elkartuz. Lotura horietan sinesten du Urrutiak. Ttinka goxoko loturetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.