jokin sagarzazu
ANALISIA

Aldaketa girorik ez Madrilen

2015eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Burgosko prozesua gogoratu zuen Pernando Barrenak auzitegiaren atarian, herenegun. Abenduaren 3a zen orduan ere, 1970. urtekoa. Kazetarien aurrean Sortuko kideak azpimarratu zuenez, mugarria izan zen auzi hura, kaleko mobilizazioetan bereziki, eta gerora etorriko ziren beste aldarrikapen eta aldaketa batzuentzat. Hura ez zen izan, baina, Frankismoko azken epaiketa politikoa, eta diktadorea hil ondoren ere pertsona asko eta asko epaituak eta zigortuak izan dira, antzeko arrazoiengatik, orain auzipetuak nabarmendu duenez.

Esaten da, hala behar duelako, zuzenbide estatu demokratikoetan ez direla ideiak juzgatzen. Baina Espainiako Estatuan gertatu da ideia berberak edo oso antzekoak aldarrikatzeko gauza berberak edo oso antzekoak egiten zituzten beste alderdi batzuetako kideak ez dituztela, kasu gehienetan behintzat, ez epaitu, ez zigortu. Iradokiz bezala onak eta txarrak daudela, direnak direlako zigortzen dituztela zigortzen dituztenak. Hori gertatu zen ezker abertzalea legezkoa izan zen garaian (1978-2003), eta legez kanporatzeak iraun zuen hurrengo urteetan (2003-2011). Berdin-berdin.

Orain, ezker abertzalea berriz legeztatuta ere, badirudi indarrean jarraitzen duela doktrina horrek. Epaiketa honekin auzitegiek badute aukera, beste behin, legez kanporatzeekin egin zuten moduan, ideien kriminalizazioa ere amaitzeko. Legeak ez luke oztopo izan behar horretarako. Interpretazio oso bat eraiki zuten bezala, deseraiki baitezakete. Eta horretarako baldintzak ere badaude, legalak barne. Borondate kontua litzateke. Judiziala, eta bereziki politikoa.

Baina zer den Espainiako demokrazia, hauteskundeak hasi diren egun berean, abiatu dela militante independentista batzuen aurkako beste epaiketa bat. Aldaketa girorik ez da nabari Madrilen. Baina oker ariko lirateke usteko balute ezker abertzalearen legeztatzeak ekarri edo ekarriko duela bere helburuen ukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.