Hauteskundeak Grezian. Elkarrizketa. Dimitris Khristopulos. Politologoa

«Syrizak Europako negoziazioa lehenetsi du, ez ezkerreko bidea»

Syrizak, Greziar Independenteekin ituna eginda, ezkerreko estrategia eta nortasuna arriskuan jarri duela azaldu du Khristopulosek. Hala ere, nabarmendu du Tsiprasen garaipena ez dela aldaketa erradikala, zuhurra baizik

JON FERNANDEZ.
Jon Fernandez.
Atenas
2015eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Greziako Gobernu aldaketa espero zen zerbait zela uste du Dimitris Khristopulos (Atenas, 1969) Atenasko Panteion Unibertsitateko Zientzia Politikoen irakasleak, baina kezkaz hartu du Alexis Tsiprasek Greziar Independenteak (Anel) alderdi kontserbadorearekin ituna egin izana. 2012an Antonis Samarasen ND alderditik sortutako alderdia da Anel. Austeritatearen kontrakoa, baina kontserbadorea eta nazionalista.

Gehiengo osoa lortzeko bi eserleku falta izan zaizkio, eta Anel eskuindarrarekin egin du ituna Syrizak. Zelan azaldu hori?

Ni ez nago gustura akordio horrekin. Syrizak bi aukera zituen gobernua osatzeko, To Potami edo Anel. Esango nuke Anelekin bozen aurretik izan zela konexioa. Ideia zen Anelek Syrizaren lehen hilabeteetako negoziazio programa errazago babestuko zuela. Memorandumaren kontrako programa argia du Panos Kammenos-ek, Aneleko liderrak. Kammenosek kanpainan agindu zuen eurek indarra izanez gero Syrizari airea emango diotela, eta ez diotela lagako ezkerreko politika egiten. Syrizak memorandumaren eta zorraren negoziazioa lehenetsi du, eta ez horrenbeste greziar gizartea aldatzeko ezkerreko proiektua.

Anelen babesa tranpa bihurtuko zaio Syrizari orduan?

Izan daiteke, baina To Potamirekin tranpa berdina izango litzateke. Izan ere, To Potami austeritatearen kontrako Syrizaren programaren kontra dago. Bien arteko aukera zailean Tsiprasek berak erabaki du hobeto dela indartsuagoa izatea Europako negoziazioetan, eta gero ikusiko dugu. Jokoaren lehen zatia lehenetsi du, eta arriskuan jarri du bigarrena, ezkerreko estrategia eta alderdiaren nortasuna.

Syrizaren boto-emaileak ez daude pozik akordioarekin?

Zati bat ez, baina zatirik txikiena da hori. Botoa Syrizari eman dioten gehienak nahiago zuten Anelekin elkartu To Potamirekin baino.

Ez dago aukerarik KKE alderdi komunistarekin?

Hasieratik egin zioten uko Syrizarekin aliantza egiteari.

Zelakoa izango da Syrizaren aroa?

Inork ez daki. Baina oso erraza zen ikustea aldaketa hau zetorrela, troikaren agindupean Grezian ezarritako politikek ez zutelako bilatzen greziarren adostasunik. Jendearen adostasunik ez badaukazu ezin diozu botereari eutsi bost-hamar urtez. Makiavelok zentauro baten itxuran pertsonalizatu zuen subiranotasuna. Gorputz erdia zaldiarena eta beste erdia gizakiarena du zentauroak. Horixe da subiranotasuna: giza zatiak kontsentsuaren bilaketa arrazionala irudikatzen du, eta zaldiak, boterea. Ezin duzu zaldiaren zatia soilik erabili. Grezia boterearen bidez bakarrik gobernatzen saiatu dira.

Zentauroaren oreka berreskuratuko du Greziak Syrizarekin?

Egia esateko, ez dakit. Ez naiz gai etorkizuna iragartzeko. Tamaina honetako gobernu aldaketa kasu bakarra da Europan. Agian gero Espainian gerta daiteke antzeko aldaketa. Argi geratu da jendeak nahiago duela arriskuaren ziurgabetasuna, mehatxuaren aukera, hondamendi bat baino.

Orain artekoa hondamendia izan da.

Langabezia %190 igo da; soldatak %38 jaitsi dira; pentsioak, %42, egunero pertsona bat edo bi suizidatzen dira. Hori ez da hondamendia? Samarasen gobernuaren argudioa zen hori ez dela etor daitekeen txarrena.

Hala ere, beldurraren gainetik, gehiengo handiak aldaketa babestu du.

Beldurrak beldur, jendeak modu zuhurrean erabaki du aldatzea. Hau ez dela aldaketa erradikal bat, aldaketa zuhur eta utilitario bat baizik. Europan ez da ulertu behar Grezian erradikalismoak irabazi dionik kontserbadurismoari. Autoarekin zuzenean labar baterantz bazoaz, badakizu, zure bizitza salbatu nahi baduzu behintzat, azken momentuan autoa jiratu behar duzula. Esaten dizute: «Aizu, oso arriskutsua da autoa jiratzea». Baina ez daukazu beste aukerarik. Horixe gertatu da hemen, buelta ematen ahalegintzen ari gara, maniobra arriskutsua dela jakinda.

Samarasen eta EBren beldurraren kanpainak porrot egin du.

Erakutsi dute beldurra ez dela soilik NDren eta EBko elite politikoen komunikazio tresna bat, botereari eusteko modu existentzial bat baizik.

Greziako gizartearen zati batek beldurra dio Syrizari, ordea.

Syriza ez dator herrialde honetan sozialismoa ezartzera. Haren agenda da egindako injustizia guztia konpontzea. Aro kapitalista bateko agenda sozialdemokrata bat da Syrizarena.

Zelan ulertu behar da Pasoken urteotako hondoratzea?

Historikoki Pasokek ez du lortu ezker osoaren botoa biltzerik bere baitan. Beti zegoen greziar ezkerraren zati garrantzitsu bat, Greziako gerra zibileko galtzaileak deiturikoak, Pasoken ezkerrean. Frantzian, adibidez, alderdi sozialista ezkerra dela esaten da;hemen, ordea, inoiz ez dugu esan ere egin Pasok ezkerra denik. 2008an Grezian ikasle gazte bat hil zuen polizia batek. Syriza inkestetan igotzen hasi zen orduan: %3-5eko babesa zuen alderdia begira nora iritsi den. Baina inportantea da jakitea krisia baino lehen hasi zela igotzen. Ezkerra ez da soilik, Europan esaten den bezala, protesta alderdi bat edo krisiaren ondorio bat, erro handiak ditu hemen.

Zelan eragingo du Syrizak Europan?

Onena litzateke Syrizaren gobernua giza krisia borrokatzeko neurriak hartzen hastea; horrela, jendearen adostasuna irabaziko du. Zerbait aldatzen ari dela sinetsiko du jendeak. Eta EBrekin zorraz eztabaidatzeko negoziazioetan Europako aginteko elitearearen zati handi bat konben- tzitzeko argudioa argi dago: «Diruaren zati bat berreskuratu nahi baduzue, tratatu Grezia hobeto, emaiguzue arnasa pixka bat, eta guk ahal dugun onena egingo dugu». Syrizak bere lau edo bost eskarietatik bi betetzea lortzen badu, greziarren garaipen handia izango da.

Europa aldatuko al da?

«Greziarrek egin badezakete, guk zergatik ez?», esango dute italiarrek, espainiarrek... Domino efektua etor daiteke Europa hegoalde osoan. Europako Batasunaren eraikuntza moldea bera ulertzeko aldaketa ekar dezake.

Austeritatea ere domino efektuarekin hedatu zen Greziatik Europara. Aldaketa ere bai?

Ez da lehen aldia izango. Greziako gerra zibilak garrantzi geopolitiko ikaragarria izan zuen Europarentzat. Komunistak ziren nagusi hemen. Greziak ekialdera egin izan balu, Gerra Hotzaren sistema aldatuko zen.

Zertan geratzen da orain Greziako eskuina?

NDk ez du eskuin osoa bereganatu, Espainian PPk bezala. Horregatik, greziarren ia %10 daude eskuin muturrari bozkatzeko prest.

Egunsenti Urrekara hirugarren alderdia da.

Gobernuak jazarri ez bazien eta kartzelan ez baleude, botoen %10 inguru lortuko zuten neonaziek. Gorako joera izaten ari zen, eta faxisten kontrako mugimenduari eta jazarpen polizialari esker geratu da joera.

Zer etorkizun du Samarasek?

Samarasen helburua ez zen hauteskundeak irabaztea, NDren buru izaten jarraitzea baizik. Komeni litzateke zentro-ezkerreko alderdiak ganorazko gidari bat aukeratzea. ND ez da, berez, alderdi muturrekoa, baina Samaras eskuin muturreko politikari populista bat da.

NDko lidergoa laga dezake Samarasek?

Samaras abila izan da orain arte alderdia kontrolatzen. Emaitza oso txarra izan da NDrentzat, baina uste dut, zoritxarrez, alderdiaren gidaritzan jarraituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.