'#Analfabetoak 4.0'

Lore Martinez Axpe - Informazio Gizartearen zuzendaria Gipuzkoako Foru Aldundia

2015eko maiatzak 17
Gaur, 2015eko Internet eguna ospatzen dugun honetan, emakumeon presentzia hutsaren hurrengoa da teknologiaren alorrean.

Baina hori ez da beti horrela izan. Kuriosoa da urte gutxitan nola aldatu diren gauzak. Historiako lehen programatzailea Ada Byron (1815) emakumea izan zen. Bera bezala, emakume ugari aritu zen kodea idatzi eta programak garatzeko lehen urratsetan. Grace Murray Hopper (1906-1996), Evelyn Berezin (1925)... bezalako adibide ugari dago. Ez bakarrik garatzen, ikasketetan ere computer science edo informatika-ikasketetan, emakumeon kopurua gorantz joan zen, gizonezkoena baino gehiago. Baina joera hori aldatzen hasi zen 80ko hamarkadan ordenagailu pertsonalak agertu zirenean. Informatikaren bilakaera aurrera zihoan, eta ordenagailuen salmenta gizon eta mutikoei bideratu zitzaien; norbaitzuen lehentasunak eta marketinak emakumea bigarren lekuan utzi zuten, eta ordenagailuen iragarkietan emakumeak bainujantzian agertzera mugatu zuten. Tristea, baina erreala. Aitzindari izatetik ezerezera.

Arazoa globala da, eta mundu osoan ardura izugarria dago. Aurten, Bartzelonan Mobile World Congress-en egon gara, eta Teknologiak eta emakumea gaiari buruzko jardunaldi espezifikoa egin da. Bertan, baieztatu zen industria teknologikoan emakumeok dugun presentzia sinbolikoa dela, eta ondorioztatu zen ezinbestez indartu beharra dagoela.

Estereotipo gutxiago eta erreferente gehiago. Hori da behar duguna. Estereotipoak suntsitu behar dira, teknologiak ez dira gizonezkoenak bakarrik; historiak eta emakumeon gaitasunak sobera erakutsi dute hori. Eta erreferenteak bilatzera ez dugu Estatu Batuetara joan behar. Gipuzkoan, Euskal Herrian, baditugu emakume teknologoak. Horiek ezagutzera eman behar ditugu eta haietaz eta haien lanez hitz egin. Urriaren 14a emakume teknologoon nazioarteko eguna da, Ada Byronen omenez; berak informatikari, zientziari, eskainitako ekarpenak aitortzeko.

Eginbehar ugari dago. Teknologien munduan emakumeok ezinbestez egon behar dugu, gizarte justu eta orekatu bat eraiki nahi badugu. Hori bermatzen ez badugu, #2garrenBretxaDigitalaren aurrean egongo gara. Eta hori ezin dugu onartu.

'#SmartEuskalHerria'

Arazoa zoritxarrez ez da genero ikuspegikoa bakarrik, herri ikuspegia ere kontuan izan behar dugu: Euskal Herrian zer?

Internetek aldaketak ekarri ditu, eta azkar eta arlo guztietan gertatzen ari dira: Gauzen Internet (Internet Of Things, IoT), milioika eta milioika gailu konektatuta informazioa elkarri trukatzen, arazoak aurreikusteko eta konponbideak iradokitzeko; Lurralde adimentsuak (Smart Cities/Territory), smart teknologiak herritarren bizitza hobetzeko (energia, ongizatea...); Industria 4.0 (Manufacturing 4.0), ehun industrialean teknologiak txertatuta, lehiakorragoak izateko; Robotika, Adimen Artifiziala, Errealitate Birtuala, Datu Masiboak (Big Data), jantzigarriak (wearables)...

Interneten erabiltzaile kontsumitzaile hutsak izaten ohitu gara, pozik hartzen ditugu heltzen zaizkigun nobedade guztiak, baina zein da garatzaile gisa dugun erronka? Zer ekarpen egingo diogu guk Interneti?

2020. urtean, munduan 85 milioi lanpostu tekniko bete gabe egongo dira (McKinsey-ren azterketa). Profil teknologikoa duten profesionalen eskaria izugarria da, eta izango da datozen urteetan. Baina, Euskal Herrian, unibertsitateetan, Informazio eta Komunikazio Teknologiekin (IKT) zerikusia duten ikasketetan gero eta ikasle gutxiago ditugu: informatika ingeniariak, telekomunikazio ingeniariak... Nola ulertu etorkizun onena duten lanbideetan ikasle kopuruak nabarmen behera egitea. Zerbait ez gara ondo egiten ari.

Gure gizartea ez da gai izan Internetek zer eginkizun duen definitzeko: pentsatu al dugu zein eragin izango duen lanpostu batzuk robotizatzeak? Edo milioika datuen segurtasuna bermatzeko egoki prestatutako profesionalak ditugun? Eta eduki ezean, zein ondorio ekarriko duen horrek? Edo gure seme-alaben hezkuntzan, gure aitona-amonen zaintzan, euskararen etorkizunean, gure enpresen lehiakortasunean edo administrazioak eskaini behar duen zerbitzuan?

Industria teknologikoak etorkizuneko gizartearen garapenean garrantzia izugarria du, eta uste dut hausnarketa sakon bat falta zaigula, eragile guztion parte-hartzearekin: pertsonak, gizarte eragileak, hezkuntza sektoreak, I+G zentroak, enpresak, administrazioak... Estrategia baten beharra dugu lehentasunak zehaztu eta baliabideak definitzeko. Teknologiak gure gizartea guztiz aldatuko du, bai ala bai, eta guk erabakitako norabidean aldatu beharko luke. #SmartEuskalHerria eraikitzeko oinarri sendoak behar ditugu, tsunamiak ez gaitzan harrapatu.

Eta eraldaketa horretan, emakume teknologoak ezinbestekoak dira. Gure neskatilak analfabeto digitalak (#Analfabetoak4.0) izan ez daitezen, umetatik, familietan, ikastetxeetan, unibertsitateetan, gizartean, iragarkietan, ezin ditugu estereotipo faltsuekin hezi. Alderantziz, animatu egin behar ditugu teknologiak erabiltzera, teknologiekin jolastera, campus teknologikoetan parte hartzera, esperimentatzera... Ziur badela Gipuzkoan oraindik aurkitzeko dugun Ada Byron bat!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna