Bere buruaz beste egin du 16 urteko mutil transexual batek, Ondarroan

Chrysallisek elkarretaratzea egingo du gaur, Ondarroako Udalak babestuta, gaztea gogoratzeko
Adingabe transexualen eskubideen aldeko elkarretaratzea, Donostian.
Adingabe transexualen eskubideen aldeko elkarretaratzea, Donostian. J.C.R / ARP

Jon Rejado -

2018ko otsailak 17
Ondarroako (Bizkaia) 16 urteko nerabe batek bere buruaz beste egin zuen ostegunean; mutil transexual bat zen. Atzo eman zuen ezbeharraren berri Chrysallis Euskal Herriak, transexualitate egoeran dauden haur eta nerabeen gurasoak biltzen dituen elkarteak. Mina agertu zuen, ohar batean: «Borroka hau gizarte osoak galdu du, eta Ekairi ezin dio inork bizitza itzuli».

Chrysallisek gogora ekarri ditu nerabeak bizi izan zituen «eguneroko borrokak». Batetik, erroldan izen aldaketa lortzeko prozesuan zegoen. Bestetik, hormona tratamendua jasotzearen zain zegoen, Gurutzetako ospitalean. Horrekin batera, Chrysallisek gaineratu du adingabeak eskatu zuela formakuntza saio bat egiteko bere institutuan, eskola komunitateak uler zezan haren errealitatea, eta, ondorioz, errespeta zezan; baina ikastetxean ez zuten halakorik egin. «Eguneroko borroka asko. Nerabe batentzat gehiegi, oraingoan», ondorioztatu du aipatu idatzian.

Halako ezbeharrik berriz gerta ez dadin lan egiten jarraitzeko beharra berretsi du Chrysallisek: «Direnak izatea behin eta berriro ukatzen zaien ume eta gazte horiengatik guztiengatik». Zenbait lan ildo xehatu ditu, izena aldatzeko edota hormona tratamendua jasotzeko zain dauden adingabeekin oroituta. Baina bidean sakontzeko ere eskatu du elkarteak. Batetik, lege bat galdegin du, eta, bestetik, gizartean lan egitea: «Aniztasuna ulertu eta onartzen duen gizarte informatu baten alde borrokatuko gara, neska-mutil hauek dituzten ahalmen guztiak garatzea ahalbidetuko duena».

Save the Children erakundeak ere gertaera gaitzetsi du, eta familiari babesa eskaini dio. Halaber, gaineratu du «adingabe transexualen sexu nortasuna bermatu» behar dela, baita diskriminatzen ez dituztela ere. Administrazio publikoek «babes berezia» eskaini behar dietela gaineratu du, hiru ardatzetan oinarrituta: tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza; buru ongizatea; eta adingabeen interes gorenaren errespetua. Eva Silvan Save the Children Euskadiko arduradunak lege bat eskatu du LGTBI komunitateko adingabeak babesteko eta euren iritziak aintzat hartzeko. «Bakardadeak, onarpen faltak eta eta bizi duten minak eraman ditzakete Ekaik hartutako erabakien antzekoetara».

Elkarretaratzea Ondarroan

Euskal Herriko Chrysallis elkarteak elkarretaratzea egingo du gaur 17:00etan, Ekai gogoratzeko eta haren senideei eta gertukoei babesa adierazteko. Ondarroako Musika plazan izango da. Udala ere elkarretaratzera batu da, eta herritarrei parte hartzeko eskatu die. Halaber, doluminak adierazi dizkio nerabearen sendiari, eta «eskubide guztiekin eta inolako diskriminaziorik gabeko» herri baten alde lan egiteko «jarrera irmoa» berretsi du. Hiru dolu egun ezarri ditu udalak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna