Tximeleta. Hamahiru urtez hezkuntza berri baten bila

2015eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Tximeletan, umeak oso lanpetuta daude beti. Umeek naturalki jolastu nahi dutelako, eta euren jolasa ikastea da», azaldu du Santiago Gonzalez Tximeleta eskolako guraso eta irakasle ohiak. Duela hamahiru urte, guraso talde batek jarri zuen martxan eskola hori Berriozarren (Nafarroa). Umeek euren kabuz ikasten dute han. Irakasleek, berriz, ikasketak garatzeko baliabideak baino ez dituzte eskaintzen.

Egun, 3 eta 12 urte arteko 31 ikasle ari dira bertan. Bi talde handitan banatzen dituzte, Haur Hezkuntzaren eta Lehen Hezkuntzakoren antzera. Hala ere, umeak libre dira alde batetik bestera joateko. Urteak pasatu ahala, gero eta denbora gehiago ematen dute nagusien txokoan, eta aldaketa modu naturalean gertatzen da. Bigarren Hezkuntzan, institutu arruntetara joaten dira Tximeletako ikasleak. Une hori heltzear dagoela, eredu aldaketarako prestatzen dituzte, alde nabaria baitago batetik bestera. Hala ere, Gonzalezek dio orokorrean nahiko emaitza onak lortzen dituztela institutuetan.

Haur hezkuntzako umeek «jolas librea» egiten dute. Hau da, umeek jolasarekin ikasten dute, euren kabuz. Zerbaitekin aspertzen direnean, beste jolas batekin hasten dira, gauza berriak ikasteko. «Horrela, euren erritmoa hartzen dute, eta unean-uneanerabakitzen dute ikasteko zer behar duten», azaldu du Gonzalezek. Lehenengo urteetan, haurrei sostengua ematea da irakasleen lana. «Ume txikiak mundua ezagutzera joaten dira. Baina batzuetan helduen besoetan egotea behar dute, indarra hartzeko».

Lehen hezkuntzako umeek ikasketa sakonagoak eta estrukturalagoak egiten dituzte. Haurrak euren kabuz antolatzen dira. Norbaitek zerbait lantzeko interesa baldin badu, taldea sortu behar du. Behin hori lortuta, heldu batekin gaia lantzen hasten dira. Taldeen iraupena lanaren araberakoa da. «Umeek zerbait zehatza ikasi nahi baldin badute, astebete iraun dezake proiektuak. Baina zerbait zabalagoa baldin bada, adibidez ingelesa, ikasturte osoa irauten du taldeak». Normalean, oso lanpetuta ibiltzen dira Tximeletako umeak, eta ardurak izaten ikasten dute. «Lan bat adosten denean, umeek konpromisoa hartzen dute, eta bete egiten dute».

Irakurketari dagokionez, Gonzalezek dio umeak gai direla euren kabuz ikasteko. «Bakoitzak bere erritmoan ikasten du, poliki- poliki. Hezkuntza arruntean, berriz, epe batzuk bete behar dira, eta beharbada ume guztiek ez dute erritmo berean ikasten».

Hizkuntza ofizialik ez badute ere, gaztelania da nagusia Tximeletan. «Hala ere, irakasle euskaldunak daude Tximeletan, eta ume euskaldunekin euskaraz egiten dute». Gurasoek kudeatzen dute eskola. Eurek egiten dituzte, besteak beste, kontuak, jantokiko lanak eta ikastaroak. «Tximeletan guztiok ikasten dugu». Batzordeetan antolatzen dira, eta bakoitzak baditu bere egitekoak. Familiak eskolaz arduratzea Tximeletaren indarguneetako bat da, Gonzalezen ustez. «Modu horretan umeak ez du eskola familiatik kanpoko zerbait bezala ikusten».

Tximeletan erabakiak batzarrean hartzen dituzte. Guztiek parte hartzen dute, heldu zein haur. «Umeek ados jartzen ikasten dute, argudioak ematen, eta besteen iritziak errespetatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.