Podemos: zaharrak berri?

Joseba Azkarraga-Etxagibel - EHUko Soziologia irakaslea

2014ko abenduak 14
Aurkeztu zuten eztabaidarako proposamen ekonomikoa. Hondoan, Mendebalde osoan nagusi den dilema: nola atera krisi ekonomikotik, austeritate politikak aplikatuz (neoliberalismoa) edota politika sozialdemokratak (neokeynesianismoa).

Hamaika neurri interesgarri biltzen ditu txostenak. Helburu dute aginte politikoa konkistatzea eta saihestu dute utopismo aingerutarra. Purutasun maximalistak balio dezake identitatea entretenitzeko, baina ez handira jokatzeko eta gehiengoak biltzeko.

Eta ortodoxiara lotu dira: funtsean, hautsa kendu diote sozialdemokraziaren XX. mendeko eskuliburuari. Aurrerakoi deituriko pentsabidea inoizko atzerakoien eta defentsiboen ageri da: buelta gaitezen printzipio neoliberalek (austeritateak eta murrizketek) zeru-lurrak konkistatu aurreko garaira, ekonomia eta ekoizpena estimulatuz, kreditua haizatuz, handituz erosahalmena, indartuz inbertsio publikoak, sustatuz kontsumoa.

Ondokoa da estrategia keynesiarrak duen desafioetako bat, epe laburrean: esku hartze publikorako sosak mugatuak dira oso, bankuak erreskatatuz gainzorpeturiko estatuan. Puntu horretantxe hartzen du fiskalitateak demaseko garrantzia proposamenean (eta zorraren berregituratzeak).

Sakonagotik helduta, keynesianismoak badu bestelako desafiorik. Keynesiar ororentzat paradisua den XX. mendeko bigarren erdialdeko hazkundeak ekarri du, kapitalismo goxo eta eztituaren eskutik, inoizko aldirik hondagarriena ikuspegi ekologikotik. Kontuak badu mamirik, XXI. mendeak oso bestelako manerak eskatzen baititu: baliabide energetiko fosilak behera datoz (Podemosen proposamenak ez du aipatzen hain kontu larria); agortze bidean dira beste hamaika lehengai eta baliabide ekosistemiko; eta abian da klimaren aldatze hondagarria. Dagoeneko ez dago oinarri materialik antzeko aldi keynesiarrik gauzatzeko.

Kontua ez da krisi sozioekonomikotik ateratzea, ezpada krisi askotarikotik (energetikoa, klimatikoa eta ekologikoa, besteak beste). Podemosek, bistakoa da, badu horren berririk. Txostenak ahots goran aitortzen du dagoeneko zeru goialdeetatik dabilela espainiarren biomasa kontsumoa: espainiarrek gaurko Espainia halako 3,5 lurralde behar dituzte eutsi ahal izateko beraien ekoizpen eta kontsumoari. Hitzez hitz: «gure ekonomia munduko ez-iraunkorrenetako bat da dagoeneko». Gauzak horrela, bestelako hazkundea sustatzea litzateke kontua, beste modu batera kontsumitzea eta ekoiztea: «[iraunkortasun ezak] ez du esan nahi jarduera ekonomikoa jaitsi behar denik, guztiz kontrakoa, giza premia asko dago ase barik, eta horrek eskatzen du jarduera ekonomikoa areagotzea». Beraz, auzitan jartzekoa ez da hazkundea, ezpada hazkunde hau.

Puntu horretantxe dago munduak, Europak nola Euskal Herriak behar duen ezbai garrantzitsua: ez dugu sekula horrelakorik egin. Hau da, hazkundeak baliabide gehiago kontsumitzea eta hondakin gehiago sortzea ohi dakar. Ekonomiaren eskala fisikoa handitzea, ez alderantziz. Teknologiari esker, ekoefizientzia hobetuz, desmaterializazioan aurrera eginez, partzialki hobetu litezke material eta energia kontsumoak (eta hondakin gutxiago sortu), baina konputu globalak gorako bidean tematu ohi dira (Jevons paradoxa deitu zaio). Hamarkadak daramatzagu ekoefizientziaren eta modernizazio ekologikoaren paradigmekin, eta tresna horiekin bakarrik euskal metabolismo sozioekonomikoak, berdin espainiarrak berdin mundukoak, gero eta natura kopuru gehiago darabil ongizatea sortzeko (hondakin gero eta gehiago sortuz). Ez alderantziz.

Finean, gure sistema sozioekonomikoa lodiegi dagoen gorputza da. Baliabide natural gehiegi irensten ditu, Lurra deitzen den despentsan daukana baino gehiago. Jaki horiek gorputzean ondo ez banatzeaz gain, osasun arazo larriak eragiten dizkio eta inguruneak xurgatu ezin dituen hondakinak sortu (tartean, aldaketa klimatikoa eraginez). Gorputz horrek benetan du gaixotasun larria: ezin dio jateari utzi. Sinetsita dago zenbat eta gehiago jan orduan eta osasuntsuago biziko dela.

Lifting kosmetikoetarako garaiak pasa ziren, eta turbo-kapitalismo neoliberalak zein turbo-kapitalismo keynesiarrak, oraindik biek dituzte lauso planetaren muga biofisikoak. Bide keynesiar klasikoak badu abantaila bat, ordea: ekitate, justizia eta elkartasun handiagoz urratuko genuke kolapsorako bidea.

Besterik da hautu keynesiarrari bestelako saihetsetik heltzea: saiatu beharrean hazkunde mugagabea bermatzen, esku hartze publikoa bidera daiteke trantsizio handirako, ekonomiaren birmoldatze ekologiko eta ekitatiborako. Badira dieta osasuntsuak jatearen jateaz gaixotu den gorputza osatzeko, birbanaketaren proiektu historikoa txirikordatuz ekonomiaren deskarbonizazioarekin eta gizartearen trantsizio sozioekologiko orokorrarekin. Proiektu hain estrategiko hori ezingo da gauzatu politika publiko sendorik gabe.

Hori bai, ezkertiarrentzat, herritarrontzat oro har, halako ohartarazpen deserosoa dakar mende honek: dagoeneko proiektu historikoa nekez izan daiteke gehiago eskatzea, birbanaketarekin gehiago egongo bada ere sektore zabalentzat, gauzak ondo. Sormenerako dei historikoa ere badakar: nola sortu ongizatea eta oparotasuna hazkunderik gabe. Dilema ez baita keynesianismoa edo neoliberalismoa, bietako nork gidatuko hazkundea. Dilema da hazkunde-oste ordenatua ala kaotikoa.

Ezinezko agenda politikoa ote den irabazi nahi duenarentzat? Ez. Datuak eskuetan, hazkunde mugagabearen axioma da burutaziorik irrealena eta esperantzarik arriskutsuena. Baita kaosaren aliaturik leialena ere. Absurdo fisikoa izateaz gain. Datuak eskuetan, kondenatuta gaude material eta energia gutxiagorekin bizitzera, baina saihestu behar da ezberdintasunak areagotuz prestatu den beheraldi neoliberala.

Podemosen txostenak abiapuntu interesgarriak ditu. Aldi berean, lotuegi dago XX. mendeko ortodoxia gaur eginezinari. Faltan sumatzen da krisi askotarikoaren bueltan errealismo arduratsuagoa, kontzientzia biziagoa eta pedagogia ausartagoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna