Miren Harizmendi. Soziologoa

«Gatazka naturala da, egunerokoa»

Gatazkak kudeatzeko tresnak eman nahi dizkie Miren Harizmendik UEUko Iruñeko 'Zu irabazle, ni irabazle; gatazkak ikasgai bihurtuz' ikastaroan parte hartzen ari direnei. Ikasteko anitz dagoela uste du.
JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Edurne Elizondo -

2014ko uztailak 23
Jokoan diren interesen garrantziaren araberakoa da gizakien artean sortzen diren gatazken intentsitatea. Lagun, senide eta lankideen artean pizten direnak jorratzen ari da Miren Harizmendi soziologoa (Salamanca, Espainia, 1974) egunotan, Udako Euskal Unibertsitatearen Iruñeko Udako Ikastaroetan.

Gatazkak ikasgai bilakatzeko ikastaroa ematen ari zara. Gatazkarako joera dugu?

Gatazka naturala da. Elkarri kontra egiten dioten interesak daudenean azaltzen dira gatazkak. Normala da hori gertatzea, egunerokoa eta ohikoa da. Asko baikara, eta bakoitzak bere interes, gustu eta nahiak baititu.

Helburua edo gakoa, beraz, gatazka egoera horiei aurre nola egin, nola bideratu, ikastea da?

Bai. Kontuan hartu behar da gatazka egoera batek zer ekartzen digun. Talka egiten duten interesak ez badira oso premiazkoak, ez badira lehentasunezko kontu guretzat, egoera jasangarriagoa izango da. Zailagoa izango da, ordea, garrantzi handiagoko interesek edo gogoek talka egiten dutenean. Halako egoeretan ikasteko aukera gutxi izaten ohi dugu. Ez dugu egiten egoerari buruzko hausnarketarik. Jokamolde bat hautatu, eta horri eusten diogu. Ez dugu hortik harago jotzen. Eta kontua da, hain zuzen, halako egoerek ematen ahal dizkiguten irakaspenak baliatzea.

Pertsonen arteko gatazkak ari zara jorratzen UEUko ikastaroan. Hagitz ezberdinak dira familiako kideen artean, lagunen artean eta lan esparruan sor daitezkeen gatazkak?

Argi dago gatazkak modu ezberdinean agertzen direla familiaren esparruan eta lanekoan, adibidez. Oro har, talde batean egoteko gero eta interes handiagoa izan, orduan eta errazagoa izango da egokitzea, edo amore ematea. Lan esparruan, ohikoa da gatazka egoerak saihestea. Hori izaten da joera askotan. Ez hitz egitea.

Lan esparruan, pertsonen arteko botere harremanak badu zer ikustekorik gatazka saihesteko joera horrekin?

Bai, horrek duen eragina argia da. Nagusia, adibidez, autoritate irudi bat da esparru horretan. Baina hori beste arloetan ere gertatzen da. Familiako kideen artean ere, seme-alabentzat gurasoak dira haien lehenengo autoritate irudia. Badugu interesa talde horretako kide izateko, haren babesa izateko, eta, ondorioz, askotan, gatazka izan dezakegula onartzea ere zaila izaten da guretzat.

Eta gurasoen jarrera nolakoa izaten da seme-alabekin sor daitezkeen gatazken inguruan?

Oro har, kostatzen zaie berdintasun egoera batetik abiatzea. Gurasoen joera izaten da haiek esandakoa egin behar izatea seme-alabek, haiek esaten dutelako, bestelako arrazoirik eman gabe eta seme-alaben iritziak kontuan hartu gabe. Egia da, hala ere, gaur egun kontrako joera duen beste eredu bat ere badela. Beste eredu horrek seme-alaben iritzia gehiegi hartzen du kontuan, eta, ondorioz, gurasoen autoritatea baliogabetu egiten du.

Horrek badu lotura ikastetxeetan sortzen diren gatazkekin?

Bai. Irakasleen autoritatea ere baliogabetzen dute ikasleek hainbat kasutan. Garai batean, eskolan zigortzen zuten haurrak zigor bikoitza jasotzen zuen etxera ailegatzen zenean. Egun, oro har, kontrakoa gertatzen da. Haurra zigortu duen irakasleari kontuak eskatzera joaten dira gurasoak ikastetxera.

Eta hori egokia da?

Funtzionatzeko modu ezberdinak dira, eta bakoitzak baditu bere arriskuak. Erdibideko konponbidea bilatu behar dugu. Seme-alabei beti arrazoia ematea ez da egokia haientzat. Baina inoiz ez ematea ere ez.

Gatazka naturala dela diozu. Gatazkak konpontzeko gaitasuna, ordea, ez hainbertze?

Ikasteko asko dugu. Egiten dugun gauza bat da gatazka baztertzea, ez aipatzea. Horrela egiten dugu aurrera. Baina, asertibotasunetik abiatuta, aukera dugu egoera aztertzeko. Jakin behar dugu zer gertatzen zaigun, eta zergatik. Prozesu hori guztia ezagutu behar dugu, eta beste pertsonari helarazi, errespetuz eta hitz onez.

Komunikazioa, errespetua, enpatia aipatu dituzu gatazka konpontzeko tresna gisa.

Tresna horiek oso garrantzitsuak dira, baina bigarren fase batean erabiltzeko. Lehendabizi barne hausnarketa egin behar da: kontzientzia hartu, zer gertatzen ari den aztertu, argitu zer pentsatzen dudan, zer sentitzen dudan. Gatazkaren erruduna kanpoan bilatzen badugu, zaila izango da aurrera egitea. Eta geure burua jotzen badugu errudun ere, gauza bera. Guk sentitzen duguna argitu behar dugu, eta kontuan hartu mezua jasotzen duenak zer sentitzen duen ere.

Kritiko izatea, hala ere, garrantzitsua da?

Bai, zalantzarik gabe. Asertibotasuna da gakoa, laguntzen du pasibotasunaren eta oldarkortasunaren arteko erdibidea bilatzen. Norberaren tokia kontuan hartzea inportantea da, eta bestearena ere bai. Bakoitzak azaldu behar du non den eta zergatik, eta, hortik aurrera, akordioak lortu.

Pertsonen arteko gatazkez ari zara ikastaroan. Balio dute tresna horiek bertze esparru bateko gatazkentzat ere?

Ni Lokarrin ere aritzen naiz. Eta loturak badaude. Entzuteak duen garrantzia nabarmenduko nuke, adibidez. Bestea entzuteko prest egon behar dugu, ados ez egon arren. Iruñean egindako foro sozialaren bileran, Kristian Herbolzheimerrek gauza bat esan zuen, eta aipatu nahi nuke: bakea lortzeko, prest egon behar dugu gure erosotasunetik ateratzeko, esperimentatzeko, eta huts egiteko ere bai.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna