Txapelketako artisauak

Txapel gutxi jantziko zituzten, baina haiek gabe herren geratuko lirateke txapelketa guztiak; haien eskulanik gabe ez zen pilota partidarik izango, harri-jasotze probarik egongo, edo bertsolari txapeldunek ez lukete izango buruan zer jantzi. Ander Ugarte, Pedro Salegi eta Ana Zaldua txapelketetako hiru eskulangile dira.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Nagore Etxeberria

2017ko abenduak 2

«Ilusio handia egiten dit nire txapela txapeldunaren buruan ikusteak»



Ana Zaldua Brodatzailea




Ana Zaldua (Donostia, 1944) brodatzailea hasi da Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelari lehen puntadak ematen. Azken 30 urteetako lanei segida emanez, hark brodatuko du aurten ere bertsolari txapeldunaren burua estaliko duen txapela.

14 urterekin hasi zen brodatzen Zaldua, eta, geroztik, hari, orratz eta txapel artean eta josteko makinaren aurrean igaro ditu eguneko ordu asko eta asko. Donostiako bi ahizpa brodatzailek irakatsi zioten ofizioa. Ezkontzean, Villabonara (Gipuzkoa) joan zen bizitzera, baina ez zion sekula brodatzeari utzi. Pilota federazioko txapelak egitea zen Donostiako bi ahizpa horien tailerreko lanetako bat, eta makina bat txapela egiten lagundu zien. Villabonara joatearekin batera, herriko elkarte ugari hasi ziren Zalduari txapelak enkargatzen: mus txapelketetarako, bizikleta probetarako edota pilota partidetarako, esaterako.

Orain dela ia 30 urte, bertsolaritza txapelketa nagusirako lehen txapela egiteko eskatu zion Jesus Muruak, eta, geroztik, Zaldua bihurtu da txapelketa nagusiko brodatzaile ofiziala. Lau urtean behin, «ilusio handiz» brodatzen duen txapela da bertsolariei janzten diena: «Egiten ditudan lanen artetik bereziena da».

Hiru orduko lana eskatzen dio bertso txapelketako txapela batek. «Den-dena nik egiten dut. Lehenik, zetazko paper batean egiten dut eredua, gero, txapel gainean jarri, eta atzera puntada bat emateko. Amaitzeko, papera kendu, eta brodatu egiten dut». Osagarriak edo marrazkiak, berriz, brodatzeko euskarrian egiten ditu, txapelean jartzeko gero. Amaitzeko, forrua ere jartzen die txapelei, baita bere izena brodatuta ere. Lan guztia brodatzeko euskarriarekin eta makina tradizionalarekin egiten du. «Hamar minutu baino ez dira behar lan hori ordenagailuz egiteko. Askoz gehiago kostatzen da eskuz».

Ia 60 urte daramatza lanbide horretan, eta, dagoeneko, hari mataza luzeak gastatu ditu. 60 urte horietan, makina berarekin aritu da lanean: Singer ingeles batekin. «Nik baino urte gehiago ditu; 80 urtetik gora, erraz. Villabonara etorri nintzenean, Donostiako bi ahizpek oparitu zidaten, haientzat brodatzen jarrai nezan». Geroztik, ez dio hutsik egin makinak.

Eta 60 urte hauetan, ehunka txapel brodatu ditu makina horrekin. «Lehen, urtean ehun bat txapel egiten nituen; egun, ordea, askoz ere gutxiago. Orain, lanak aukeratu egiten ditut». Hautatutako lanen artean dago bertsolarientzako txapela.

Bertsoak gustuko ditu, baina ulertzeko lanak izaten ditu: «Eguneroko gauzetarako moldatzen naiz euskaraz, baina bertsoak ulertzeko...». Hala ere, txapela janzteko unearen zain egoten da, adi: «Ilusio handia egiten dit nire txapela txapeldunaren buruan ikusteak».

Abenduaren 17an jakingo da nork jantziko duen Zalduak brodatutako txapela.

«Badakit diru mordoa galdu dudala, baina ez dut batere penarik»



Pedro Salegi, 'Langa' Hargina




Berandu hartu zuen erretiroa Pedro Salegi Langa-k (Mutriku, Gipuzkoa, 1937), orain zortzi urte; baina, hala ere, lantegira joaten da egunero, Bergarako (Gipuzkoa) Marmoles Bergara enpresara. 1968an joan ziren Bergarara, herrian hilerri berria egin behar zela-eta, eta hantxe geratu ziren. Bergarako lantegia zabaltzerako, baina, bazeramatzan hamabost urte hargin lanetan. Domingo Saroberekin hasi zen lehen harriak egiten. Txikitatik erakarri izan zuen munduan buru-belarri sartu zen hala.

Saroberekin hargin lanbidea ikasten hasi aurretik, baserri batean ibili zen morroi, 11 urterekin. Gogoratu duenez, hantxe izan zuen harriekin lehen harremana: «Lanean ari nintzen baserrian, baziren hamalau harri, eta jendea harriak probatzera joaten zen. Eta ni haiei begira egoten nintzen. Baserrian harri artean ibili nintzen, harriak lantzen hasi nintzen gero, eta, geroztik, ez naiz harri artetik atera».

56 urte eman ditu harriak zizelkatzen, eta, beste hainbat lanen artean, harri-jasotzaileentzako harriak egiten. «Orain, Zelai [Jose Antonio Gisasola] hasia da harri txiki batzuk egiten, baina, duela gutxira arte, ni izan naiz harriak egin dituen bakarra». Hainbeste urtetan zenbat harri egin dituen ez du kontuan eraman, eta horren pena du; baina onartu du harri «mordoa» egin duela: «Lantegi honetatik atera dira apustu eta harri-jasotze proba guztietan erabilitako harriak». Bezeroen artean harri-jasotzaileen zerrenda luzea du Salegik: Saralegi, Perurena, Zelai, Gil, Illategi, Goenatxo, Irigoien eta beste hainbat eta hainbat.

Orain, harriak makinaz egiten badituzte ere, bere eskuz zizelkatu ditu Langak harri ugari. «Orain, leunduak ditut eskuak, baina hatzean baba ederra izaten nuen lehen, zizelarekin lanean aritzeagatik. Oraingoaren aldean, oso gogorra zen lana lehen». Bi egun behar izaten zituen harriak egiteko, baina egun luzeak izaten ziren haiek: «Goizeko seietan hasten nintzen lanean, eta ilundu arte egoten nintzen lantegian».

Ilusioz erakusten ditu Langak bere artelanak. Harri artean igaro du bizia, baina inor gutxik esan dezake harrizko bihotza duenik, harri-jasotzaileen artean gizon maitatua baita. Egindako harri asko eta asko oparitu izan ditu. Mutil gazte asko joan izan dira Bergarara harriak ikustera. Halakoei berehala bota izan die hordagoa Langak: «Halako harria jasotzea lortzen baduzu, zuretzako opari». Halaxe, harri txiki ugari «oparitu» izan ditu. Eta ez gazteei soilik, harri-jasotzaile handiei ere eman izan dizkie harriak, hutsaren truke. Onartu du: «Lan hau ez dut behar bezala kobratu. Badakit diru mordoa galdu dudala, baina ez dut batere penarik. Lanean dirua irabazi dut, eta harri-jasotze munduan gastatu dut, horixe izan baita nire afizioa. Ez daukat egindakoaren damurik».

«Pilotalekuaren arabera egiten ditugu pilotak, ez pilotariaren arabera»



Ander Ugarte Pilota egilea




Azaroaren 19an jokatu zen Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa. 22-21 amaitu zen Jokin Altunaren eta Mikel Urrutikoetxearen arteko lehia. Altunak jantzi zuen txapela. Pilota partida hartan Altunaren eta Urrutikoetxearen eskuetatik pasatu ziren pilota guztiak Azkaineko (Lapurdi) Punpa enpresatik atera ziren. Ez haiek bakarrik, ordea, egun pilotari profesionalek zein pilota eskoletako ikasleek erabiltzen dituzten pilota guztiak egiten dira Azkainen.

2004tik Ander Ugarte (Agurain, Araba, 1965) da Punpako arduraduna eta langilea. «1982an sortu zen Punpa enpresa gisa, baina lehendik ere bazen beste pilota egile bat; hark bere osabarekin ikasi zuen. Ni naiz enpresako laugarren belaunaldia».

29 urte daramatza Ugartek lanbidean. Jean Paul Mendiharat pilota egileak irakatsi zion pilotak egiten; Mendiharat Punpako aurreko nagusia zen. Harekin bihurtu zuen bere afizio ofizio. «Bizitza bide bat da, eta, bidean, bidegurutzeak daude. Pilotak egiteko aukera sortu zitzaidan, eta hura hartzea erabaki nuen», kontatu du, eta ez da damu. Izan ere, aitortu du: «Euskal kultura maite dut, eta maite dut pilota mundua. Euskaldunen arima da pilota, euskal kulturaren barruan zerbait garrantzitsua. Nik horrela sentitzen dut pilota».

Oso barneratua duen lanbidea izanik, «gustura» joaten da lanera egunero. Goizeko zazpietan ekiten die eguneko lanei, eta ez ditu 19:00 arte amaitzen. Aitortu du: «Oso lan polita eta interesgarria da, eta orduak konturatu gabe igarotzen zaizkit».

Egunero aritzen dira pilotak egiten, «etenik gabe». Orotara, sei lagunek lan egiten dute Punpan. 1900. urtetik pilotak egiteko teknika berak erabiltzen dituzte. Egun, makinak dituzte «pilota onak egiteko», baina azken lana eskuz egiten dute beti: pilota josteko lanak, alegia. Pilotek bola bat eraman ohi dute barnean, egurrezkoa edo plastikozkoa; gainetik, kautxua; gero, artilea, eta, azkenik, larrua. Azken puntadak eskuz ematen dituzte.

Urte dezente badira lanbide horretan hasi zela, eta ez du gogoan dagoeneko zenbat pilotei eman ote dien azken puntada. Lan ordu asko daude pilota bakoitzaren atzean, eta, maiz, pilotarien kexuak entzun behar izaten dituzte. Ugartek, baina, jaramon gutxi egiten die haiek esandakoei: «Pilotariak errango du nahi duena, baina partidaren egunean frogatzen da pilotari buruz erran duena ez zela egokia». Eta gogoratu eta azpimarratu nahi izan du: «Pilotalekuaren baldintzen arabera egiten ditugu pilotak, eta ez pilotarien baldintzen arabera». Onartu du: «Aspaldian, orain 40 urte, pilotarien ahalen arabera egiten ziren pilotak; baina pilotari bakoitzaren ahaletan pentsatzen hasi behar bazen, erokeria bat izango zen». Haren ustez, pilotarien araberako pilotak egitea «erru handi bat» izan zen, eta hortik etortzen ziren gero gatazka eta kexa guztiak.



Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna