Auzipetuek uste dute ate bat zabaldu dela salbuespen politikak amaitzeko

04/08 sumarioan epaitutakoek diote fiskaltzarekin eginiko akordioa eredu bat izan daitekeela gatazkaren korapiloak askatzeko.Barrenak adierazi du agerian geratu dela auziaren izaera politikoa

Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitutako batzuk, Donostiako Sorturen egoitzan atzo eginiko prentsaurrekoan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2016ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Kontzientzia lasai dutela itzuli dira Madrildik, zazpi urte iraun duen auzi baten eta etenaldiekin urtebete iraun duen epaiketa baten ondoren. Ez dituzte espetxeratuko, eta hori nabarmendu dute, «espetxeak husteko garaiotan». Helburu hori saihesteko Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzarekin egin duten akordioarekin «pozik» azaldu dira auzipetuak, gatazkaren korapiloak askatzeari begira lagun dezakeelakoan. «Goizegi» da, halere, fiskaltzaren eta, beraz, Espainiako Estatuaren aldetik jarrera aldaketa dagoela baieztatzeko, baina uste dute ezker abertzaleak, abian duen hausnarketa prozesuaren haritik «bere ekarpena» egin nahi duen moduan, estatuak eta beste eragileek ere berea egin behar dutela.

2008an Seguran (Gipuzkoa) egindako polizia operazioaren harira auzipetutako 35 lagunen kontrako epaiketa amaitutzat eman zuten herenegun, aldeek akordioa eginda. Hori dela eta, ez dute espetxera joan beharko. Marije Fullaondo auzipetuak azaldu duenez, akordio horrek argi erakusten du «borondatea dagoenean» badagoela modua akordioetarako; bereziki, «biktimen arloari zein presoen etxeratzeari irtenbidea emateko» moduak topatzeko.

Donostian eginiko prentsaurreko batean izan da Fullaondo, sumario berean epaitutako 30 bat lagunekin. Agiri bat irakurri du euskaraz, eta Pernando Barrena eta Aurore Martin auzipetuek gauza bera egin dute espainolez eta frantsesez, hurrenez hurren. Hirurek nabarmendu dute fiskaltzarekin eta akusazioekin (AVT eta Dignidad y Justicia elkarteekin) eginiko akordioaren «balioa» eta hori Espainiako Auzitegi Nazionalak aintzat hartu izana. Agerraldian izandako auzipetuen ustez, horrek ateak ireki diezazkioke eragile denen jarduteko «molde berri bati»; bereziki, «salbuespen legedi eta politiken aroaren amaierari ekiteko». «Gure iritziz, oso garrantzitsua da alde guztiak gogobetetzen dituen akordioa erdietsi izana. Horrela bada, espero dugu formula hau baliagarria suertatzea gatazkaren ondorioen gainditzeari begira».

Fiskaltzak, akusazioek eta defentsak bi urtetik beherako zigorrak adostu dituzte 35entzat. Akusazioak onartu dituzte, eta baita ETAren biktimen oinazea ere; auzitegiak, fiskaltzak eta akusazioek, berriz, onetsi dute zenbait terrorismo delitu larritasunaren arabera zigortzea, Zigor Kodearen 579. artikuluan iaz eginiko aldaketa bat dela medio.

Akordioaren interpretazioa

Kazetarien galderei erantzunez, Barrenak azaldu du fiskaltzak egin ziela akordiorako eskaintza, «negoziatu ezin» zitekeen testu baten bidez, eta hori aztertu eta baietza eman ziotela auzipetuek eta baita akusazio partikularrek ere. Biktimen elkarte horiek eginiko «ahalegina» aitortu nahi izan dute auzipetuek. Eta eskertu«konponbidearen aldeko herri presioa».

Karguak onartzeari buruz, berriz, Barrenak azaldu du «kontraesan txiki» batzuk eragin dizkiela fiskaltzaren testuarekin bat egiteak. Dena den, gogoratu du akusazioen idatzietan azaltzen diren egitate guztiek lotura dutela eskubide zibil eta politikoekin—prentsaurrekoak, bilerak, orduan legezkoak ziren alderdietako (EHAK eta ANV)...—, eta horiek direla, hain justu, fiskaltzarekin eginiko akordioan onartzen dituztenak, ez besterik, hainbat komunikabidetan zabaldu denaren kontrara —ETArekin lotura izatea onartu dutela—.

Barrenaren arabera, beraz, auzipetuek aitortu dute egindako lan politikoa ez zela legezkoa izan, baina, hala izan ez arren, hori zilegi zela. «Beste kontu bat da akordioari buruz fiskaltzak egiten duen interpretazioa», gaineratu du Barrenak. Eta zehaztu: «Fiskaltzaren idatzi bat da eta ez du islatzen, ikuspegi politiko batetik, ezker abertzalearen ikuspegia bere osotasunean». Bai, ordea, biktimen oinazeari buruz sinatutakoa, ezker abertzalearen egungo jarrerekin bat datorrelako, auzipetuak azpimarratu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.