Kolonbiako bake prozesua. Elkarrizketa. Jairo Estrada. FARCeko kontseilu politikoko kidea

«Traizioa da hemen gertatzen ari dena»

Estrada kezkatuta dago bake akordioaren kontrol mekanismoak ez direlako funtzionatzen ari. Hura ezartzea, hala ere, prozesu bat dela dio: «Horizontea hamar urtean edo gehiagoan jarria behar da».

Jon Artano Izeta.
Bogota
2017ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Gerrilla alderdi politiko bihurtu denetik, FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailearen ideologo nagusietako bat da Jairo Estrada (Ibague, Kolonbia, 1957). Kongresuan bake akordioen ezarpena laguntzeko sortutako Voces de Paz taldeko bozeramailea ere bada. Hori baino lehenago, ordea, irakaslea da. Estradak maite du bere ofizioa. Zientzia politikoetako, ekonomiako eta historiako eskolak ematen ditu. «Irakaskuntza bikainaren saria bi aldiz eman didate, ikasleek modu anonimoan egindako inkesten emaitzetan oinarrituta», kontatu dio BERRIAri, harro, Unibertsitate Nazionalaren Bogotako campusean.

Urtebete egingo du ostiralean bake hitzarmena sinatu zela. Zer balantze egiten duzu?

Argi esan behar da: Kolonbiako Gobernuak, Estatuak, ez du bete. Estreinako urtean, bi ardatz izan dira lehentasunezkoak: batetik, akordioaren alderdi normatiboa, legeak-eta, garatzea; bestetik, gerrillari ohien gizarteratzea bideratzea. Bietan balantzea kaskarra da. Estatuaren botereek ez dute garai historikoak behar duen mailarik eman. Akordioa de facto berriz negoziatzen dihardute, bai Kongresuan, bai Auzitegi Konstituzionalean. Funtsezko arau batzuk atera dira aurrera, egia da hori, baina, behar zukeenari erreparatuz gero, oraindik gai larri asko daude lantzen hasi ere egin ez direnak. Esan daiteke traizioa dela hemen gertatzen ari dena.

Legebiltzarrerako eta presidentetzarako hauteskundeak egingo dira datorren urtean. Agian, akordioen kontrako gobernua aterako da hortik…

Gobernua ahul dago; oso zaila egiten zaio gehiengoak artikulatzea. Eta, bai, hauteskundeetako emaitzek berebiziko eragina izango dute: bake prozesua zurkaiztu dezakete, edo geldiarazi. Are, lortutakoa desegitea ere gerta liteke, ultraeskuinak agindu duen moduan. Akordioak ezartzea dago jokoan. Eta akordioentzat onena, oraintxe bertan, sinatutakoa betearaziko duen herri mugimendu indartsu bat sortzea litzateke.

Kroc institutua bake prozesua ikuskatzen ari da, gobernuak eta FARCek eskatuta. Jakinarazi berri duten txostenaren arabera, konpromisoen %55 tramitatzen hasi ere ez dira egin. Hala ere, martxan jartzeko orduan aurrerapauso garrantzitsuak eman direla dio. Zer deritzozu?

Akordioak ezartzea oinarri-oinarrian prozesu kualitatiboa da, eta, beraz, neurtzen zaila. Akordioak, diseinatu ziren moduan, bete edo ez ebatziko duen botere borroka bat dago azpian. Gainera, alde biak negoziatzen hasi zirenetik, asko aldatu da testuinguru politikoa, bai hemen eta bai nazioartean. Eta, hala ere, prozesu honek, ezarian-ezarian, ingurua ongarritu du aldaketa kultural bat izan dadin. Begi bistan jarri ditu herrialdearen egiturazko arazoak, eta agerian geratu dira oraintsu arte klase nagusiek gatazkaren oihalaz estalita eduki dituzten injustizia horiek denak.

Adibidez?

Egia historikoaren gaineko eztabaida. Biktimen eskubideen inguruko debateak beste fase bat izango du orain, eta bake akordioari esker etorri da hori. Beste hainbeste gertatzen da nekazaritza arazoarekin.

Eztabaida publikoa ona izan daiteke, baina bide orria, teorian, adostua geratu zen.

Jakina! Baina borrokatu beharra dago. Estatuak, besterik gabe, dena betearaziko duela uste duena oso nahastuta dago.

Beste bake prozesuak ikertu dituztenek diote inoiz ez dela betetzen adostutako guzti-guztia… FARCen espero al zuten honetara iristerik?

Bai, ba! FARCekoek hasieratik zekiten gobernuak ez zuela beteko dena; ordea, ez zuten imajinatuko hainbeste izatea bete gabeko konpromisoak. Baina ez da hain harrigaria; begiratu, adibidez, El Salvadorrera: adostutakoaren %30 inguru baino ez zuten bete.

Negoziazioa arrakastatsua izan zela diote alde guztiek. Betetzeko fasea porrota izango al da?

Heriotza agiria goiztxo idaztea litzateke hori. Desesperazioa saihestu beharra dago. Erreparatu FARCen ibilbideari: 53 urte zeramatzaten borroka politiko-militarrean, eta baldintzarik gogorrenetan ere beti topatu izan dute irtenbide bat, argi izpi bat. Eskarmentu horri eskerrak lortu zuten negoziazio mahaira iritsi eta bake akordio bat erdiestea.

Hutsegiteez gain, baikortasunerako motiboak ere badira, hortaz… Zerk du pisu handiagoa?

Hemengoa ezin duzu sartu positibo-negatibo itxituretan… Kolonbian orain duguna Gramscik [Antonio Gramsci filosofo eta pentsalari marxista] deskribatua utzi zuen: zaharra hiltzen ari da, berria ez da jaio oraindik, eta interregno horretan munstroak azaldu ohi dira. Borroka politiko gorria dago orain bertan Kolonbian. Betidanik erreforma txikiena ukatu duten indarrak «herriarekiko beldurra» aipatu ohi dute historialariek ari dira batean, eta akordioak duen indar eraldatzailea askatu nahi dutenak bestean. Ikusi egin beharko da nork irabazten duen sokatira.

Alfredo Molano ikerlariak inor gutxik bezala ezagutzen ditu Kolonbiako landa eremuak. Asteon zera idatzi du: «Mendietan egoera lehertzear da, eta lehertu egingo da». Beldur da gerrilari ohiek armak berriz hartuko ote dituzten, bizibidea ateratzeko.

Gerta daiteke. Bada jende klase bat bakea armak uzte hutsarekin parekatu nahi duena. Jokaldi gatopardianoa nahi dute: dena aldatu, ezer alda ez dadin.

Zergatik ez da gehiago aurreratu akordioak betetzeko bidean?

Ez dagoelako nahikoa borondate politiko. Gobernuak ez duelako indarrik berak adostutakoa betearazteko. Eta akordioak babesteko herri mugimendu indartsurik ez dagoelako… oraindik. Behetik gorako mugimendu hori sortzea da FARCen helburua, kalean herritarren erantzuna sustatzea, erantzukizun guztia eremu instituzionalean utzi beharrean. Jakina, hauteskundeetan ordezkaritza txukuna ateratzea ere garrantzitsua izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.