Kritika. Zartzuela

Sorozabal ona

2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
'La del manojo de rosas'

Egilea: Pablo Sorozabal. Ekoizpena: Oviedoko Campoamor antzokia. Eszena zuzendaritza: Emilio Sagi. Musika zuzendaritza: Josep Caballe-Domenech. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: ekainak 22.

Dotoretzat jo dezakegu Bilbon aurkeztu den Pablo Sorozabalen La del manojo de rosas sainete lirikoaren bertsioa. Sagiren kalitatezko zuzendaritzapean, Trottik lortu duen eszenografia errealistak oso ondo islatu du libretoak kokatzen duen sainete jostagarri, herrikoi eta ohiturazkoa; hain zuzen, Espainiako gerraren aurreko Madrilgo kale on batekoa, estilo neoklasikoaren teilapeko beheko taberna, tailerra, denda eta bi solairuko bizitokiekin. Izan ere, bertatik bi gizaki klaseetako pertsonaiak, langileak edo burges-señoritoak sartu, irten eta igaroko dira etengabeko ekinaldian. Emaitza naturalista horri asko lagundu diote garaiko jantzigintza koloretsuak eta argiztapenak;azken horiek Ojanguren eta Bravoren ardura izan dira.

Goian aipatu soiltasunaren bidetik jo da musikak ere. Caballe-Domenech maisuak eder kontzertatu ditu abeslariak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Haren eskuetatik Sorozabalen inspirazio eta orkestazio fina nabari suertatu da pasodoblean, farrucan, habaneran, txarlestonen eta erromantzetan. Abestigintzaren kasuan, guztien gainetik Sabina Puertolas sopranoaren ahots trinko eta dardarkaria jarri behar dugu, interpretazio onaren barruan: estimatzekoak ziren sentimendua eta intonazioa. Haren nobioen kantaldiak, berriz, ez ziren parean egon, zuzenak izan arren. Esaterako, David Menendez baritonoak ahots pisutsua azaldu zuen nahiz eta azkenean zer edo zer berreskuratu, eta Jorge Rodriguez-Norton tenorrak maila apala erakutsi zuen. Aldiz, Paloma Curroseta Ferrerabeslari komikoek bete zuten beren eginbeharra. Aktore mailan grazia eta taulak azaldu zituen Luis Varelak, eta gustatu zitzaidan Pilar de la Torriente ahoskera ere. Gainontzeko abeslariek,aktoreek, balletak eta figuraziokoek konplitu zuten beren rol laburretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.