Mont-de-Marsango presondegira hurbildu dute Ekaitz Sirvent presoa

Tarascongo kartzelan zegoen, Euskal Herritik 750 kilometrora. Hamar dira jada gerturatutakoak

Erredakzioa -

2018ko apirilak 13
Ekaitz Sirvent preso zarauztarra (Gipuzkoa) Mont-de-Marsango espetxera (Okzitania) lekualdatu du Frantziako administrazioak. Tarascongo kartzelan zegoen, Euskal Herritik 750 bat kilometrora, eta 234ra gerturatu dute orain. Asteazken arratsaldean heldu zen, bi astez Reauko presondegian (Frantzia) izan eta gero. 2009ko apirilean atxilotu zuten Sirvent, Parisko Montparnasse geltokian, ETAko kide izatea egotzita. Harrezkero dago preso. 2013an, hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten, enpresariei iraultza zerga ordainarazten saiatzea egotzita.

Frantziako Justizia Ministerioak iazko abenduan iragarri zuenetik euskal presoak Euskal Herritik gertuen dauden bi espetxeetara —Mont-de-Marsanera eta Lannemezanera— hurbiltzen hasiko zela, hamar dira jada lekualdatutako presoak. Denak dira gizonezkoak, bi kartzela horietan ez baitago emakumeen modulurik. Zigor Garro eta Julen Mendizabal izan ziren gerturatutako aurreneko bi presoak, otsail amaieran Sant Maurretik eta Osnytik Mont-de-Marsanera mugituta. Ondoren lekualdatu zituzten Josu Urbieta, Raul Aduna eta Jon Salaberria, martxoan; Urbieta eta Aduna Poitiers-Vivonnen zeuden, 550 kilometro ingurura, eta Salaberria Alençonen, 830 kilometrora. Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain izan ziren hurrengoak; martxoan eraman zituzten Saint Maurretik Lannemezanera.

Joan den astean, berriz, Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia hurbildu zituzten: Garitagoitia Poissyn zegoen, eta Fresnesen Agirregabiria; biak, ia mila kilometrora. Gerturatutako hamar presoetatik bi aske daude jada: Mendizabal eta Salaberria. 53 euskal preso daude Frantziako Estatuko kartzeletan.

Ipar Euskal Herriko ordezkaritza batek eta Frantziako Gobernuak martxan jarritako lan esparruaren ondorio dira presoen gerturatzeak. Apirilaren 7an ETAren armagabetzearen urteurrenaren harira eginiko foroan azpimarratu zutenez, «aitzinamenduak» izan dira azken hilabeteetan presoen egoerari dagokionez, horien herenari DPS estatusa kentzea eta horietako hamar gerturatzea, kasurako, baina ohartarazi zuten «oztopo administratiboak» ere badirela eta presoen auzia «urgentea» dela.

Ikuskizun dago ETAren balizko desmobilizazioak eragingo ote duen Espainiako Gobernuaren espetxe politikan. Horri buruz mintzatu zen herenegun Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroa. Azpimarratu zuen ETAk «bide bakarra» duela: «Desegitea, desagertzea, barkamena eskatzea eta zorrak kitatzea». Hori eginagatik, erakundeak ez du «ordainik» edo «legeriak jasotzen ez duen ezer» jasoko.

Zoidoren adierazpenez galdetuta, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkariak azpimarratu zuen garrantzitsuena orain ETA «lehenbailehen eta ahalik eta argien» desegitea dela, eta ez «gertatuko denaren inguruan espekulatzea». Hala ere, azaldu zuen espetxe politika «landu beharreko gaien agendan» dagoela «orain eta, ziur aski, baita ETA desegitean ere». Izan ere, Fernandezen hitzetan, «euskal erakundeen eta gizartearen parte handiena aldaketa bat eskatzen ari dira», eta eskari horiei «bide eman beharko zaie».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna