Autogobernu Lantaldeak mahaian du gaur «botere sozialaren erakundetzea»

EH Bilduk osatu du botere publikoei buruzko sintesia, talde guztien ekarpenak jasota. Euskal Botere Judiziala eratzea proposatu du

Larunbatean Bilbon autogobernuaz eztabaidatzeko eginiko foroa. A. L. / FOKU.
jon olano
2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea gaur eguerdian batzartuko da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politikoari buruz eztabaidatzen jarraitzeko. Gai zerrendan izango dute eskumenei buruzko proposamenaren inguruan ados jartzea eta botere publikoen kapituluari buruzko sintesia aurkeztea. Laburpen txosten hori EH Bilduk osatu du, gainerako talde politikoen ekarpenak jasota, eta zera du berritasun nagusia: ohiko hiru botere publikoez gain —legegilea, exekutiboa eta judiziala— laugarren bat ere jasotzeko aukera: «Botere sozial-herritarra».

Agirian, botere sozial hori erakundetzea proposatu dute, «herritarren proposamenei bide emateko, instituzioen ahaleginak monitorizatzeko eta subjektu juridiko-politikoak sustatutako politika publikoak ebaluatzeko». Testuak aurrera eginez gero, Eusko Legebiltzarrari legokioke laugarren botere hori artikulatzeko mekanismoak ezartzea eta arautzea. Litekeena da gaurko bileran ez ixtea eskumenei eta botere publikoei buruzko eztabaida, eta astebete gehiago hartzea, akordioa ahalik eta zabalena izateko aukerak agortu ditzaten.

EH Bilduren sintesiaren arabera, estatus politiko berriak «Euskal Botere Judiziala» aitortuko luke, eta berezko antolaketa edukiko, «egungo Justizia Administrazioaren deszentralizazio eredua gaindituta». Euskal Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia osatuko litzateke alor judizialaren gobernu gisa, eta Eusko Legebiltzarrak legez arautuko luke antolaketa hori. Espetxe politikak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esku leudeke, eta horiek Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailarekin eta Euskal Botere Judizialarekin elkarlanean garatuko lirateke.

Elkarrekin Podemosek, ordea, ez du uste «Botere Judiziala bera lurraldeka bereizi» daitekeenik, Espainiako Estatuari baitagokio eskumen hori. Hala ere, «ezerk ez du galarazten estatutuan Botere Judizialari buruzko atalak jasotzea, betiere estatuaren eskumenei buruzkoak ez badira», koalizioaren iritziz.

Eusko Legebiltzarreko eztabaidatik kanpo, espetxe eta Gizarte Segurantza eskumenak izan zituen hizpide atzo Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Gobernu kontseilu osteko agerraldian, esan zuen bi eskumen horiek Jaurlaritzaren esku gera daitezkeela indarrean dagoen legealdian, «borondate politikoa» baldin badago. Azaldu zuenez, telefonoz hitz egin zuen Meritxell Batet Espainiako Lurralde Administrazioko ministroarekin, eta gogorarazi zion 37 eskumen direla 1979ko estatutuan jaso baina oraindik Eusko Jaurlaritzaren esku ez daudenak.

Kritikak EAJri

Erkorekak azaldu zuenez, gobernu kontseiluan ez zuten «segundo bat ere» hartu igandean 175.000 lagunek osatutako giza kateaz hitz egiteko. Edozein gisaz, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak harridura adierazi zuen Jaurlaritzan bazkide duen EAJko buruzagi eta arduradun instituzional ugarik mobilizazioan parte hartu zutelako: «Euskal herritarren kezka nagusia ez da independentzia, ezta erabakitzeko eskubidea ere». Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean esan zuen «bakoitzak dagokion lekuan» egon behar duela kargu publiko batean dagoenean: «Guztiontzako gobernatzen duzu, eta guztiek ikusi behar dute beren burua identifikatuta zugan».

PPko Gipuzkoako presidente Borja Senper ere EAJren aurka mintzatu zen igandeko giza katearen harira. Salatu zuen EAJ eta EH Bildu «zuzenean Ibarretxe plan berri baterantz» doazela, «bere atal subiranista eta legez kanpokoenekin». Senperren hitzetan, «kate baten ordez, harresi bat eraikitzen ari dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.