Pablo Iglesias, isilik foru bozetako formulaz

2015eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Podemosen Espainiako zuzendaritzak ez dirudi EAEko foru hauteskundeez hitz egiteko gogo handirik duenik. Kasurako, atzo Pablo Iglesias idazkari nagusiak Europako Parlamentuan hedabideen aurrean gai batzuez adierazpen batzuk egin zituen, eta bukaeran ETBko kazetariak EAEko foru bozei buruz galdetu zionean, buelta eman eta alde egin zuen, deus esan gabe.

BERRIAk dakienez, EAEko Podemos Ahal Dugu-ko zuzendaritzak maiatzaren 24an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru hauteskundeetan alderdiaren izenarekin aurkeztu nahi du, baina zuzendaritza nagusiaren balekorik ez dauka, gaur egun behintzat. Roberto Uriarte Ahal Dugu-ko idazkari nagusiakBerria.eus-i esan dio erabakia «pixka bat atzeratu» egin dutela. Podemos estatuko erkidegoetako hauteskundeetara alderdiaren markarekin joango da —Nafarroan, adibidez—, eta zerrenburu gisa aurkezteko primarioen epea gaurtik igandera arte zehaztua du. Ondorioz, denbora kontuagatik, EAEko ahaldungai nagusiei dagokienez, barne egutegian salbuespen bat egin beharko luke.

Zuzendaritzaren joan den azaroaren 29ko dokumentu batek dio aukera ontzat ikusten duela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako bozetara hautesle elkarteen bitartez aurkeztea eta, ofizialki bederen, ez du jarrera aldatu. Uste du elkarteena formula interesgarria dela herrialdeko instituzioetan parte hartzeko. Txostenean «bereziki» aitortu zuen «baliabideak kudeatzeko gaitasunik handiena» duten erakundeen eremuen kasuan dela hori bultzatzeko modukoa: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru eremuen eta Kanaria uharteetako kabildoen kasuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.