Jose Ignacio Asensio. Gipuzkoako Ingurumen diputatua

«Ez dut hainbesteko kezka ikusten kalean»

Erraustegiaren aurkako mugimenduan «betikoak» daudela uste du Asensiok, atzean alderdi jakin batzuk dauzkatela. Iragarri du datorren astean espedientea zabalduko dutela Bilduren kudeaketari buruz. Auzitara jotzeko asmoa agertu du.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2016ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Lasai dagoela adierazi du, hauteskunde aurretik agindutakoa betetzen ari direla, eta erraustegiaren aurkako mugimenduan «betikoak» ari direla proiektuaren kontra. Gipuzkoako Ingurumen diputatua da Jose Ignacio Asensio (Tolosa, Gipuzkoa, 1966). Aurreratu du uztailean lizitatuko dutela errauste planta egiteko proiektua, eta hiru urtean bukatzea dela asmoa. Enpresen kontsultak jaso dituzte diputazioan. «Irrika bat sortu da». Enpresek izango dute erraustegia kudeatzeko ardura. 35 urterako kontratua izango da.

Nola hartzen ari zara protestak?

Lasaitasun osoz. Ez dira oso mugimendu jendetsuak; 25-30 lagun daude kanpaldietan. Mugimendu politikoak dira. Badakigu atzean nor dauden: betikoak. Bildu eta Podemos. Arrakasta gutxi dute.

Espero zenuen mugimendua?

Bai. Betikoak daudelako atzean.

Ulertzen duzu herritarrak, herritar arruntak, kezkatuta egotea?

Bueno. Hemen betikoa da... Guk informazio osoa eman behar dugu, eta ari gara. Martxan jarri dugu parte hartze prozesu bat hurrengo foru araua egiteko. Gaur egun daukagun arautik abiatuko gara. Europak ezartzen digun hierarkia betetzeko politikak dira.

Parte hartze prozesu horretan erraustegiaz eztabaidatuko da?

Edozer gauzaz. Prebentzio, berrerabiltze eta birziklatze politikak izango dira bereziki. Azpiegiturei dagokienez, gaur indarrean dagoen foru araua errespetatuko dugu; horren gaurkotzea izango da. Hauteskunde eta gobernu programa aurrera eramango dugu. Horrek ez du esan nahi ez dugula dena eztabaidatuko. Ondorioak Batzar Nagusietara eramango ditugu, eta hark erabakiko du.

Beldurra zabaltzen ari direla salatu duzu. Eta aldundia ari da lasaitasuna zabaltzen asmatzen?

Uste dut baietz. Ez dut hainbesteko kezka ikusten kalean. Batzuek soinu asko ateratzen dute, eta zenbait hedabidek bozgorailua ematen diete. Baina ikusi dugu zenbateko mugimenduak diren.

Erraustegiaren aurkako mediku talde bat eratu da. Zer iritzi duzu?

Gauza bera. Donostiako alkate ohia hor dago. Ez dira espezialistak, epidemiologoak edo onkologoak; ideologia eta estrategia politiko bat dago atzetik. Gu espezialistekin ari gara. Batzuetan ez da bakarrik mediku titulua edukitzea: jakin behar da zertaz ari diren hitz egiten, eta zintzotasunez jokatu behar da. Batzuek alderdi politiko bat daukate atzean.

Bilera eskatu dizu taldeak. Gutunik jaso duzu? Hartuko dituzu?

Ez dut gutunik ikusi. Parte hartze prozesua hor dago. Ostegunean haietako mediku bat egon zen Jaime Orfila medikuaren hitzaldian. Hitz egiteko aukera izan zuen.

Erraustegia defenditzen duten aditu askorekin egon zara? Maiz zailtasunak ditugu topatzeko. Aurkakoak errazago ageri dira...

Bai, noski. Ez da aurkakoen edo aldekoen arteko eztabaida. Kontua da zer aukera ditugun zaborrak kudeatzeko: erraustegiak edo zabortegiak. Bi aukera. Ezagutzen duzu zabortegiekin ados dagoen medikurik? Ez dut uste badagoenik. Irtenbide ona zein den esan behar da. Erraustegia ez baduzu nahi, zabortegia nahi duzu. Ez dago beste aukerarik.

Gaia despolitizatzeko eskatu du GuraSOS taldeak; kritika egin die aldundiari eta oposizioari. Gaia despolitizatu behar al da?

Gipuzkoarrok nahi dugu gai hau erabat konpontzea, eta badaukagu gure bidea: foru araua. Horrek esaten digu zein den irtenbidea. Hori beteko dugu. Hemendik hiru urtera gai honi buruz eztabaidarik ez egotea espero dugu.

Enpresen deirik edo kontsultarik jaso duzue, interes erakusle?

Bideragarritasun txostena zabaldu genuen, eta kontsulta asko egon dira. Irrika bat sortu da.

Enpresa batek kudeatuko du. PP kontra dago. Hitz egin duzu?

Ez dakit zer asmo duen PPk. Guk jaso dugun egoerak ez du posible egiten zuzeneko kudeaketa. Oso larria da GHKren egoera: 40 milioiren galerak lau urtean. Arduragabekeria izugarria egon da, eta datorren asteko batzarrean asmoa dugu espedientea irekitzeko, delituak egon diren jakiteko. Ez da posible enpresa publiko bat txukun jaso, eta lau urtera 40 milioiren galerarekin uztea. Eta azpiegiturak egin gabe, foru araua errespetatu gabe. Batzuek ardura dute. Delituak baldin badaude, justiziak esan dezala azken hitza.

Bilduko kide batzuk salatzeko lehen pausoa da espedientea?

Auditoretza egin dugu, eta esan digu bete beharreko hainbat ez direla bete. Horren ondorioz daukagu gaurko egoera. Gure ardura da arduragabekerien portaera salatzea. Espedientean ikusiko da nork hartu dituzten erabakiak. Delituak badaude, justiziara eramango dugu. Hark esan dezala.

PP ereduaren aurka, Bildu eta Ahal Dugu ere bai. 35 urteko plan bat onartu daiteke horrela?

Azken osoko bilkuran hiru puntu zeuden honi buruz, eta horietako bi bertan behera geratu ziren, proposatzaileek kenduta. Ez dakit argi duten zer nahi duten. Batzuek esaten dute kontra daudela, baina ez dute besterik eskaintzen. Noski zilegi dela onartzea. Gaur egungo egoera ez da zilegi: imajina daitekeen egoera txarrena da.

Errefus kopuru batera iritsi ezean, ordaina izango du enpresak?

Ez.

Enpresak bere gain hartuko du?

Hori da. Ordainketa sistemak ez du zerikusirik bolumenarekin, eta hori ere kritikatzen da. Bolumenaren arabera balitz, esango ligukete zaborra nondik ekarriko dugun. Ez dugu inondik ekarriko. Gipuzkoan sortzen den zaborra tratatu behar da. Hori bakarrik.

Eta enpresak aukerarik izango du zaborra kanpotik ekartzeko?

Ez.

Aurreko erraustegiaren iragarpenak handi geratu ziren. Oraingoak ere handi geratuko ez direla ziurtatzeko moduan zaude?

Aurreikuspenak aurreikuspenak dira. Batzuek erabakiak hartu dituzte aurreikuspenik gabe; guk txosten tekniko bat dugu. Aurreko prognosiaren aldean, ez dira aldaketa oso handiak. Aldaketa nagusia krisi ekonomikoa izan da, eta horrek hondakinen sorrera jaitsi du. Horrek, eta kontzientziazioak. Prognosian, hazkuntza maila moderatua hartu da.

Prognosiak dio biztanleria igo egingo dela. INEk eta Eustatek, berriz, jaitsierak espero dituzte.

Bai. Eta esaten zuten gaur egun 600.000 biztanle egongo direla, eta 720.000 gara. Prognosiak esaten zuen gaur egungo biztanleria izango genuela gutxi gorabehera. Hurrengo 35 urteetan 40.000-50.000 biztanle gehiago izango ditugula aurreikusi da. Uste dugu ondo aurreikusia dagoela. INEk bere serie historikoak atzeratuta dauzka. Desbideratze handiak izan dituzte. Ziur nago prognosiko aurreikuspena moderatua dela.

Lasarte-Oriako alkatearekin hitz egin duzu aspaldi?

Askotan.

Ez dago ados proiektuarekin.

Desadostasunak ditugu. Beste aukerarik ez duela dio. Lasaitasuna eskaini diot. Informazioa.

Konpentsaziorik eskaini diozu?

Ez. Hitz egiteko gauzak dira. Konpentsazioa ez da aurreikusi. Badago distantzia. Europan non jartzen dira erraustegiak? Parisen, hiri erdian. Ez dago eztabaidarik. Ez dago arriskurik. Baina, tira, hitz egiten jarraituko dugu, eta behar bada, ikusiko dugu... Hala ere, zein da konpentsazio handiena? Sortuko diren lanpostuak eta ekonomian izango duen eragina.

Inork proposatu dizu Zabalgarbira eramatea zaborrak?

Ez da posible. Erabat betea daukate. Ez dago lekurik.

Inork proposatu dizu, hala ere?

Zuzenean, ez.

Eta zeharka?

Ikusten dira zenbait artikulu edo iritzi. Zuzenean, ez.

Herrien artean alde handia dago gaikako bilketan. Zergatik?

Herri batzuetan oraindik ez daukate organikoa biltzeko sistema; adibidez, Andoainen. Gipuzkoako emaitza kaskarrenak ditu. Beharrezkoa da gaika biltzeko sistema bat; bosgarren edukiontzia da gure aukera. Atez atekotik edukiontzietara herri asko pasa dira, eta gaikako bilketa igo egin da.

Birziklatzea derrigorrezkoa da?

Bai.

Hala bada, nola behartu jendea?

Birziklatzea betebeharra da gizartearentzat. Zer egin erakundeek? Sistema erosoak: bosgarren edukiontzia maiztasun mugarik gabe.

Eta erosotasunak izanda ere birziklatzen ez dutenekin, zer?

Bidean gaude. Jendea derrigortzea beste gauza bat da. Kontzientziazioan lan egin behar da. Gure kudeaketan %2 igo dira. Zergatik aldatu hobetzen ari bagara?

Inoiz inori kargu hartu diozu hondakin guztiak errefusaren ontzira botatzen ikusita?

Ez zait tokatu. Zaborra ia egunero jaisten dut. Ni bizi naizen lekuan kontzientziazio handia dago, eta ez dut zabor poltsarik lurrean ikusten. Lehen bai. Jendeak ondo egiten ditu gauzak orokorrean.

Beste zabortegirik irekiko da?

Beste erabilera bat duen zabortegi bat egokitzea gustatuko litzaiguke. Bestela, Kantabriara eraman behar dugu zaborra: 22-25 kamioi egunean. Ingurumenari begira erabaki txarra da, baina daukagun onena. Kanpora bidaltzeak esan nahi du faktura %40 igotzea.

Zabortegirako prest dago inor?

Denon artean egin behar dugu. Zabortegiak mankomunitateek dituzte. Solidaritatea eskain dezakete batzuek.

Tarifekin zer gertatuko da?

Mantentzea da asmoa. Gustatuko litzaiguke egoera hau asko ez luzatzea; bestela zailtasunak izango ditugu. Nahi genuke lurraldean azpiegiturak edukitzea. Hori litzateke onena tarifak ez igotzeko.

Beraz, beste zabortegirik ezean, tarifak igotzeko arriskua dago?

Ikusiko dugu. Oraingoz mantentzen ari gara, justu-justu. Oraingo akordioa bukatu ondoren, beste negoziazio bat egin beharko da. Hobe da lurraldean edukitzea azpiegiturak eta gure artean negoziatzea. Denon ardura da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.