Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kirola «Korrikarako gogo handiarekin ibili naiz aurten»

Publizitatea

Kirola

Oihana Azkorbebeitia. Mendi korrikalaria

«Korrikarako gogo handiarekin ibili naiz aurten»

Denboraldi bikaina egin du, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo. Bosgarren izan da, esaterako, Munduko Kopan, eta laugarren Europako Txapelketan. Emaitzez harago, ordea, gozatu egin duela dio.
Argazkia: MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2017-11-14 / Unai Ugartemendia

Eguraldi goibelarekin esnatu da Abadiño (Bizkaia). Nabari da negua gertu dela. Berdin dio Oihana Azkorbebeitiari (Abadiño, 1981): ez da eguraldi txarrarengatik irribarrea galtzen duten horietakoa. Gaur ez du entrenamendurik, eta bere denboraldi arrakastatsuari buruzko errepasoa egiteko baliatu du, kafe bat lagun.

Azken hamar urteetan mendian korrika egiteagatik zara ezagun, baina beste kirolik egindakoa al zara gaztetan?

Beti korrika ibilitakoa naiz. 5 edo 6 urte nituenean atletismoko talde bat zegoen Abadiñon, eskolan, eta urte askoan krosetan ibili nintzen korrika. Institutura joan nintzenean, Durangora, Bidezabal atletismo taldean hasi nintzen. Han, pistan ordu asko sartutakoa naiz. Cristina Petite korrikalariarekin ibiltzen nintzen taldean. 18 urte nituenean, Zaragozara [Aragoi, Espainia] joan nintzen ikastera, eta orduan utzi nuen taldea.

Zer oroitzapen duzu?

Oso nekatuta amaitu nuen atletismoan. Entrenamenduak oso zorrotzak ziren, serie asko, pistan bueltaka... Nik 5.000 metroko distantzia egiten amaitu nuen. Oso estresatuta ibiltzen nintzen. Urte haietan, gainera, lagunak beste gauza batzuk egiten ikusten nituen, eta nik, aldiz, asteburu guztiak hartuak izaten nituen.

Eta noiz egin zenuen jauzia mendian korrika egitera?

Koinatuarengatik hasi nintzen. 2005ean izan zen, Azpeitian eta Azkoitian egiten den Izarraizko lasterketan. Koinatuak animatuta eman nuen izena. Hiru neska irten ginen, Nerea Amilibia tarteko. Nereak erraz irabazi zuen, eta nik bigarren egin nuen. Izugarrizko txakalaldia izan nuen bi kilometroren faltan. Justu-justu amaitu nuen lasterketa.

Oso denbora gutxian, ordea, euskal selekzioan zinen.

Bai. Lasterketa hura amaitu eta gutxira, Arkaitz Zamakona ezagutu nuen. Selekzioan zebilen, eta, neska gutxi zeudenez, animatzeko esan zidan. Handik gutxira ezagutu nituen Rosa Lasagabaster eta Asier Lasa hautatzaileak.

Selekzioko lehen urtean bosgarren amaitu zenuen jada Espainiako Kopan.

Orduan Espainiako Kopa eta Munduko Kopa jokatzen zituen selekzioak. Bi talde bezala zeuden orduan selekzioan: onenek Munduko Kopa jokatzen zuten, eta gainerakoek, Espainiakoa. Selekzioan maila handiko korrikalariak zeuden: Iker Karrera, Arkaitz Zamakona, Fernando Etxegarai, Jabi Olabarria... Nesketan, ordea, gutxiago ginen: Marta Vidal, Marta Oteiza eta ni.

2010. urtean jauzi handia egin zenuen. Lehenik podiuma Zegama-Aizkorrin, gero garaipena Hiru Handietan. Nolatan Hiru Handiak?

Askotan entzuten nuen jendea lasterketa horretaz hitz egiten, eta izena ematea pentsatu nuen. Ez nekien nola entrenatu, eta Aizkorrikoa aitzakia on bat izan zen gero bestea korritzeko. Entrenamendu luzeena lau ordu eta erdikoa izan zen. Handik bi urtera, 2012an, berdin entrenatu nintzen. Gogoan dut ibilbide gehiena pertsona berarekin egin nuela, eta ez zidala sinesten entrenamendu hain motzak egiten nituenik.

Garaipena lortu zenuen 2012an ere. Geroztik ez duzu jokatu. Itzultzeko asmorik bai 2018an?

Ez dut baztertzen, ezta gutxiagorik ere. Orain, gainera, denboraldiaren hondarrean jokatzen da, urrian, eta selekzioko hautatzailearekin hitz egin beharra daukat egutegia osatzeko. Ekaineko eguraldia baino nahiago dut nik urrikoa, eta hori ere aldeko izango nuke. Baina, ez, ez dut baztertzen berriro ere bertan egotea.

Zegaman euskaldun asko ez dira izan podiumean, Munduko Kopan sartu zenetik. Zu bai.

Aitzakia ona aprobetxatu nuen sasoian jartzeko, eta lasterketa polita atera zitzaidan. Aurretik Emanuela Brizio eta Nerea Amilibia bakarrik izan nituen. Ez nuen oso denbora ona egin, baina bost ordu eta hamar minutuan egitea lortu nuen.

2011ko Zegama-Aizkorri. Lasterketa amaitzeko 200 metroren faltan, erretiratu egin behar izan zenuen. Zer gertatu zen?

Hasieratik bero handia egiten zuen, eta beroarekin ez naiz batere ondo moldatzen. Lasai joan behar nuela esaten nion behin eta berriz neure buruari. Edanez joan nintzen, baina ez nahikoa. Konturatzerako, zorabioekin hasi nintzen. Aizkorriko gainean ia non nengoen ere ez nekien, galduta ere ibili nintzen handik behera... Azken jaitsieran irudipenak ikusten nituen; nire oinak gorputza baino lehenago zihoazela ikusten nuen. Halako batean, lurrera erori nintzen, eta ezin altxaturik gelditu, zeharo blokeatuta. Anbulantzian amaitu nuen. Bero kolpe handi bat izan nuela diagnostikatu zidaten.

2013an ama izan zinen lehenbizikoz. 2015ean, bigarrenez. Nola bizi izan dituzu haurdunaldiak?

Mendira joaten nintzen orduan ere, oinez, umea besapean hartuta, eta asko ibili nintzen. Ez nuen korrika egin azkar batean. Denbora batean asko deskonektatu nuen. Hala ere, 2014an Zegama korritu nuen. Baina atseden hartzea ezinezkoa zen: umeak gauetan ez zuen lo askorik egiten, gorputza ere ondo ez, eguna nekatuta... Argi nuen bigarrena ere jarraian izango nuela eta ondoren izango nuela korrika egiteko denbora. Hala izan da.

Benetako itzulera iazkoa izan zen. Nola hasi zinen berriro ere mendian?

Lehenik errepidean hasi nintzen korrika. Ametz azaroan jaio zen, eta handik lau hilabetera hasi nintzen berriro ere Zegama prestatzen mendian. Lehenik astiro-astiro, gero pistetan barrena, baina mendian buru-belarri pentsatu gabe. Lehen asmoa hori zen, lasterketa hori bakarrik egitea. Aurrerago hasi nahi nuen berriro ere serioago, eta, ondoren, Gorbeia Suzien egin nuen urrian. Itzuleran ondo sentitu nintzen, agian amaitzera irten nintzelako.

Emakume asko zarete ama izan eta gero lortu dituzuenak emaitzarik onenak: Oihana Kortazar, Gemma Arenas, Emma Roca...

Askok esaten dute gorputza aldatu egiten dela, onerako. Berriro itzuli naizenetik progresio ona egin dudala uste dut. Nire kasuan, bi haurdunaldiak nahiko jarraian izan ziren, eta ez nuen alde handirik nabaritu gorputzean.

Aurtengo denboraldia txapela kentzeko modukoa izan da, kontuan hartuta 20 lasterketa baino gehiago egin dituzula. Ez al dira gehiegi izan?

Egia esan, ez nuen egutegi zehatzik. Helburu bakarra, askotan bezala, Zegama-Aizkorri ondo egitea zen. Zestoan hasi nuen denboraldia, gero Apuko, Sara... Banekien sasoiko nengoela: ondo ikusten nuen neure burua. Aizkorri egin eta gero, Munduko Kopa egiteko aukera eman zidaten, baina argi neukan bi umerekin ezin nuela kanpora asko joan.

Bi semeek egonkortasuna eman omen dizute.

Alde onak besterik ez dit ekarri amatasunak. Nire parte handi bat dira; bizimodua asentatu egin dudala iruditzen zait. Orain, gainera, ondo lo egiten dute, eta ikaragarria da [barreak]. Poz handia dut azkenaldian. Egin dudan urtea egiteko ezinbestekoa izan dut Mikel bikotekidearen laguntza; bestela, ezinezkoa izango zen.

Munduko Kopan garaipen handi bat ere lortu duzu Buff Epic Trail lasterketan (Herrialde Katalanak). Zer sentitu zenuen?

Ez nuen inondik inora espero. Egia da sasoi betean iritsi nintzela eta ez zegoela goi mailako lasterkaririk ere.

Lasterketa haren ostean adierazi zenuen zure bizitzako «unerik gozoenean» zeundela. Zer esan nahi izan zenuen?

Ikaragarri gozatzen ari nintzela, pozik nenbilela. Lasterketetan emaitzak irteten ari ziren, familiarekin asteburu ederrak pasatzen ari nintzen, etxekoekin paregabe... Oro har, zoriontsu bizi naizela!

Munduko Kopan lehen postuan ere izan zinen une batean. Zeure burua ikusten al zenuen azken garaile bezala?

Ez, ez, ondo nenbilela bistakoa zen, baina banekien irabaztea oso zaila zela. Hala ere, podiuma eskuragarri ikusten nuen. Kopako azken lasterketara arte podiuma posible izan zen, baina azkeneko horretan, Limonen [Italia], jada denak ziren lehian, eta puntuak galtzeko aukerak areagotzen ziren. Gustura gelditu naiz egindakoarekin.

Bosgarren izan zara. Gelditu al zaizu arantzarik podiumean ez egoteagatik?

Ez. Azkenerako gauzak asko zaildu zitzaizkidan. Limonen lehen seien artean bukatu behar nuen, eta Hillary Gerardiren aurretik. Azkenean, hamargarren egin nuen, eta Gerardiren atzetik.

Denboraldia luzea egin al zaizu?

Egia esan, ez. Aritz Egeak eta Maria Zorrozak komentatzen zuten azkenerako denboraldia luze egiten dela, gehienbat oso goiz hasten delako. Niri, ordea, ez zait nekagarria egin, korrikarako gogo handiarekin ibili naizelako, eta burua ez dudalako batere estu hartzen [barreak].

Aurten munduko emakume korrikalari onenen artean izan zarete bi euskaldun, Maite Maiora eta zu. Handia da gero!

Bai. Maitek, gainera, Skyextreme modalitatea eta konbinatua ere irabazi ditu. Pozik egoteko moduan gaudela esan dezakegu. Ezin kexatu!

Mendiko denboraldia Gorbeia Suzienen amaitu zenuen. Europako Txapelketa, etxean, eta azkenean laugarren. Amorruz al zaude?

Bai eta ez. Bai, podiuma oso gertu izan nuelako hemen ere. Baina ez, lasterketa bikaina egin genuelako lehen laurok. Oso lehia polita izan zen; asko gozatu nuen. Aldapa gora oso indartsu nindoan, baina azken jaitsieran banekien aurreratu egingo nindutela. Aldeak oso motzak izan ziren, eta azken kilometrora arte hortxe ibili nintzen. Pena pixka batekin gelditu nintzen.

Ultra lasterketak modan daude. Askok esan dute ultretan zeresana emango zenuela. Zer duzu esateko?

Ez diet batere inbidiarik ultrei. Ez nau motibatzen hainbeste entrenatu beharrak. Sei orduko entrenamenduak egin beharko nituzkeela pentsatze hutsarekin, uf... Hiru Handiak egiteak bakarrik erakartzen nau, baina Hiru Handiak direlako. Oso ondo ezagutzen dudan lasterketa bat da.

Aurten, selekzioan, Maria Zorroza, Aitziber Ibarbia eta zu zeu ibili zarete. Beteranoak. Atzetik ba al dago jarraipenik?

Ez da dago erreza. Emakumeok, berez, gauzak askoz ere estuago hartzen ditugu denean. Asko izan dira lasterketak irabazten hasi direnak, presioa inor baino gehiago sentitu dutenak... Uneren batean emaitzek ez badute laguntzen, badirudi dena bertan behera erortzen dela. Askotan, aurreko urteko denbora hobeak lortu arren, emaitzak okerragoak izan dira, eta askori halako gauzek kalte egin diete. Badut itxaropena gazteengan. Irati Zubizarreta, esaterako, indartsu dator.

Presioa aipatu duzu. Nola da posible dirurik ez dagoen kirol batean jendeak hainbesteko presioa sentitzea?

Norberaren araberakoa izaten da. Bakoitzak bere buruarekin egin beharreko lanketa bat da. Egun batean lasterketa bat irabazi eta hurrengoan hamargarren egiten baduzu, zerbait gertatzen da? Ez, eta ez dago inori azalpenik eman beharrik. Azken urteetan, jendearen presioak ez die gauza onik eman korrikalariei. Bizitzak gauza asko ditu gauza batean bakarrik murgilduta ibiltzeko!

Zein izango dira datorren urterako erronkak?

Egun hauetan naiz hautatzailearekin egotekoa. Munduko Kopan lehiatzea gustatuko litzaidake, baina ikusi egin beharko dugu zein den datorren urterako planteamendua.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak