Martxoak 8: greba feminista

Haurdun daudenak ere kaleratu daitezke

Hego Euskal Herrian, haurdun dagoen emakume bat kaleratzea posible da lana erregulatzeko txosten kolektibo baten barruan kaleratzen bada eta arrazoi objektiboengatik hautatu badute. Europako legeak ez du baimentzen inor haurdunaldian kaleratzea, baina onartu berri dute bidezkoa dela Espainiako Langileen Estatutuak dakarren salbuespen hori.
BERRIA

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko martxoak 10
Haurdun dauden emakumeak lanetik kaleratu daitezke, betiere enpresak horretarako arrazoi ekonomikoak aurkezten baldin baditu. Baimenduta dago lana erregulatzeko espediente kolektibo bat aurkeztu eta txosten horretan haurdun dagoen langile bat sartzea, baldin eta kaleratuen artean egoteko arrazoi frogatuak baldin badaude. Hau da, ziurtatu baldin badaiteke emakume hori ez dela diskriminatua izan haurdun egoteagatik. Kasu horretan, emakumea lanik gabe geratu daiteke, Europako zuzentarauen arabera debekatuta egon arren haurdunaldian emakumeak kaleratzea.

Halako kasu bat gertatu zen 2013. urtean, Bankiak Katalunian duen bulego bateko behargin batekin. Zuzendaritzak kaleratze kolektibo baten parte egin zuen une horretan haurdun zegoen J. P. G. langilea. Hark Mataroko epaitegira eraman zuen auzia, bere kargugabetzeak haurdunaldiarekin zerikusia zuelakoan, baina epaileak enpresari eman zion arrazoia. Kaleratutako langileak helegitea aurkeztu zuen orduan, eta epaia Kataluniako Auzitegi Nagusira iritsi zen. Auziak beste urrats bat egin zuen auzitegi horrek Europako Batasuneko Justizia Epaitegiari galdera egin zionean: kasu honetan bidezkoa da haurdun egoteagatik kaleratua izatea? Duela bi aste jaso zuen erantzuna auzitegiak, eta baiezkoa eman zioten. Kasu horietan baimendu daiteke kaleratzea.

Kontuan hartu behar da Europako Batasunean ez dagoela baimenduta emakume bat lanetik botatzea haurdun dagoen bitartean, gaixo agiria duen garaian eta edoskitzaroan dagoenean. Babes neurri gisako bat da, haurdunaldian amaren eta haurraren osasuna bermatzeko. Espainiako legediak ere bere egiten du printzipio hori, baina horrek ez du esan nahi kasu jakin batzuetan kaleratzerik egin ezin daitekeenik. Arrazoi ekonomikoengatik enpresa batean kaleratzeak egongo badira, adibidez, aukera hori ematen du, betiere kaleratzeko arrazoiek irizpide objektiboak badituzte, hau da, kaleratzeko arrazoiak profesionalak baldin badira. Horregatik, bi lege horiek elkarren aurkakoak ote ziren jakin nahi zuen Kataluniako auzitegiak, zalantza hori Europara eraman zuenean. Eta Espainiako legedia zentzu horretan bidezkoa dela ebatzi dute Bruselan.

Epai horrek, ordea, ez du ezer berririk ekarriko, Ignacio Alboren ustez. Lan arloan espezializatuta dagoen Red Laboralista abokatu bulegoko bazkide eta zuzendaria da, eta ez da ezohikoa euren bulegoetara halako kasuak iristea. Alegia, Europatik etorritako erantzunak gaia hedabideen fokuen erdian jarri badu ere, halako kasuak aldian-aldian gertatzen direla dio. «Emakumeen egoera ez da hobetuko, bistakoa da hori, baina okertu ere, ez da okertuko». Lehenagotik gertatzen ziren halako kasuak berdin gertatuko baitira aurrerantzean ere: «Emakumeen eskubideen arloan ez du asko lagunduko epai horrek, hori egia da, Espainiako Langileen Estatutuak dioena babesten duelako, eta haurdun dauden emakumeen kasuan ez du behar besteko babesik eskaintzen legeak».

Iratxe Ordorika ELAko zerbitzu juridikoetako koordinatzailea da, eta berak ere ez du aldaketa handirik espero aurrerantzean: «Guretzat ez da gauza berria, lehenagotik ere gertatzen baita [haurdun dauden emakumeak kaleratzea]; kasu honetan ezberdintasuna zera da, Europak berretsi egin duela Espainiako tesia». Haurdun dauden emakumeen eskubideen aldetik babes falta sumatzen dio Espainiako legediari.

Aste honetan, haurdun dauden emakumeen zailtasunen beste adibide baten berri eman du ELAk. Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio sindikatuak auzitara eraman zuen auzi bati. Osakidetzako behin-behineko kontratazio poltsatik deitu zioten haurdun zegoen erizain bati, eta kontratatua egin ere egin zioten. Baina, haurdunaldia arriskutsua izaki, ezin izan zuen egun bakar batez ere lanik egin. Gizarte Segurantzak haren alta bertan behera utzi zuen, eta, horren eraginez, amatasun baimena galdu zuen. Auzitegi Gorenaren arabera, erabaki horrek haurdun dagoen emakumearen eskubideak urratzen ditu. ELAk Osakidetzari eskatu dio neurriak hartu ditzala haurdun dauden emakumeak kontratatu ahal izateko. Erakundeei legearen babes gehiago, hain zuzen.

Erakartze efektuaren beldur

Baina Europako epaiaren auziari dagokionez, Albo beldur da horrek ez ote duen enpresen artean «erakartze efektua» eragingo. Hau da, ikusita baimenduta dagoela haurdun dauden emakumeak kaleratzeko modu hori, egoera ekonomiko baten aitzakian enpresa batzuek aukera aprobetxatzea. «Europatik datorren epai batek arrazoia ematen die; beraz, halako erakartze efektu bat gerta daiteke, bai». Horretarako, ordea, kaleratzeen arrazoiak ondo justifikatu behar dira. «Pikareska handia egon ohi da enpresarien artean halako lan erregulazioak aurkeztean».

Ordorikak ez dio halako arriskurik ikusten epaiari. Izan ere, orain arteko legedia berresten duenez, enpresek bere horretan jarraituko dutela uste du: «Posible da erakartze efektua eragitea, baina aholkularitza ona daukaten enpresek bazekiten aukera hori bazegoela. Albistea irakurri duten askorentzat gauza berri bat izango da agian, baina guretzat egunerokoan txertatuta dago». Bi legelariek aipatu bezala, joera ez baita ezohikoa.

Prebentzio falta

Albori ez zaizkio ezohikoak egiten haurdun dauden emakumeen kaleratzeen kasuak: «Ez dira egunero iristen, baina aldian behin bai». Hala ere, enpresetan zeharkako beste neurri batzuk hartzen direla zehaztu du: «Epailearen aurrera ondo justifikatu gabeko kaleratze batekin iristea ez da ona enpresariarentzat; beraz, askotan langileak berak alde egin dezan saiatzen dira». Halakoetan, txanda aldatu, ordutegi ezegokiak ezarri, edo postua aldatzen diete haurdun dauden emakumeei, «nazkatzen direnean euren kabuz joan daitezen». Laneko jazarpen moduan izendatu ditu egoera horiek, baina horren aurka egitea zailagoa dela dio: «Jazarpen hori frogatu beharra dago, eta, askotan, hori izaten da zailena».

Baina haurdun geratutako emakumeen lanpostuak zergatik egon ohi dira enpresarien jo puntuan? «Lege aldetik Gizarte Segurantzak hartzen du bere gain emakume horren gaixo baimena eta ordaina», hasi da azaltzen Ordorika. «Baina gaixo agiria amaitutakoan eta berriz ere lanpostura itzultzen direnean, haurrak 12 urte eduki arte lanaldi murriztua hartzeko aukera daukate emakume horiek; enpresari askok ez dute gogoko hori, eta horregatik hartzen dituzte haien aurkako neurriak».

Hain zuzen, emakume horiek babestu ahal izateko neurriak hartu daitezela eskatu du sindikatuko zerbitzu juridikoetako arduradunak: «Zigor gogorragoak ezarri beharko lirateke, hasteko; gaur egun badaude, baina horiek baino gogorragoak beharko lirateke». Baina, horretaz gainera, aldarrikatu du haurdun dauden emakumeei prebentzio neurri zorrotzagoak ezarri behar zaizkiela. «Kaleratze ezegoki baten ondoren kalte ordainak eta lana berreskuratu ahal izatea bermatzen du legeak, baina hori ez da nahikoa». Izan ere, eragindako kalte ekonomikoa konpontzen baldin bada ere, «eragindako osasun kaltea ez da konpontzen». Haurdunaldian lanpostuaren egonkortasunarekin arazoak edukiz gero emakume horrek estresa eduki dezakeela dio, eta «osasun kalteak ezin dira diruarekin konpondu».

Lanpostua galdu ondoren osasuna leheneratzea konponketa bermea dela gaineratu du Ordorikak. «Hori baino gehiago, prebentzio bermeak behar dira». Hau da, kaleratze hori ez gauzatzeko bestelako neurri batzuk hartu behar direla esan du. «Kataluniako epaitegiak Europako auzitegiei galdera egin zienean, ez zien galdetu kaleratze hori egokia ote zen bakarrik; beste lau galdera ere bidali zizkien. Hirugarrenean, Kataluniako auzitegiak galdetzen du ea prebentzio aldetik zerbait gehiago egin beharko ote litzatekeen Europako zuzentarauak betetzeko». Galdera horri ere baiezkoa erantzun zion Europako auzitegiak, eta, horregatik, Ordorikak uste du hor jarri beharko dela arreta.

Osasunaren zuzentaraua

Haurdunaldian kaleratua izateko arrisku horrek Europako bi zuzentaraurekin egin dezake talka. Batetik, diskriminazioaren aurkakoa dago, hau da, sexu, arraza edo antzeko beste inongo arrazoirengatik ezin dela inor kaleratu. Besteak beste, ezta haurdun egoteagatik ere. Baina beste zuzentarau batean zehazten du haurdun dagoenaren osasuna eta segurtasuna bermatu behar dela. Eta galdera ildo horretatik egin zuen Kataluniako auzitegiak: ea kaleratze horrek azken zuzentarau hori urratu ote zezakeen. Baiezkoa erantzun ondoren, «ikusi beharko da Kataluniako Auzitegi Nagusiak nola erantzuten dion kasu jakin horri». Beste auzietarako aurrekari bat ezarri dezake, Ordorikaren arabera.

Auzitegi horrek erabakiko duenaren zain egon aurretik, Albok lege zorrotzagoak eskatu ditu haurdun daudenen eskubideak bermatzeko: «Legeak babes objektiboa eskaini beharko lieke emakume horiei; hau da, legeak esan dezala haurdun dagoen emakume bat ezin dela kaleratu, eta hor geratu dadila, salbuespenik gabe». Izan ere, uste du horrek enpresariei aukerak ematen dizkiela zirrikituak bilatzeko. «Emakumeen babesa handitu egingo luke, eta hori abiapuntu interesgarri bat da, Langileen Estatutuak ez duelako halakorik bermatzen; Europako zuzentarauak, ordea bai». Bide horretatik, haurdun dauden emakumeen lan eskubideak betetzea bermatuko zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna