Eneko Bidegain. Mondragon Unibertsitateko irakaslea

«Elkarri bizkarra ematen ari gara»

Euskal lurraldeen eta herritarren arteko distantziaz eta hura txikitzeko neurriez gogoetatu du Bidegainek 'Lurraldea eta herria. Zazpiak bat. Atzo, gaur, bihar' liburuan. Orainaz ezkor, geroan du itxaropena.
ISABELLE MIQUELESTORENA

Jon O. Urain -

2018ko apirilak 3
Sarako Idazleen Biltzarrean izan da Eneko Bidegain kazetari eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea (Baiona, 1975). Lurraldea eta herria. Zazpiak bat. Atzo, gaur, bihar liburua aurkeztu du bertan. Zatiketa administratiboaren diagnostiko mardulaz harago, hura gainditzeko neurriak jaso ditu liburuan, «eztabaida irekitzeko».

Lurraldea eta herria. Nola ikusten dituzu bata eta bestea?

Lotuta erabat. Lurralde batean egituratzen da jende talde bat, eta jende talde horrek hartzen du identitate kolektibo bat, kultura bat. Azkenean, munduko lurra jende taldeka egituratzen da; horiek herriak osatzen dituzte, eta herri batek bere lurraldea dauka. Herri batek gal dezake bere lurralde zati bat, edo osoa, ondoko herri batek okupatzen duenean. Munduan zehar, estatuak horrela sortu, handitu, txikitu eta desagertu dira azken mendeetan.

Zein da liburuaren tesi nagusia?

Kezka nagusia da Euskal Herriaren lurralde batasunaren egoera. Aztertu nahi izan dut nola izan den herri batu bat historian zehar, nola galdu duen batasun hori eta zeintzuk izan diren erresistentziak Euskal Herriaren askatasunaren aldeko mugimenduan. Bestetik, gaur egungo egoeraren irakurketa bat egin dut: azken urteetan, distantziak handitzen ari dira antolaketa administratibo baten edo bestearen mende dauden zatien artean.

Nola gertatu da hori?

Hori ilustratzen duten hainbat egoera aipatu ditut; adibideak milaka daude. Asmoa ez zen gure lurralde zatiketaren arazoen entziklopedia bat egitea, baina bai sentsibilizatzea zer arazo sortzen zaizkigun eguneroko bizitzan. Bukatzeko, zer egin batuago izan gaitezen. Helburua ez da proiektu politiko bat egitea, baizik eta pista batzuk ematea, eztabaida irekitzeko. Herri honek aurrera egingo badu, egingo du bere lurraldearen kontzientzia edukita eta horren arabera jokatuta. Azkenaldiko egitura administratiboaren ondorioz, elkarri bizkarra ematen ari gara. Nire ustez, bizkar emate horrek herri proiektua bera ahultzen du. Herri kontzientzia galarazten digun egoera bat da, eta herri kontzientzia galtzen duen herri bat nekez sar daiteke askapen prozesu batean.

Ataletako batean «hiru errealitateen tranpaz» mintzo zara.

Ez dakit Euskal Herrian badiren hiru errealitate edo hamaika, eta ez dakit errealitateak diren antolaketa administratiboaren araberakoak. Ez dut uste Goizuetak [Nafarroa] eta Barakaldok [Bizkaia] ez dutenik errealitate bera, eta aldiz Goizuetak eta Segurak [Gipuzkoa] bai. Gure errealitate linguistikoak eta sozialak ez daude egituratuta muga administratiboen arabera, beraz, hiru errealitate daudela esatea hanka sartzea iruditzen zait. Beharbada badaude hiru, lau edo bost errealitate, baina ez antolatuta mapa administratiboaren arabera. Mapa administratiboak ez du islatzen errealitateen mapa.

Kontzientzia aipatu duzu. Hura indartuta gainditzen da zatiketa, edo zatiketa gaindituta indartzen da kontzientzia?

Zatiketa administratiboaren arabera funtzionatzeak areagotzen du kontzientziaren galera. Adibide gisa, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren arteko banaketa. 40 urteko ibilbidean, ideologikoki irabazi dute Nafarroa eta EAE zatituta ikusi nahi dituztenek. Alde horretatik asko galdu dugu Euskal Herria bat dela pentsatzen dugunok. Mapa instituzionaletik abiatutako eskemek areagotzen dute zatiketa administratibo hori, eta, beraz, herri bakarra garelako kontzientzia hori ahultzen dute. Nola eman buelta? Eguneroko lanetik; ez hainbeste politika instituzionaletik. Herrigintzatik berraktibatu behar dira garai batez egon ziren harreman kulturalak, herri mugimenduen artekoak, lagun artekoak, kirol arlokoak... hortik aktibatu daiteke herri kontzientzia.

Mugaren zatiketa gainditzeko neurri ugari proposatzen dituzu. Batzuk aipatzerik?

Adibide zehatzak ematen ditut; batzuk zailagoak diruditenak, beste batzuk antolaketa pixka batekin egin daitezkeenak... desaktibatu beharko litzateke, edo alternatiba bat sortu, estatistiken arazoari. Estatistiken espekulazio bat dago azken urteetan; nire ustez, ez da inoiz egon azken urteetan bezainbat estatistika. Erakundeek erabiltzen dituzte beren interesen arabera, baina estatistikek antolaketa administratibo baten argazkia egiten dute. Gaur egun, komunikabideetan erraza da horiek ematea, asko iristen baitira, baina horiek ematean, Euskal Herriaren mapa faltsu bat elikatzen dugu egunero-egunero. Azken hamabost urteetan, gure lurralde mapa itxuraldatu da. Ez da bilakaera instituzional baten beharrik Euskal Herria aintzat hartzen duten sektoreek horri buelta emateko. Antolatuko balitz estatistika etxe bat, nazionala, erakundeek, komunikabideek eta denek elkarrekin lan eginez...

Kezka bat aipatu duzu abiapuntu gisa. Etorkizunari begira, baikor zara?

Gaur egungo egoeraren irakurketa ezkorra egiten dut, baina etorkizunera begira badaukat itxaropena. Herri honek badu potentzial handia bere hizkuntzaren, kulturaren eta elkar ezagutzearen alde egiteko. Ez zait hain zaila iruditzen Euskal Herri guztiak elkarrekin gauzak egitea. Lapurdin ahul dagoela euskal kontzientzia? Ahulagoa izango da harremanik ez badu gipuzkoarrekin, nafarrekin, bizkaitarrekin edo arabarrekin. Eta alderantziz; harremana egunerokoa eta naturala balitz, herri kontzientzia ere handituko litzateke, hizkuntza ere beharrezkoago izango litzatekeelako. Badago potentziala, baina aktibatu beharra dago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna